Irailaren 25ean Euskal Autonomia Erkidegoan egitekoak diren hauteskundeetarako egutegia prest dago jada. Alderdiek abuztuaren 17tik aurkez ditzakete hautagai zerrendak eta, hala, boz horietan parte hartu nahi duten alderdi, federazio, koalizio zein hautesle-elkarteek abuztuaren 22ra bitartean eraman beharko dute dagokien dokumentazioa hiru lurraldeetako Hauteskunde Batzordeetara. Ondoren, hautagaien zerrendak hilaren 24ean ezagutaraziko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta edozein akats edo irregulartasun zuzendu ostean, Batzordeek abuztuaren 29an finkatuko dituzte hautagai zerrenda ofizialak.
Zerrenda hogeita bost hauteslek osatuko dute lurraldeetako bakoitzean, eta horiei hiru eta bost ordezko artean gehitu beharko zaizkie. Halaber, horietako kideen %50 gutxienez emakumezkoak izan beharko dira eta, berdintasunari buruzko 2005eko legeari jarraiki, baldintza horiek betetzen dituzten zerrendak baino ez dira ontzat emango. Zehatz, proportzio hori saihestezina izango da hautagaien eta ordezkoen zerrendaren osotasunean eta sei gizonezkoko tarte bakoitzean.
Aldi berean, @Hauteskundeak Twitter-eko kontuan izena emateko aukera ere badago herritar ororentzat, horren bitartez ia denbora errealean jasoko baitira hauteskunde prozesuarekin zerikusia duten albiste guztiak, eta 012 hauteskunde telefonoa ezagutzera emango da, bertan kontsulta pertsonalizatuak egin nahi dituztenentzat.
Posta bidez bozkatu nahi dutenek eurek egin behar dute eskaera zuzenean. Horretarako eskaera-inprimakia bete eta sinatu behar dute, Espainiako Postetxe guztietan dagoena. Eskabidea interneten eskuratu eta betetzeko aukera ere badago, gero Correos-eko edozein bulegotan aurkezteko. Behin bertaratuta, inprimakia bete eta sinatu ondoren, funtzionarioak eskaera egiten duenari Nortasun Agiri Nazionalaren dokumentua erakusteko eskatuko dio, eta sinadurak bat ote datozen egiaztatuko du. Agiriaren fotokopia ez da onartzen honelakoetan.
Botoa posta bidez emateko eskaera abuztuaren 2tik irailaren 15era bitartean egin daiteke. Ostean, dagokion Haustesle Erroldaren Bulegoaren Ordezkaritzak irailaren 5etik 18ra posta ziurtatu bidez bidaliko dizkie eskaera egin dutenei botoa eman ahal izateko agiri guztiak. Bozkatzeko eskaeran zehaztutako helbidera bidaliko dira, edo hori zehaztu ezean, erroldan jasotakora.
Igorritako dokumentazioa honako hau izango da: hauteskunde erroldako inskripzio-ziurtagiria, botoa hartu behar duen mahaiari zuzendutako gutunazala, 'Eusko Legebiltzarreko Hauteskundeak 2016 Elecciones al Parlamento Vasco' menbretedun gutunazala —bertan sartu beharko baita aukeratutako alderdiaren papera—, Eusko Legebiltzarra osatzeko ontzat emandako hautagai zerrenda bakoitzeko paper bat; eta jarraibideak ahalik eta zehatzen azaltzeko orria.
Agiriok jasotakoan, eta aukeratutako botoa dagokion gutunazalean sartutakoan, azken hau itxi eta hauteskunde mahaiburuari zuzenduta dagoen gutunazalean sartu beharko dira hauteskunde erroldako inskripzio ziurtagiria zein bozkatzeko gutunazala. Hauteskunde mahaiburuari zuzendutako gutunazal hori bidaltzeko azken eguna irailaren 21a da. Ez dago frankeatu beharrik baina presako posta ziurtatu bidez bidaltzea nahitaezkoa da.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.