Bizkaiko Foru Aldundiak hamaikatxo ekitaldi prestatu ditu udan zehar bere museoetan, aretoetan eta ondare-tokietan abiatzeko. Era guztietako jendearentzat pentsatu eta prestatutako eskaintza zabala eta askotarikoa da. Tartean dira, esaterako, bisitaldi gidatuak, erakusketak, kontzertuak, umeentzako tailerrak edo-ta erakusketaldiak. Horietako zenbait, gainera, Petronor-etik oso gertukoak dira. Muñatonestarren gazteluan, irailaren 13ra arte, bisitaldi gidatuak egingo dira igandero, 11:00etan eta 12:30etan. Txikienek Bizkaiko ondarearen benetako bitxi hau ezagutzeko aukera izango dute 'Gaztelutxiki' deritzan tailerraren bidez, astearteetatik ostiralera ekainean eta uztailean, 10:00-14:00 eta 16:00-19:00etan.
El Pobaleko Burdinola bisitatu beharreko beste lekuetakoa da, Muskizko gune ederra. Bisitaldi gidatuak egunero eskaintzen dira bertan, 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan. Irina ehotzeko errota eta tresneriaren atal bat izango dira ikusgai. Gainera, larunbatero 12:00etan instalazio guztiak abian jartzearen erakusketa egingo da, eta sutegian burdina nola lantzen den erakutsi. Beste alde batetik, La Encartada Fabrika-Museoak udako tailer asko eskainiko ditu umeentzat eta familientzat. Horietakoak dira 'Txiki-telares', 'Conoce nuestros árboles', 'La oveja y la lana', 'Marca-páginas', 'Recicla y cultiva' eta 'Gyncana'. 10 pertsonatik gorako taldeentzat dira, abuztuaren 12ra arte astegunetan egitekoak.
Foru Aldundiaren bultzadari esker, ez da zer ikusi faltako lurralde osoan. Bilbon dagoen Arkeologi Museoan uztailean eta abuztuan era askotako jarduerak egingo dira. Batetik, 'Museoa aztarnaz aztarna' programaren barruan Museoak Obispoetxeko hilarria erakutsiko du, Galdakaon dagoena. Bisitaldi gidatu monografikoak prestatu dira larunbatetan 13:15eatn eta 18:15etan eta igandeetan 13:15etan. Gainera, abuztuaren 21era arte 'Leizetako artea, arte garaikidea' aldi baterako erakusketa bisitatu ahal izango da. Bisitaldi gidatuak astearteetan eta ostiraletan egingo dira, 18:15etan, eta baita larunbatetan ere, 12:00etan. Horiek ez ezik, Maximina Espesok gidatutako bisitaldi berezia egingo da abuztuaren 5eko 18:15etan. Gutxi balitz, abuztuaren 8tik 12ra arte eta abuztuaren 29tik irailaren 2ra arte, Museoak 6-12 urte bitarteko umeentzako 'Arkeouda' izeneko hezkuntza-tailer batzuk antolatu ditu, 9:30ak eta 13:30ak bitartean.
Lurraldeko beste toki bisitatuenetakoa Gernika-Lumo da. Bertako Euskal Herria Museoan, udan zehar, 'Gernika, arbolaren kokalekua' erakusketa ikusteko aukera eskainiko da, 1936-2016 epean hiribilduaren historiaren berri ematen duena, 16 museo eta agiritegiko materialak bilduz. Halaber, aparteko eskaintza moduan benetako altxor bat erakutsiko da bertan: Palentziatik berariaz ekarritako Don Telloren sarkofagoa.
Inguru berean, Omako basoan, udan bisita interpretatibo baten bidez Ibarrola artistak margotu zituen figurak ezagutzeko aukera aparta izango du jendeak. Ostiral, larunbat eta igandeetan egingo dira, uztailaren 19tik abuztuaren 21era arte, 12:00etan eta 17:00etan. Santimamiñeko kobak aurkitu zirenetik ehun urte bete direla ospatzeko, bestalde, hainbat jarduera antolatu ditu Foru Aldundiak, herritarrek bertara joan eta Bizkaiko ondarearen altxor preziatu hori ikusi eta ezagutu dezaten.
Bakion, azkenik, Txakolingunean, 'Surf kultura euskal kostaldean' eta 'Surfaren hasiera Bakion' erakusketak egingo dira udan zehar. Horiez gain, musika eta surf tailerrak ere ez dira faltan izango uztailaren 12an eta 19an, hurrenez hurren, eta 'Pirata tailerra' deritzana abuztuaren 2an. 11:30etatik 13:00etara egingo dira, 4-12 urte bitarteko neska-mutikoentzat. Guzti hauez gain, Bizkaiko beste hainbat lekutan ekitaldi ugari prestatu ditu Foru Aldundiak.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.