Euskal Autonomia Erkidegoak banda zabal ultralasterra hedatu du bertako eraikin publiko eta industrialdeetara. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gutxienez 30 Mb-ko banda-zabalera kontratatu du 1.700 eraikin publikotarako, eta belaunaldi berriko banda zabaleko 100 Mb bermatuko ditu hiru lurraldeetako industrialde guztietan. Bi ekimenek 18,7 milioi euroko inbertsioa behar izan dute, industriaren lehiakortasuna eta herri handi zein txikietan konektagarritasun aukera berberak ziurtatzea helburu hartuta.
Apirilean Euskadiko 2020ko Agenda Digital Berria onartu zen, eta horren haritik Jaurlaritzak zein hiru aldundiek apustu nabarmena egin dute edozein herrigunetan bizi diren pertsonen eta dauden enpresen konektagarritasuna hobetzearen alde. Aipatutako Agendak lau jardun-ardatz nagusi ditu: merkatu globalizatuan lan egiten duten enpresak; gizarte lehiakorra eta aktiboa eraikitzea; ingurune digitalean moldatuko diren administrazioak prestatzea; eta lurralde adimenduna eta bateratua lortzea. Hala, 60 ekimenetik gora landuko dira zentro publikoen, enpresen eta etxeen konektagarritasuna hobetu eta EAE 'lurralde adimendu' legez sendotu ahal izateko. Nahiz eta EAE Espainiako buruan egon banda zabalaren ezarpenean eta hedapenean, erkidegoak arlo industrialean eta sozialean lehiakortasuna hobetzeko bultzada batzuei aurre egin die, eta horiek hobekuntzak eskatzen zituzten azpiegituretan.
Euskadin banda zabalaren egungo egoerari dagokionez, herritarren %6 'gune zuri' modura sailkatutako herriguneetan bizi dira. Etxeen konektagarritasuna aintzat hartuta, etxebizitzen %7 'gune zuriko' herri-unitateetan daude. Enpresaguneen eta industrialdeen konektagarritasunari dagokionez, industrialdeen %45, poligonoak direla nahiz bizpahiru enpresa biltzen dituzten guneak direla, 'gune zurian' daude. Gune zuriak belaunaldi berriko banda zabaleko azpiegiturarik egon ez eta hiru urteko epean horiek izateko aukera gutxi dituztenak dira.
Egoera horri aurre egiteko bi ekimen zehatz abiatu dira, zuntz optikoa 1.700 eraikin publikotara zabaltzea da bat, eta banda zabal ultralasterra industrialde guztietara eramatea, bestea. Joan den apiriletik ari dira instalatzen zuntz optikoa aipatutako eraikinotan. Eusko Jaurlaritzak banda-zabalera bat kontratatu du EAEko administrazioaren, osasun-etxeen, eskola-ikastetxeen, Lanbide Heziketako zentroen, Lanbideko bulegoen eta KZGuneko zentroen zerbitzuak eskaintzen diren leku guztietan. 8 milioi euroko inbertsioari esker, urri alderako amaituko da prozesua.
Konektagarritasun-azpiegiturak bultzatzeko politika erabakigarria da EAEko ekonomia egiten ari den jauzi kualitatiboan, ekonomia digitalaren etorkizunari dagokionez, baita industriari dagokionez ere, 'Basque Industry 4.0' estrategiaren inguruan. Interneten erabilera gero eta biziagorako enpresen aldetik dagoen eskaera kontuan izanda, Jaurlaritzak ete aldundiek beharrezkotzat jotzen dute zerbitzu hori enpresa guztiei ematea, enpresa eta industria jarduera lehiakortasunaren aldetik hobetzen lagunduko duen euskarri modura.
Bide horretan, Gobernu Kontseiluak laguntzen agindu bat onartu berri du, banda zabal ultralasterra enpresen guneetara eta industrialdeetara zabaltzeko. Europako Batasunak lehentasunezkotzat jo du jardun-ildo hori, eta belaunaldi berriko azpiegiturak garatzeko laguntza publikoak ematea baimendu du.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.