Bilboko Aste Nagusia bereziki kutuna da jaizaleentzat, Euskal Herrian direnen arteko ospakizun garrantzitsuenetakoa denez gero. Hil honen 20tik 28ra Bizkaiko hiriburua milaka lagunez beteko da, ondo pasatzeko gogoak bultzatuta. Udala 9an hasiko da 100.000 jai-egitarau Bilboko etxeetan banatzen, horietako bakoitzean bat izan dezaten. Horrez gain, beste 40.000 izango dituzte eskura bilbotarrek zenbait gunetan. Eta gutxi balitz, atzerritik datozenak kontuan hartuz, 10.000 egitarau argitaratu dira ingelesez eta frantsesez bosgarren urtez. Teknologia berriak nahiago dituztenek ere ez dute aitzakiarik izango, mugikorretarako aplikazioa deskargatzeko aukera izango delako.
Dagoeneko dena dago prest Aste Nagusiari harrera egiteko, Marijaiari ongi etorria emateko. Aurten jaiek aparteko ezaugarri bat izango dute, Udalak jaietako eraso sexisten aurka abian jarri duen kanpaina dela eta. Borroka hori urte osokoa eta urte guztietakoa da, jakina, baina oraingoan Marijaiaren irudia baliatuta gaitzespen argiko goiburudun —'EZ beti da EZ'— kartelak banatuko dira. Udaletik nabarmendu dutenez, "jai libreak eta berdintasunezkoak izateko errespetua behar-beherrezkoa da".
Ohikoan, musika eta mota guztietako ekitaldiak bilduko ditu Aste Nagusiak. Baieztatu diren kontzertuen artean Ainhoa Arteta BOSekin, Urko Bilboko udal bandarekin, Paula Rojo eta Eyes of Providence, Victor Magán eta Urban Kaoshy-Megastar DJak daude. Baina askoz gehiago ere badago: Ken Zazpi, Carlos Baute, Izal, Edurne, Mago de Oz eta Calum, adibidez. Edo-ta Gente de Zona eta Bunbury.
Herri kirolek eta euskal folkloreko gainerako agerraldiek ere aparteko lekua izaten dute Bilboko jaietan. Aurten, esaterako, mota honetako ehun ekitaldi baino gehiago prestatu ditu Udalak. Horien artekoak dira bilbainadak, euskal dantzak, erraldoiak eta buruhandiak, herri kirol erakusketak eta pilota lehiaketak. Larrain Dantzak, urtero jantzi tradizionalez apaindutako bilbotar gehiago biltzen dituenak, garrantzi berezia izango du oraingoan. Ohikoa denez, Areatzak eta Alde Zaharrak euskal folklore eta kulturaren adierazpide ezberdinak hartuko dituzte, horien artean bertsolariak Santiago plazan eguerdiko 13:00etan, txistulariak 10:00etan edo-ta euskal dantzak Plaza Barrian egunero 19:00etan.
Umeentzat leku berezia dago Aste Nagusian, eta erraldoien eta buruhandien desfilearekin gozatu ahal izango dute. Hauek ikusgai izango dira, gainera, Euskal Museoan eta doan egin ahal izango zaie bisita. Kirolari dagokionez, Bilboko XXXVIII. estropadak aipatu behar dira, zale ugari biltzen dituztelako.
Aurtengo pregoilaria Patxo Telleria aktorea izango da, Bilboko Udalak eta Jai Batzordeak aho batez erabaki zutenez. Hala, omenaldia egin nahi zaio Bilboko aktore, zinema zuzendari, gidoilari, dramagile eta antzerkigile honi. Telleria 80. hamarkadaren erdialdian hasi zen antzerki eta telebistako aktore legez, eta geroztik hamaikatxo gauza egindakoa da.
Argi dago, beraz, Bilboko Aste Nagusian ez dagoela bikain ez pasatzeko modurik, egitaraua ezin osatuagoa delako, doaneko ekitaldiz jositakoa. Elkarreganako errespetuaren muga bakarrarekin, algara hiri osora heltzear dago.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.