Ekonomiak moteltze txiki bat izan du urte honetako bigarren hiruhilekotik aurrera, Espainiako Bankuak hileroko bere azken txostenean adierazi duenez. Horren ustez, Brexit-ak edo Turkian huts egin duen Estatu kolpeak ziurgabetasuna areagotzen dute, nahiz eta oraindik ezin diren ondorioak fin zehaztu. Haatik, aipatutako iturriak dio ekonomiak sendo jarraitu duela apiriletik ekainera bitarteko epean, bai barne eskaerarengatik eta, batez ere, etxeetako kontsumoarengatik, azken honek indartsu jarraitu duelako. Txostenak azken hilabeteotako norabideak jaso eta aztertzen ditu. Maiatzean, esaterako, kontsumoaren, partikularren matrikulazioaren, txikizkako merkataritzaren edo ondasunen salmenten moduko adierazleen hazkundea moteldu zen.
Guzti horien artetik, dena den, barne eskaeraren hazkundeak behera egin du pixka bat urtearen hasierakoarekiko eta, ondorioz, adierazle ekonomiko gehienek beherakada txiki bat izan dute apiriletik ekainera bitarteko batazbestekoan urteko lehen hiruhilekoarekiko. Epe horretan %0,7ko hazkundea espero da. Iazko bigarren hiruhilekoarekiko, finantziaziorako baldintza egokiek operazio berrien bolumenek aurrera egin dezaten ahalbidetu dute. Hala, banakapenak etxebizitzak erosteko emandako kredituen urtearteko beherakada moteldu egin dela adierazten du, eta kontsumorako eta bestelakoetarako emandakoak aurrera egin duela, apirilean baino gutxixeago izan arren.
Espainiako Bankuaren arabera, soldatek %1,1eko batazbestekoan egin dute gora ekainean, sinatutako komenio guztiak aintzat hartuta. Eta hari horretatik tiraka, entitateak nabarmendu du igoera hori Enpleguaren eta Negoziazio Kolektiboaren aldeko Akordioan aholkatutako %1,5etik lau dezima beherago dagoela. Testuinguru horretan, enpresen jarduera ekonomikoak "moteltze txikia" izan du bigarren hiruhilekoan. Eraikuntzaren sektorean, esaterako, materialen eta porlanaren kontsumoei dagozkien adierazleek okerrera egin dute apiril-maiatzean, eta baita sektoreko enpresarioen iritziek ere.
Brexit-ari bereziki erreparatzen zaio Espainiako Bankuaren txostenean. Bertan esaten denez, oraindik ia ez dago informazio koiunturalik horren inguruan, eta beraz goiz da faktore honek jarduerarekiko izan ditzakeen ondorioen azterketa egiteko. Gogora dakarrenez, azken hilabetean nazioarteko merkatuak baldintzatuta aritu dira Erresuma Batuko galdeketaren emaitzen ostean eta hasieran burtsetako indizeek behera egin zuten nabarmen, batik bat Europan. Burtsetan jazotako horietako batzuk aldatu egin dira gerora, batik bat herrialdeko gobernu berria osatu denetik, baina aldaketa hori ez da homogeneoa izan.
Azkenik, txostenean nabarmentzen denez, interes-tasa negatiboek gehiago eragingo diete Espainiako bankuei euroaren eremukoei baino, Estatuan bigarren horretan baino handiagoak baitira finantziazio txikizkaria eta tasa aldagarriko maileguen zenbatekoa. Bankuak dioenez, eurogunera interes-tasa negatiboak heldu izanak kredituaren kostea gutxitzen lagundu eta txarrerako eragina izan du entitateen bitartekaritza marjinei dagokienez. Hala, horiek konpentsatzeko interesak ez diren beste gastu batzuen gorakadarekin saiatu dira bankuak, artesarienarekin adibidez.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.