domingo, 15 de mayo de 2016

Hamar urte txioka

Twitter-ek hamar urte betetzen ditu aurten, sare sozial garrantzitsuenetakoa bihurtuta. Nekez irudika daiteke egungo errealitate digitala txori urdinaren irudirik gabe. Baina horrek ez du esan nahi sasoiko dagoenik edo bere negozio eredua argi duenik. Horren inguruko zalantzak dira bere zamarik handiena, etorkizuneko bere ildo ekonomikoa baldintzatzen dutenak. Izan ere, erabiltzaile kopuruak ez du gora egiten azkenaldion eta burtsan bere kotizazioa ez dago onenean. 2015a zenbaki gorritan itxi zuen Twitter-ek, 521 milioi dolarreko galerekin. Duela bi urtekoak %10 murriztea ekarri zuen horrek, baina egoera zail samarra da oraindik. Horregatik aipatzen da hainbestetan beste enpresaren batek eros dezakeela, nahiz eta oraingoz Jack Dorsey-ren konpainiak bere kabuz jarraitzen duen. Berea izan zen lehen txioa, "@jack: Just setting up my twttr" (nire Twitter-a prest jartzen) zioena.
2013ko azaroaren 7an akzioko 26 dolarreko prezioarekin burtsara jauzi egin zuenetik, eta ondoren 69 dolarretara heltzea lortu arren, Twitter-en kotizazioak behera jo du etengabe, 16 dolarretara heltzeraino. News Corp, Amazon, Silver Lake edo Google izan dira eros dezaketenen artean aipatu direnak, baina ez du ematen oraingoz interesik dutenik. Iazko laugarren hiruhilekoan estrainekoz sare sozialak erabiltzaile aktiboak galdu zituen, hirugarren hiruhileko 307 milioietatik laugarreneko 305etara igaroz. Horren ondorioz, hainbat adituk aipatu dute gazteenek txoriaren sarea baino nahiago dituztela beste batzuk, Facebook edo Snapchat adibidez. Azken honen erabiltzaileen %52k, esaterako, 16 eta 24 urte bitartean dituzte. Gaur egun Facebook-ek 1.600 milioi erabiltzaile ditu, eta Instagram-ek 400.
2016 honi begira, Twitter-en arduradunek bost erronka nagusiri helduko diete: euren zerbitzu nagusia hobetzea, 'streaming' bidezko bideoa abiatzea, euren sortzaileak eta eraginezko pertsonak lehenestea, segurtasuna bermatzea eta garatzaileak zaintzea. Behin baino gehiagotan aipatu da 140 karaktereko muga kentzeko aukera, baina enpresako arduradun nagusiak ukatu egin du oraingoz halakorik gertatuko denik. Zerbitzuak beste urrats batzuk egin ditu, dena den. Argazkiak, bideoak eta, oraintsuago, gif-ak eransteko aukerak Twitter-ek eskaintzen duen esperientzia interaktiboago eta gertukoago bihurtu dute. 'Moments' izenekoen agerpena Facebook-en berehalako artikuluei emandako erantzuna izan zen, multimediaren aldeko apustuan sakondu eta gauzak gertatzen diren unean eta lekuan jakinarazteko.
Interneteko euskal komunitatearentzat, Twitter bereziki da kutuna. Gaur egun ia 12.000 dira sare hau euskaraz erabiltzen dutenak, 2012an horien laguntzaz itzuli zenetik. Enpresak erabiltzaileen esku utzi zuen itzultzeko lana, eta hainbat lagunen ahaleginari esker lortu zen. Prozesu hori oso aberatsa izan zen maila askotan, baita terminologiari dagokionez ere. Hala, 'txiokatu' hitza aukeratu zen sare horretan jarduteaz aritzeko, eta geroztik normaltasun osoz igaro da teknologiarekin lotura duten euskal erabiltzaileen hitz erabilienen artera. Euskararekin batera, beste bost hizkuntzak egin zuten jauzi txoriaren sarera orduko hartan, katalanak, afrikaans-ak, txekierak, grezierak eta ukrainerak hain zuzen.
Bere gabeziak alde batera utzita, ezin ukatuzkoa da Twitter-ek duen indarra eta eragina. 500 milioi mezu inguru bidaltzen ditu ziberespaziora egunero eta urtean 200.000 milioi txio biltzen dira. Estatu Batuetako presidente Barack Obama sare hau baliatu zuten lehen politikoen artean egon zen eta gaur egun ez da posible ardura politiko garrantzitsurik izanda Twitter-en ez egotea. Udaberri arabiarra deitutakoan ere sekulako indarra izan zuen txori urdinaren sareak, eta munduan gertatzen direnen lekukotza zuzena jasotzeko ezinbestekoa da. Mundu mailan jarraitzaile gehien dutenak Katy Perry abeslaria (88 milioi) eta Justin Bieber (84 milioi) dira eta, konparazio baterako, Obamak 75 milioi ditu.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes