sábado, 21 de mayo de 2016

Matematikak, Estatistika eta Informatika

Populazio Aktiboaren Inkestarekin lotuta, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) lan merkatuari atxikitako hainbat datu interesgarri eman ditu ezagutzera. Horien arabera, matematikak eta estatistika zein informatikako ikasketak egin dituztenak izan ziren 2015ean lana gehien aurkitu zutenak. Lehenek, gainera, beste lanbideetakoek baino langabezia gutxiago izan zuten. Datuon arabera, 16 urtetik beherako populazioaren %61,34 oinarrizko hezkuntzaren jabe da, hau da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo batxilergoa gainditua dute. Gainerakoek badute espezialitateren bat, batik bat merkataritzarekin eta administrazioarekin lotutakoa (%7,97), mekanika, elektronika edo bestelako ezagutza teknikoei dagokiena (%5,94) edo Osasun arlokoa (%4,38).
INEren azterketak ezagutarazi duenez, Matematikak eta Estatistika ikasi zuten 16 urtetik gorakoen %79,67k (gizonezkoen %82,25ek eta emakumezkoen %76,88k) lana aurkitu dute iaz, baina ez da zehazten zein arlotan ari diren. Horien ostean Informatika ikasi zutenak datoz, lizentziatu zein graduatutakoen %75,88 lanean ari baitira. Bitxia eman dezakeen arren, Kazetaritza ikasitakoak datoz segidan, horien arteko %74,54 lan merkatuan daudelako, zertan dabiltzan argitzen ez den arren.
Justu kontrako aldean daudenak sektore ezezagun edo zehazgabeetan ikasi dutenak dira, %13,2 baino ez baitaude lanean, eta oinarrizko ikasketak baino egin ez zituztenak (%35,23). Hauen artean, gainera, alde handia dago sexuaren arabera, gizonen %42,49 lanean dagoen bitartean emakumeen %28,15ek baino lortu ez duelako. Horien atzetik datoz segurtasun zerbitzuetan aditu direnak (%54,75), ingurumena zaintzen dihardutenak (%57,65), Artea ikasi dutenak (%61,7) eta irakasleen hezkuntzan eta irakasle izatekotan ari direnak (%61,6).
Langabezia tasari dagokionez, matematikoak eta estatistikoak dira gutxien dutenak (%8,2 besterik ez), eta Zuzenbidea ikasi zutenak datoz atzetik (%9,58). Jarraian, Osasun arlokoak daude (%11,39ko langabeziarekin), Bizitzaren Zientzietakoak (%12,39) eta manufakturazko industrian eta ekoizpen zereginetan ari direnak (%12,71). Langabetu gutxi dutenen artekoak dira, baita, Zientzia fisikoak, kimikoak eta geologikoak ikasitakoak (%13,1), Giza Zientzietakoak (%13,63) eta segurtasun zerbitzuetakoak (%13,74). Bestalde, langabetu gehien dutenetakoak oinarrizko hezkuntzan geratu zirenak (%28,18), ingurumena babesteko ikasi zutenak (%25,58) eta Arkitektura eta eraikuntzakoak dira (%23,49 lanik gabe daudelako).
Txostenaren beste datu interesgarrietako bat lana aurkitzeko bitartekaritzari dagokiona da. Populazio Aktiboaren Inkestak dioena aintzat hartuta, Aldi baterako Lanerako Enpresen bitartez kontratatutako soldatapekoak 2014an baino gehixeago izan ziren iaz, %2,8 duela bi urte eta %2,9 2015ean (430.200 lagun). Enplegu publikoko bulegoei dagokienez, ostera, %1,7 besterik ez ziren izan horietan lana lortu zutenak (249.400 pertsona), duela bi urte baino hiru hamarren gutxiago.
INEk beste hainbat datu ere eman ditu ezagutzera. Adibidez: 250 edo langile gehiagoko enpresetan ari zirenak %12,9 ziren 2015ean, duela bi urteko %12,7ren gainetik. 10 langilera arteko enpresetan, aldiz, %40,3 ari ziren iaz, eta %41,1 duela bi urte. Aurretiaz lan esperientzia zutenen arteko 2015eko langabetuen artean, berriz, %48,8 kontratua amaitutakoan geratu ziren beharrik gabe (%47,6 2014an) eta %12,4 kaleratu zituztelako edo euren lanpostua desagertu zelako heldu ziren egoera horretara (%17 2014an).


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes