jueves, 2 de junio de 2016

eLiburutegia, abiada bizian

Euskadiko Liburutegi Digitalak, eLiburutegia deritzanak, domeinu publikoko 1.600 liburutik gora gehituko dizkio aurten bere katalogoari. Egileei dagozkien eskubideetatik libre daudenez horiei ezer ordaindu gabe berrargitaratuko dira, eta orain arteko 12.000ei gehituko zaizkie Eusko Jaurlaritzak duela urte eta erdi liburu digitalak doan mailegatzeko abian jarritako zerbitzu honetan. Aurtengo 1.600 liburuak literaturaren historiako klasikoak dira, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez idatzitakoak. Behin eskuratuz gero, horiek erabiltzailearen gailuan betiko geratuko dira. Katalogoan dauden gainerakoak, ostera, 21 egunerako mailegatzen dituzte, ondoren desagertzeko. Baina oraingo hauek domeinu publikokoak direnez, nahi adina gorde ahal izango ditu irakurleak.
Gehitzen direnen artean, ehun bat euskarazko liburuak dira. Eusko Jaurlaritzak akordioa egin du Armiarma webgunearekin eLiburutegira Lauxeta, Kirikiño, Mirande edo-ta Etxepareren 'Linguae Vasconum Primitiae' eramateko. Beste bostehun inguru gaztelerazko klasikoak dira, tartean Pérez Galdos, Zorrila, Lope de Vega, Quevedo, Larra, Tirso de Molina, Cervantes eta abar luze bat daudela. Honakoak eskuratzeko Jaurlaritzak beste komenio bat sinatu du Miguel de Cervantes Liburutegi Birtuala Fundazioarekin. Gainerakoak ingelesezko liburuak dira, hainbat idazle oso ezaguni dagozkienak. Stevenson, Mark Twain, Dickens, Hans Christian Andersen, Oscar Wilde, Conan Doyle eta maila bereko beste hainbaten lanak euskarri elektronikoan irakurtzeko aukera New Yorkeko Liburutegi Publikoari eta honen Gutenberg Proiektuari esker gauzatuko da. Azken honen xedea "domeinu publikoko lan garrantzitsuenak berreskuratu eta pantaila mota orotan horien irakurketa sustatzea da".
Behin eLiburutegia webgunera jo eta gero, eduki digitalak irakurri ahal izango ditu erabiltzaile orok. Irakurketa hori streaming bidez edo gailu mugikorrak baliatuta burutu daiteke. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko bazkide direnek, euren liburutegiko beste zerbitzuetara sartzeko erabiltzen dituzten datu berberak (bazkide zenbakia eta pasahitza) baliatu ahal izango dituzte. Sare horretako erabiltzaile ez direnek, ostera, euren udal liburutegira joan beharko dute, plataformara sartzeko beharrezkoak diren datuak jaso ahal izateko.
eLiburutegiak formatu digitalean irakurtzeko aukera eskaintzen du, tartean azken nobedadeak, literaturako klasikoak eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek egindako aukera zabal bat. Gainera, erabiltzaileek erosketa proposamenak aurkez ditzakete, eta euskarri digitalean daudela egiaztatutakoan plataforman sartzen dituzte. Sareko liburutegi bateko bazkide izateaz gain, eLiburutegiak eskaintzen dituenez gozatzeko internet konexioa eta gailu bateragarria besterik ez dira behar.
Gaur egun zerbitzu publiko honek biltzen dituen liburuetako gehienak gaztelerazkoak dira, 10.613 zehatz-mehatz. Euskarazkoak 859 dira, ingelesezkoak 426, katalanezkoak 32, frantsesezkoak 22, portugesez daudenak 14 eta alemaniarazkoak eta italierazkoak, bana. Aukera zabala dago, beraz, irakurle mota guztientzat.
Herritarrei kultura hurbilarazten laguntzeko lehen mailako ekimena da eLiburutegiarena, eta astiro-astiro ezagutzera ematen ari da. Dagoeneko hainbat dira erabiltzaile direnak, eta liburu kopurua hazi ahala, gero eta gehiago izango dira. Aurtengoa urte garrantzitsua izango da literaturako 1.600 klasiko horiek gehituz liburutegi birtualak osagarri bikaina izango duelako.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes