Euskararen normalizazio prozesua urrats txiki eta handiz beteta dago, lehenek osatzen baitituzte bigarrenak ere. Aste honetakoak teknologiarekin du zerikusia, hizkuntzaren etorkizunerako ezinbestekoa den alorrarekin. Izan ere, euskarazko lehen kalkulagailu zientifikoa aurkeztu berri da Donostian, Eusko Jaurlaritzaren eta Casio enpresa japoniarraren lankidetzari esker. Teknologien bidez eleaniztasuna sustatzen jarraitzeko xedea du honako ekimenak, egun ibilbide akademikoan zehar irakasleentzat nahiz ikasleentzat nahitaezkoa den tresna baten bidez. Aurrerantzean ClassWiz deritzan kalkulagailua euskaraz ere erabili ahal izango da, Espainiako eta Portugaleko gobernuek ezarritako eskola-curriculumetara egokituta eta bereizmen handiko pantailak hizkuntza aukeratzea ahalbidetuz. Kalkulagailu sorta horrek hainbat modelo ditu, eta egungo kalkulagailu zientifikoen bilakaeraren emaitza da. Hala, FX-82ESPlus zeritzana orain ClassWiz 82SPX Iberia bihurtu da.
Serie horretako kalkulagailuei esker, ikasleek kalkulu-orri baten oinarrizko funtzioei ekin ahal izango diete ikasten ari direnean, ordenagailua erabili gabe. Aukeren artean batuketak egin ditzakete, biderketak, batezbesteko balioak eta maximoak zein minimoak ahaztu gabe, eta baita Riemannen integralaren batuketak eta errepikapenak ere. Gainera, gailu hauek grafikoak ikusteko aukera ematen dute, internetarako sarbidea duen smartphone edo tableta baten bidez. Horretarako, dagokion botoia sakatuta kalkulagailuak QR kode bat sortzen du eskuko telefonoarekin edo tabletarekin irakurtzeko, edukia automatikoki Casio-ren webgune batera bidaltzen da eta grafikoak, taulak eta diagramak ikusteko aukera ematen du.
Teknologia berrien mundura indartsu sartu da euskara. Interneten erabiltzen diren hizkuntzak munduan daudenen %5 baino ez dira, eta horien artekoa da. Twitter-eko 33 hizkuntzetako bat ere bada, eta Wikipediako 292en artekoa. Azken honetan 245.841 artikulu daude euskaraz, Europako Batasuneko hainbat hizkuntza ofizialetan baino gehiago. Izan ere, euskara 31. hizkuntza da Wikipedian daudenen artean. Testuinguru horretan, Casio-ren Casswiz kalkulagailua orain euskaraz etortzea ez da kasualitate bat, hizkuntza politikaren arloan abiatutako estrategia zehatz baten emaitza baizik.
Jaurlaritzatik azpimarratu dutenez, kalkulagailua euskaraz egotea urrats garrantzitsua da, hezkuntzaren alorrean euskararen erabilera normalizatzeko ahalegina islatzen duelako. Hala, tresna hau Heziberri 2020 Planarekin lerrokatuta dago, eta 236/2015 dekretuarekin, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta EAErako ezartzen duenarekin. Zuzentasunetik abiatuta bikaintasunerantz doan hezkuntza sistema lortu gura da, bere irteera profilean zehaztutako oinarrizko konpetentziak lor ditzan ikasleari lagunduta.
Aipatutako profilaren abiapuntu direnen artean daude, hain zuzen, konpetentzia digitala eta mediatikoa, eta baita konpetentzia matematikoa, zientifikoa eta teknologikoa ere, eta ildo horretan garrantzitsua da elkarreragiteko aukera ematen duten tresnak eta arbel digitalarekin edota beste gailu elektronikoekin emuladoreen bidez lan egiteko aukera ematen dutenak ikasleen eta irakasleen esku jartzea. Gainera, Berritzeguneetako aholkulariekin eta Matematikako irakasleekin izandako harremanari esker Eusko Jaurlaritzak jakin badaki Euskadiko Matematikako Irakasleen Elkarteak Casio kalkulagailu hau ikasle zein irakasleei gomendatu diela eta bere erabilera sustatuko duela.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.