jueves, 14 de julio de 2016

Google, menderatzaile

Edonoren egunerokoan sekulako garrantzia dauka Googlek. Ordenagailu orotan erabiltzen den bilatzaile nagusia berea da, eta baita Android sistema eragile zabalduena ere. Azken bi hamarkadotan sekulako hazkundea izan du, erraldoi bihurtzeraino. Eta bere handitasun hori arazoen iturri ere bada dagoeneko, konpetentziari egiten ei dion kalteagatik. Europako Batasunak hirugarren espedientea ezarri dio, lehiakideen iragarkiei lekua egiteko jarritako trabengatik. Zehazki, AdSense iragarkien bere sistemarekin lotutakoa da espedientea, jarrera menderatzailea duelakoan gauzatutakoa. Ez da nolanahiko arazoa Estatu Batuetako enpresarentzat, iragarkiak sekulako diru-iturri dituelako, garrantzitsuena. Sarreren %90 lortzen dituzte horiei esker, 68.000 milioi euro 2015ean.
Konpetentziako komisarioak, Margrethe Verstager daniarrak, Googlen aurka jo du, merkatuan boteretsu izateaz abusatzea eta konpetentzia mugatzea legez kanpokoa dela gogoratuz. Espedientearen aurkezpenean, sakoneko arazoa laburbildu du: "Googlek konpetentzia mugatzen du bere lehiakideek hirugarrenen webguneetan bilatzaileen publizitatea jartzeko dituzten aukerak mugatzerakoan". Lineako bilaketei lotutako publizitate bitartekaritzaren eremuan, AdSensek lantzen duen horretan, Googlek %80 inguruko merkatu kuota dauka Europako Eremu Ekonomikoan. Egoera horretan zenbait 'zuzeneko bazkide' baldintza zehatz batzuk betetzera behartu ote dituen beldur da Europako Batasuna, euren webguneetan bere lehiakideen iragarkiak baztertzera adibidez. Bestelako susmoak ere baditu, bere lehiakideen iragarki kontestualizatuak ez eskaintzera behartzen ari dela Google, bilaketen arabera erabiltzailearen profilarekin bat datozen iragarkiei dagokienean beraz.
Europako Batasuna beste zenbait kontu ere aztertzen ari da. Adibidez, Googlen bilaketan iragarki kopuru minimo bat lehentasunez ikusarazten ote den, gutxieneko iragarki kopuru bat orrialdearen gune nabarmenenean kokatuta. Eta, gainera, lehiakideen bilaketazko iragarkiak ezin dira Googlek dituenen gainetik edo gertu agertu. Azkenik, bere salaketen zerrendan Batzordeak hirugarrenen orrialdeei Googlen baimena exijitzea gaitzesten du, lehiakideen bilaketazko iragarkiak ikustarazterakoan edozein aldaketa sartu aurretikoa.
Googlek Europako Batasunarekin lankidetzan aritzeari uko egiten badio eta bere prozedurak aldatzen baditu, isun handiak jasan ditzake. Dena den, aurrera jo aurretik Konpetentziakoek Googlen ikuspuntua ezagutu nahi dute, eta zortzi asteko epea eman diote arrazoibideak helarazteko. Konpainiaren bozeramale batek esan duenez, "produktu mailako gure berrikuntzek eta hobekuntzek kontsumitzaile europarren aukerak handitu eta lehiakortasuna sustatzen dutela uste dugu. Kasu berri hauek aztertuko ditugu datozen asteotan erantzun zehatza eskaini ahal izateko".
Hala ere, Europako Batasunaren eta Googlen arteko harremanek nekez egingo dute hobera, oraingoz behintzat. Aurreko beste bi espedienteak gero eta zabalagoak dira, egindako salaketekin lotutako froga berriak azkenaldion aurkitu omen direnez. Lehenengoan prezioak konparatzeko Google Shopping bere zerbitzuaren alde modu sistematikoan jokatzea leporatzen zaio, eta bigarrenean Android sistema eragilearen eta berorretako aplikazioen aurretiazko instalazioa lehenestea.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes