domingo, 26 de junio de 2016

Europaren etorkizuna

Erresuma Batuko herritarrek aurreko osteguneko galdeketan Europako Batasunetik alde egitea erabaki ondoren, ondorioak maila guztietakoak izaten ari dira. Ekonomikoak, zer esanik ez, sekulako galerak izan baitzituzten burtsek ostiralean, baina baita politikoak ere. Europak bere burua berregin beharko du erakargarriagoa izateko eta integrazio prozesu zentzuzkoagoa, ordenatuagoa eta herritarren atxikimendua lortzeko modukoa berrabiatzeko.
Esan bezala, merkatuek beherakada itzela izan zuten galdeketaren emaitzak ezagutu bezain laster. Hala, Ibex 35ak %12,3 galdu zuen, bere historiako jaitsierarik handiena. Wall Street-ek, aldiz, %3 egin zuen behera, azken hamar hilabeteotako saiorik txarrenean. Jazotakoak ekonomia errealean izango duen eragina ikustear dago, baina ezegonkortasuna batere lagungarri izango ez dela argi dago. Erresuma Batuak bere irteera ahalik eta arinen negozia dezan eskatu dute Bruselako agintariek, eta aro berri baten hasiera modukoan dago Europa.
Batasuna sortu zuten herrialdeetako Kanpo Arazoetako ministroak —Frantzia, Belgika, Herbehereak, Luxenburgo eta Italiakoak— Berlinen bildu dira epe laburreko erronka nagusiak zehaztu eta erabakiak hartzen hasteko. Alemaniako ordezkari Frank-Walter Steinmeier-en esanetan, gobernu europarrek Batasunaren beharra dagoela frogatu behar diete herritarrei, eta eraginkorra dela, 'Brexit'-aren ostean "emaitza zehatzak" ezinbesteko direlako. Hainbat gairi buruz jardun dute bildutakoek, errefuxiatuen krisia, Europako hegoaldeko langabezia handia eta hazkunde txikia zein segurtasun gaiak tarteko. Horrez gain, denak bat etorri dira Erresuma Batuaren irteera ahalik eta azkarren gauzatu behar dela nabarmentzerakoan. 'Aita sortzaileen' espirituari eutsi gura diote Europako Batasuneko gobernu nagusiek, Bigarren Mundu Gerraren ostean batasun egitasmoa bultzatu zuten baloreei. Euren aburuz, aurrera egin beharra dago ataka zail honetan, "benetako batasuna" eta nolabaiteko "malgutasuna" uztartuz. Hala, zenbait arlotan lankidetza kide gutxiagoren artean landuko litzateke aurrerantzean, herrialde guztiak ahalik eta erosoen senti daitezen. Bildutakoentzat, orain garrantzitsuena "histeriarik ez izatea" da, eta ezta depresioa edo inakzioa ere, eta Europa "defenditzea" eta "sendotzea".
Dena den, Europako Batasuneko agintariak kezkatuta dabiltza egoeraren aurrean. Merkatuen gorabeherez gaindi, 'Brexit'-ak ziurgabetasun politikoa dakarrela dakite, eta zenbait herrialdetan antzeko galdeketa berrien arriskua ere badagoela. Jean Claude Juncker, Europako Batzordeko burua, honela mintzatu da: "Datorrena ez da dibortzio lagunkoia, joandakoa maitasunezko historia izan ez den bezalaxe". Hitz horiek islatzen dute nola dauden uneon Europako Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko harremanak.
Adierazpen bateratuan, Juncker-ek eta Donald Tusk Kontseilu Europarreko buruak "begirunea" adierazi diote britainiarren erabakiari, baina erantzunean Europako Batasuna "batuta" egongo dela ohartarazi dute. 27en Batasunak aurrera jarraituko du, "etorkizun politiko partekaturako" eremu egokia delako eta "bakea eta jendearen ongizatea bezalako funtsezko baloreak" defenditzen jarraituko duelako.
Lehenaren irudiko, populismo euroeszeptikoaren "jazarpenak" ez du etorkizun handirik izango, "laster" ikusiko baita "Erresuma Batuari hobeto zihoakiola Europako Batasunean, maila ekonomikoan, sozialean eta kanpo politikari dagokionean". Beraz, Europa "gutxiago" bultzatu barik, egoera baliatu eta hobetzeko ahaleginean sakontzea eskatu du Juncker-ek. Datozen egun eta asteotan ikusiko da nola abiatzen den britainiarren irteera, eta horrek ze ondorio dituen herrialdearen barne egitura politikoan zein kontinente osoko ekonomian.



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes