Irailaren 1etik foku halogenoen salmenta debekatuta dago, Europako Batasunaren aginduz. Neurri zorrotz horren helburua teknologia eraginkorragoak garatzea da, batik bat LEDak. Dena den debekuak zenbait fokuren halogenoei eragiten die, ez guztiei. Etxeetan jartzen direnak, esaterako, 2018ra arte egongo dira salgai; eta dendek bestelakoetarako jada badituztenak saldu ahal izango dituzte, baina ez berriak erosi. Argiztapeneko Fabrikatzaileen Espainiar Elkartearen arabera, lanpara halogenoei merkatuan saltzen direnen %10etik behera dagokie, 2010etik aurrera produktu eraginkorragoen alde egindako apustuaren ostean, lehenengo kontsumo txikiko bonbilei eta oraintsuago LEDei emandako bultzadari esker.
Izan ere, LED teknologiadunek fakturazio osoaren erdia baino gehiago lortzen dute dagoeneko Espainian, eta iaz argiztapeneko produktu mota guztiak 1.280 milioi eurotan gainditu zituzten. Beraz, sektorean dihardutenek normaltasunez hartu dute debekua eta ez dute arazorik aurreikusten Europako Batzordeak ezarritako epeak betetzeko.
Debekua argiztapen halogeno guztiaren 2018ko amaieraren lehen urratsa da, eta 2012an Europako Batasunak bonbila gorien salmenta eragotzi ostean heldu da. Bertako agintarien aburuz, LED lanparen ezaugarri hobeak lehenetsi behar dira, bai kalitatean zein eraginkortasun energetikoan eta iraupenean.
Neurri sorta guzti hau 2009an hasi zen indarrean jartzen, eta bere helburua eraginkortasun energetiko handiagoa lortzea da. Hala, zentral termikoetan elektrizitatea sortzeko erregai fosilen (petrolioa, gasa eta ikatza) erreketa txikiagoa eskatzen duten produktuak hobestea da asmoa, horiek negutegi efektuko gasen isurketarekin eta aldaketa klimatikoarekin lotu ostean. Honela, gainera, Europako Batasunetik kanpoko erregai fosilen inportaziorako beharra gutxitu gura da, horniduraren bermea handitzearekin batera.
Europako Batasunaren arabera, argiztapen eraginkorragoak erabiltzaileei 115 euroko batazbestekoa aurrezteko aukera emango die belaunaldi berriko bonbilen erabilgarritasun epean eta, aldi berean, Portugalek urtero elektrizitatean kontsumitzen duen parekoa aurreztuko da kide diren herrialdeetan. Aurreikuspen guztiak ez dira hain baikorrak, baina. Izan ere, Bruselaren ustez saihestezina da halogenoak fabrikatzeko Europa osoko enpresetan 6.800 lanpostu galtzea. Dena den, 2018a baino lehen kaltetutakoak bestelako produkzio lerroetara bidera ditzaten espero dute sektoreko adituek.
2015eko apirilean behar horri eutsi zion Europako Batzordeak, sektoreak eskatuta bestelako lanpara halogenoen gaineko 2018ra arteko atzerapena ontzat emateko. Argiztapeneko Fabrikatzaileen Elkarteak 87 fabrikatzaile biltzen ditu, urtero 1.300 milioi euro inguruko fakturazioa dutenak. Sektore garrantzitsua da, beraz, are gehiago egungo egoera ekonomikoan.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.