Olinpiar Jokoak mundu mailako kirol agerraldi nagusia dira, lau urterik behin begi guztiak bertan lehiatzen diren kirolariei begira pausatzen dituztenak. Lehen aldiz, Hegoamerikako herrialde bati egokitu zaio horien antolaketa oraingoan, Brasilgo hiririk entzutetsuenetakoari, Riori hain zuzen. Eta hasierako ekitaldi ikusgarri baten ostean, kontinente guztietako ehunka kirolari ari dira bertan, maila puntakoena eskaintzen eta hainbat errekor hausten.
Ezaguna denez, bi motako Olinpiar Jokoak daude, negukoak eta udakoak, lehen urtaro horri dagozkienak bereiztu guran. Bigarrenak dira oihartzun handienekoak, kirol eskaintza askoz zabalagoa delako. Aro modernoko Jokoek Kristo aurreko VIII. mendekoak hartu zituzten abiapuntutzat, aintzinako greziarrek Olinpiako hirian 776-393 urte bitartean egin zituztenak. XIX. mendean hartu nahi izan zieten lekukoa aspaldiko Joko haiei eta, azkenean, Pierre Frèdy Coubertin-go baroiaren ekarpenari esker lortu zen, honek sortu baitzuen 1894an Nazioarteko Batzorde Olinpikoa (CIO). Aurrerakoan erakunde honi egokitu zaio Mugimendu Olinpikoaren koordinatzaile izatea, bere egitura eta agintaritza Karta Olinpikoaren arabera zehaztuta.
Aro modernoko lehen Olinpiar Jokoak Atenasen egin ziren, aurrekari izandako haien omenez, 1896an. Ordutik aurrera lau urtero egin dira, 1916an, 1940an eta 1944an izan ezik, Lehen eta Bigarren Mundu Gerren eraginez. Estraineko edizioan 14 herrialdeko 241 atleta aritu ziren, 9 kirol ezberdineko 43 modalitatetan. Arrakasta betea lortu zuen ekimenak eta beti Greziako hiriburuan egin zitezen eskatu zuenik egon arren, lau urtero munduko hiri ezberdin batean egitea erabaki zuen CIOk. Neguko Jokoak Frantziako Chamonix-en egin ziren lehenengo aldiz 1924an.
Atenasen ostean Paris etorri zen 1900ean, eta Estatu Batuetako Saint Louis 1904ean, hiri bietan egindako Erakusketa Unibertsalen itzalpean. Frantziako hiriburuko edizioan emakumeek lehendabizikoz parte hartzea izan zen gertakari garrantzitsuena; eta hurrengoan, aldiz, atleta kopurua 650era heltzea, nahiz eta 580 herrialde antolatzailekoak izan. Ostean etorri ziren Londres (1908), Estokolmo (1912), Anberes (1920), Paris (1924), Amsterdam (1928), Los Angeles (1932), Berlin (1936), Helsinki (1940), Londres (1948), Helsinki (1952), Melbourne (1956), Erroma (1960), Tokio (1964), Mexiko Hiria (1968), Munich (1972), Montreal (1976), Mosku (1980), Los Angeles (1984), Seul (1988), Bartzelona (1992), Atlanta (1996), Sidney (2000), Atenas (2004), Pekin (2008) eta Londres (2012). Riokoen ondoren, 2020koak Tokion egingo dira berriz, mende erdi luze lehenago bezala.
Olinpiar sinbolo ezagunena eraztunak dira, elkarri lotutako bost eraztunak. Bost kontinenteen batasuna islatzen dute, fondo zuriaren gainean jarritako kolore urdin, hori, beltz, berde eta gorriko eraztunen bitartez. Kolore horiek aukeratu ziren sasoi hartako bandera nazionalek gutxienez horietako bat zutelako. 1914an hartu zuten Mugimendu Olinpikoaren ikur modura, eta Anberesen erabili zen lehen aldiz 1920an. Jokoen espiritua Coubertin-go baroiaren hitzotan dago jasota: "Olinpiar Jokoetan garrantzitsuena ez da irabaztea parte hartzea baizik, bizitzan garrantzitsuena garaipena barik borroka den moduan. Funtsezkoena ez da irabazi izana ondo lehiatu izana baizik".
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.