Eskualdeko merkataritzaren jaiaren hirugarren edizioa antolatuko da, datorren igande honetan, Gallartako Blasco Ibañez parkean eta Eusko Gudariak plazan. Abanto-Zierbena, Muskiz, Trapaga zein Ortuellako 50 saltokirik onenak bilduko dira bertan. Jaialdia prestazeko 13.000 euro inbertitu dira.
“Artisautza, moda, argazkilaritza, oinetakoak, edertasuna, informatika-zerbitzuak, gozogintza, loregintza... hara bertaratzen diren herritarrek denetarik aurkituko dute. Meatzaldeko produkturik onenak, toki berean elkartuta” adierazi du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.
Goizeko hamaiketan hasiko da Meatzaljaia, “El despertar de la mina” ikuskizunaz, meatzetan bizia galdu zuten meatzariei eta txirla-biltzaileei omenaldia egiteko xedez.
“Meatzaljaia merkataritza-azoka baino gehiago da, jaia da. Giro ona funtsezkoa da. Egun horrek argi adierazten du eskualdeko 4 udalek tokiko saltoki txikien alde hartu duten konpromiso sendoa; izan ere, tokiko merkataritza ezinbestekoa da gure udalerriek bizirik irauteko” azaldu du Etxebarriak. Jarduera honek helburu argiak ditu: Meatzaldeko merkataritza-eskaintzari duen balioa aitortzea, hurbileko merkataritza sustatzea eta herritarren parte-hartzea bultzatzea.
Postuez aparte, etxeko txikiek puzgarriez eta umeentzako tailerrez gozatu ahal izango dute, goizeko hamaiketatik arratsaldeko hirurak arte.
Festaren inaugurazio ofiziala hamabietan izango da eta Abanto-Zierbenako alkateak, Maite Etxebarriak, Meatzaldeko gainerako alkateekin eta merkatarien elkarteetako ordezkariekin batera, zinta moztuko du. Ondoren, dantzariek aurreskua dantzatuko dute. Hortik aurrera, guztiz irekitzat emango da 2016ko Meatzaljaia. Egunean zehar, gainera, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza sailburuordea den Itziar Epalza ere bertan egongo da.
Handik ordu erdira kaleetako animazioa hasiko da, euskal dantzekin. Gainera, fanfarriak eta trikitixaren soinuak erritmoz eta alaitasunez beteko dituzte Meatzaljaiko txoko guztiak goiz osoan zehar.
Ondoren, 13:30etan harri-zulatzaileen ikuskizunaz gozatu ahalko dute herritarrek, baita adin guztientzako meatze-jokoez ere.
14:30ak aldera indaba-jan solidarioa antolatuko da. Bildutako diru guztia Neuroblastoma duten Haurren Senide eta Lagunen Elkarteari (NEN) emango zaio. Neuroblastoma umeen minbizi mota bat da, eta nerbio-sistemari eragiten dio. Haurrek izaten duten hirugarren tumorerik ohikoena da. Tratamendu eraginkorrak lortzeko, gaixotasun hori duten edo izan duten haurren gurasoek bat egin dute. Haien helburua biziraupen-tasa handitzea da; izan ere, gaur egun, gaixotasun hori duten haurren % 50 baino gutxiagok gainditzen dute gaitza. Ezinbestekoa da gaixotasunari buruzko ikerketarako eta tratamendurako funtsak biltzea. “Hori dela eta, igandean koilarakadaz koilarakada elkartasuna erakutsi behar dugu Gallartan, borroka latz horretan dabiltzan haurrei eta haien senide zein lagunei laguntzeko. Txartelak 3,50 euro baino ez du balio”, azaldu du Etxebarriak.
Azken ekitaldia arratsaldeko hiruretan izango da; 400 euroko bi erosketa-txartel zozkatuko dira azokara bertaratu diren pertsona guztien artean. Txartelak aurrez banatuko dira salmenta-postuetan. Horrez gain, aurretik udalerri bakoitzeko saltokietan ere banatuko dira txartelak. Irabazleek haien erosketa txarteleko 100 euro gastatu beharko dituzte azokan parte hartzen duten 4 udalerrietan.
![]() |
Meatzaljaia 2016. |
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.