martes, 14 de junio de 2016

'Brexit', gertuago?

Europako Batasuna dardara batean dago Erresuma Batuan (EB) egitekoa den galdeketari buruzko inkestek diotena eta gero. Hilaren 23a gertu dago honezkero, eta gero eta zailagoa izango da iritzi publikoaren joerak aldatzea. Egun horretan erabakiko dute britainiarrek Batasuna utziko duten, 1973ko urtarrilaren 1etik kide izan ostean. Cameron lehen ministroak aspaldi eskaini zuen galdeketa hau, bere alderdi kontserbadorean zein herrialdeko gizartean zeuden jarrera euroeszeptikoei erantzun nahian. Baina, Eskoziakoarekin jazo ez bezala, bere alde erabakiko ei zena gaizki amaitzekotan dago oraingoan, irteeraren aldekoen garaipenarekin. Horrek sekulako lurrikara politikoa eragingo luke Europan, eta ondorio ekonomiko nabarmenak izango lituzke ziurrenik. Inbertsoreak eta merkatuak hasi dira euren urduritasuna adierazten.
Momentuz, zazpi puntuko abantaila dute EB utzi nahi dutenek, astelehen honetan plazaratu berri diren inkestek diotenez. Hori gutxi balitz, The Sun egunkariak, bertako salduenak, 1,7 milioi ale zehazki, Batasunetik alde egiteko bozka dezaten eskatu die bere irakurleei. Ruper Murdoch-en kazetak zera azpimarratu zuen: "Irteera bozkatzera deitzen ditugu denak. Brusela diktatorialetik askatu behar dugu".
YouGov enpresak The Times-entzat egindako inkestaren arabera, galdetu dietenen %46 EBtik irtetzearen aldekoak dira, eta %39 aurkakoak. %11 zalantzan daude oraindik, eta %4k erabakia du jada bozkatzera ez joatea. Astebete lehenago, inkesta berberak %1eko abantaila ematen zien EBn jarraitzearen aldekoei. Joera nabarmen aldatu da, beraz, eta dagoeneko inork ez daki zer jazoko den datorren astean. Erresuma Baturik gabe, Batasunak kolpe latza hartuko luke, lehen aldia bailitzateke kideetako batek alde egitea erabakitzen duela, herritarrek espreski hala erabakita gainera.
Larunbatean The Independent izan zen beste inkesta baten berri eman zuena. Horrek ere Brexit-aren aldekoei ematen zien abantaila. Zehazki, britainiarren %55 irteeraren alde lerrokatuko direla adierazi zuen hedabideak, eta %45 baino ez direla izango Batasunari atxikimendua adieraziko diotenak. Beste zenbait inkestak ere joera bera islatu dute. Erresuma Batuan inkestak egiten dituzten enpresak auzitan jarri dituzte azken urteotan, ez baitzuten asmatu Cameron-ek berak hauteskundeak irabazi zituenean, eta ezta Israelgo bozetako emaitzak ere.
Ez dago urruti joan beharrik Brexit arrisku horrek maila ekonomikoan jada badituen ondorioez ohartzeko. Ibex 35ak bosgarren egunez jarraitu du jaisten, azken lau hilabeteotako maila baxuenetakora heltzeraino. Inbertsoreek Europa osoko errenta aldagarria utzi dute, eta arrisku gutxiagoko aktiboak bilatu dituzte, hain justu Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren harremana zehaztuko duen galdeketa dela eta. Horren mamuak biziki eragiten du, eta ekainaren 26an Espainian egitekoak diren hauteskunde orokorren aurreikuspenek ere ez dute gehiegi laguntzen, egonkortasun eza izan baitaiteke nagusi aurrerantzean beste behin. Espainiatik kanpo, Brexit-aren arrisku gero eta errealagoa petrolioaren merkatuan eta errenta aldagarriarenean ari da eragiten, adituek zehaztu dutenez.
Manuel Valls Frantziako lehen ministroak esana da Brexit-ak "irudikatzeko zailak diren ondorioak izango" lituzkeela. Erresuma Batua oso eragile garrantzitsua da Europan, ekonomian eta merkataritzan lehen mailakoa, soziopolitikan, diplomazian eta kultur arloan ordezkaezina. Honek Europako Batasunetik alde egiteak kanpoko inbertsioan eragin lezake, eta baita nazioarte mailan Europako eraikuntza prozesuaren inguruan dagoen konfiantzarengan ere.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes