Izen handiko Smithsonian Folklife Festival deritzana euskal kulturari buruzkoa da aurton. Estatu Batuetako hiriburuan sekulako oihartzuna du ekitaldi honek, lau milioi bisitari inguru biltzen dituelako. Euskal Herriarentzat eta bere kulturarentzat lehen mailako lorpena da, beraz, bertan agertu ahal izatea. Bertotik joan diren agintariek aukera izango dute munduko lehen potentziarekin maila askotako harremanak estutzeko, eta balantzea ezin hobea izaten ari da. Frontoi bat, pintxoz betetako txokoa, baserri bat, tailerra eta euskaltegia dira Washingtonen erdigunean dabiltzanek egunotan ikusi eta bisitatu ahal izan dituztenak. Zehazki, National Mall deitutakoan daude horiek guztiak uztailaren erdialdera arte, Kapitolioaren eta Obeliskoaren artean dagoen zelaigune itzelean.
Han, 12.000 metro koadro inguru hartu ditu ekimenak, 1,2 milioi euroko aurrekontuari esker, eta ezinbestekoa izan da Smithsonian Institutuko arduradunen interesa, horiek izan baitziren euskal erakundeekin kontaktuan jarri zirenak. Lehen aldia da, gainera, jaialdi honen historian hizkuntza bati espazio propioa eskaintzen zaiona. Bisitari kopuru ikaragarriak ondorio positiboak izan ditzake, besteak beste, bertoko turismoarentzat. Gaur egun %45eko hazkundea izaten ari da sektore hau, eta Estatu Batuetakoa hirugarren merkatu garrantzitsuena da, Frantziakoaren eta Erresuma Batukoaren atzetik.
Bariku honetan, Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak Kapitolioaren aurrean Gernikako Arbolaren kimu bat landatzeko ekitaldian parte hartu du. Bertan egon direnei gogorarazi dienez, askatasunaren sinboloa da hori, euskal herritargo osoa ordezkatzen duena, eta Euskadiren eta Estatu Batuen harremana legez hazten joango dena. Ekitaldian hainbat agintari bildu dira. Horien artean, John Garamendi euskal jatorriko kongresista; Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburua; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Boiseko alkate, Dave Bieter; Espainiako enbaxadore Estatu Batuetan Ramón Gil Casares Satrustegi; eta ehun bat lagun gehiago.
Garamendi eta Bieter oso hunkituta agertu dira bertan. Lehenaren esanetan, "arbola bat hemen landatzea, Kapitolioan, gertakari berezia da, eta esanguratsua, gure historiaren zati bat landatzen dugulako hemen, nire familiarena, Estatu Batuetako Garamendien laugarren belaunaldia nire aitona-amonak aurreko mendeko lehen urteetan etorri zirenetik". Boiseko alkatea malkoei eutsi ezinik egon da. Kapitolioan landatutako arbola bere hiritik eraman dute, Boisen 1980an landatutako Gernikako arbolaren bigarren kimutik sortutakoa delako.
Washingtonen egiten ari diren ekitaldien artean esangura berezikoa da 'Amerikanuak' liburuaren aurkezpena, diasporari egindako omenaldia. Bertan euskal herritarrek Estatu Batuetan izandako historiaren zati baten berri ematen da, Koldo San Sebastián kazetariari eta Argitxu Camus irakasleari esker. Diasporarekin lotuta, nabarmentzeko modukoak izan dira Unai Rementeriak esandakoak. Boiseko hilerrira joan zenean hunkituta geratu zen "gure arbasoak zein gazte hiltzen ziren ikustean. Zein gogorra zen bizimodua mendian. Zenbat sufritu behar izan zuten. Baina eutsi egin zioten. Eta aurrera egin zuten. Amerikar ametsa bete dute. Eta gaur egun buruzagi politiko errespetatu eta miretsitakoak dira, Garamendi kongresista legez, Dave Bieter alkatea legez, Rafa Anchia legez... Eta, batez ere, euskaldun izaten jarraitzen dute. Euren buruak euskalduntzat dituzte".
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.