Eusko Jaurlaritzak Interneten abiatutako Basque Global Network (BGN) deritzan gizarte-sarea aurkeztu berri du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez. Horren helburua kanpoko euskal komunitateko kideak, nazioartean ezagunak diren euskal herritarrak eta euskal gaiekin lotuta dauden pertsonak bertan integratzea da. Sareak egun batzuk daramatza martxan eta dagoeneko berrehundik gora kide ditu, gutxienez mundu osoko 20 herrialdetan bizi direnak.
Euskaditik at dauden euskal herritarrak, edo euskal gaiekin zerikusia dutenak, oso profil ezberdinetakoak dira. Hala, komunitate horretan, besteak beste, ekonomiaren, kulturaren, erakundeen edo hezkuntzaren arloetan diharduten pertsonak daude, eta elkarrekin partekatzen duten ezaugarri nagusia bertokoak izatea da. Ondorioz, Euskadiko gaurkotasunarekin lotutako sare hau hainbati zuzendua dago: jatorriz euskaldunak diren eta Euskaditik kanpora bizi diren pertsonei; nazioarteko proiekzioa duten euskal herritarrei; euskal etxeekin lotura dutenei; nazioarteko beste euskal sare birtual batzuetako kideei; eta baita euskal gaiekin kidetasuna duten guztiei ere.
Plataforma berriaren hizkuntzak euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa izango dira, nahiz eta ez dagoen beste hizkuntza batzuk erabiltzeko inolako mugarik. BGN-en bost gai edo azpisare egongo dira erabiltzaileen esku: instituzionala, enpresariala, kulturala, hezkuntzakoa eta garapenerako lankidetzarakoa. Jaurlaritzaren esanetan, arlo hauek euskal komunitateak gaur egun nazioarteko esparruan garatzen dituen lan-ildoei dagozkie. Sarean parte hartzeko identifikazio pertsonalarekin egin beharko da eskaera, eta bertaratzen diren guztiak bost ildo horietako bati lotuko zaizkio.
Hortik aurrera, sare global honetako kideek harremanetarako sareak edo interes komunen araberako taldeak eratu ahal izango dituzte, batetik; eta ekitaldiak, egutegiak edo dokumentuak kudeatu eta partekatu ahal izango dituzte, bestetik. Hala, sare hau erabiltzen duten pertsonak ideiak eta ezagutza eskainiko dituzten eragile bihur daitezen gura da, eta guztien arteko loturak sortzea elkarren onerako, interes partekatuen sare batean. Pribatutasuna Interneten dagoen edozeren funtsezko ezaugarri izan behar denez gero, erabiltzaile bakoitzak nahi duen maila aukeratu ahal izango du.
Nazioartekotzeko Esparru Estrategia 2020 izenekoak Basque Country proiektuaren izaera irekia nabarmentzen du, eta marka horrek bere baitan batzen ditu Euskadi, Euskal Herria, País Vasco eta kanpoko euskal komunitatea. Tresna berri honekin bi kontzeptuok elkarrekin biltzen dira, 'basque' eta 'globala'. Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Estatistika Institutu Nazionalaren arabera gaur egun 84.300 euskaldun daude mundu osoan banatuta. Gainera, 34.000 pertsona inguru mundu osoko 25 herrialdetan ezarrita dauden 190 euskal etxeei eta federazioei atxikita daude. Hortik gora, mundu osoan banatuta, jatorriz euskaldunak diren eta euskal gaiekin kidetasuna duten milioika pertsona dabiltza. Horri erantzun nahi dio Jaurlaritzak abiatu berri duen egitasmoak, gaur egungo mundu globalean Interneten bidezko harremana oinarrizkoa baita, eta hainbat sinergia batuta euskal interesen alde askoz eraginkorrago joka daitekeelako.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.