Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna da ekainaren 20a eta, horren haritik, datorren urteari begira ACNUR erakundeak lekualdatze kuota 1,19 milioi lagunekoa izango dela jakinarazi du. Dauden hamaikatxo gatazka eta krisien eraginez gero eta jende gehiago ari da batetik bestera munduan eta lekualdatzea funtsezkoa bihurtu da irtenbideak bilatu eta ardurak partekatzerakoan. Hala, azken hamarkadan ACNURek 30 herrialdetan milioi bat errefuxiatutik gora hartzeko eskaerak egin dituen arren, horren beharrean dauden lagunen kopurua eurena ez den herrialderen batean har ditzaten dituzten aukerak baino askoz handiagoa da.
Erakunde horrek 170.000 lekualdatze eskaera aurkeztea espero du datorren urterako, mundu mailan Estatuek eurek ezarritako kuoten arabera. Aurtengorako, eskaerak 143.000 izan ziren, eta 100.000tik gora aurreko bi urteetan. Estatuen lekualdatze kuotek eta eskaera kopuruak gora egin arren, beharrek ere nabarmen hazten jarraituko dute aurrerantzean. Izan ere, 1,19 milioiko aurreikuspena 2014rako egindako 691.000 beharrezko kupoena baino %72 handiagoa da, siriar errefuxiatuen lekualdatze masiboak hasi aurreko urtearekin konparatzearren. Datorren urterako siriarrak lekualdatzeko beharrean dauden pertsonen %40 izatea espero da, eta ostean etorriko dira Sudango errefuxiatuak (%11), Afganistangoak (%10) eta Kongoko Errepublika Demokratikokoak (%9). 2015ean eskaera kopuruak goia jo zuen, 134.044 izanik; 2014ko 103.890ak baino %29 gehiago.
Siriako krisiak eragin handia izan du lekualdatzeei dagokienez, eta berdin jarraitzen du. 2014an bertakoek osatu zuten talde zabalena, bostetik batekoa, eta 2015ean, batazbesteko, aurkeztutako bosna kasutik bi siriar errefuxiatuei zegozkien. Jatorrizko herrialdeen zerrendan, Siriaren atzetik zetozen Kongoko Errepublika Demokratikoa (20.527 eskaera), Irak (11.161), Somalia (10.193) eta Myanmar (9.783). Lau herrialdeok, Siriarekin batera (53.305 eskaera), 2015ean aurkeztutako eskaera guztien %80 bildu zituzten. Lekualdatzea baliabide eraginkorra da behar duten pertsona guztientzat, adibidez indarkeria edo tortura jasan dutenentzat. Azken hauek izan ziren, hain justu, iaz eskaeren %24 egin zutenak (2005ean baino lau aldiz gehiago). Gehiegikeriak pairatzeko arriskuan dauden neska zein emakumeek eskaeren %12 aurkeztu zituzten. Egoera horren aurrean, iaz Estatu Batuek ACNURek aurkeztutako lekualdatzeko 82.491 eskaera onartu zituzten (guztien %62), Kanadak 22.886, Australiak 9.321, Norvegiak (3.806) eta Erresuma Batuak 3.622.
Eskaera kopurua dezente hasi zen Afrikan, 2014ko 35.079etatik 38.870era. 21.620 eskaera, aldiz, Asia-Pazifikotik abiatu ziren 2015ean, mundu mailan aurkeztutakoen %16 inguru. Kasu honetan behera jo zuen aurreko urteko kopuruak, batik bat eskualde horretan bestelako irtenbideak bilatu direlako. Ameriketan 1.390 eskaera aurkeztu ziren iaz, 2014ko 1.800en azpitik. Beherakada horrek kolonbiar errefuxiatuak bertan integratzeko Ekuadorrek egindako ahaleginak islatzen ditu. 53.331 eskaerak Ekialde Hurbilean eta Afrikako Iparraldean izan zuten jatorria, 2014an baino %130 gehiago, munduko mailakoen %40. Europan ACNURek dituen bulegoek hamarkada honetako eskaera mailarik handiena izan zuten, 18.883koa, batik bat Turkiatik etorritakoenak.
Errefuxiatuen dramak ez du etenik mundu mailan. Horregatik da hain garrantzitsua horien saminaren eta beharren berri izatea, gizarte legez erantzun egokiak eman ahal izateko eta, modu batera zein bestera, ahal den neurriko babesa eskaintzeko.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.