Ibilaldia dator domeka honetan, Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolen eskutik. Bost gunetan zehar, jendetza bilduko da bertan, euskararen sustapenean eta normalizazioan laguntzeko prest. Ikastola biek txikitatik hasita helduarorainoko heziketa eskaintzen dute, eta horien hezkuntza proiektuaren aldekoa izango da aurtengo Ibilaldia: diru irabazien erdia Kurutziaga ikastolako haur hezkuntzako eraikina berritzeko baliatuko da, eta beste erdia Ibaizabal ikastolako batxilergoko eraikin berriaren zorra ordaintzeko. Helburu ekonomiko horiek bultzatuta, egitarau zabala prestatu dute 'Dagigun!' lelopean.
Estraineko Ibilaldia Getxon egin zen 1978an, eta bigarrena bi urte beranduago Durango-Abadiñon. Geroztik Bizkaiko ikastolen jaiak Bilbo, Portugalete, Lekeitio, Berango, Bermeo, Arrigorriaga, Zornotza, Muskiz, Sopela, Gernika-Lumo, Ondarroa, Santurtzi, Trapaga, Leioa, Mungia, Elorrio, Balmaseda eta Galdakao bisitatu ditu. Herri eta hiri horietako askotan behin baino gehiagotan egin da Ibilaldia eta Durangon, esaterako, laugarrena da honakoa. Udalerriak lotura estu eta berezia dauka euskararekin eta euskal kulturarekin, eta abenduko Liburu eta Diska Azoka izan ohi da horren erakusgarri nagusia. Ibilaldiaren kasuan, ikastolen hezkuntza proiektua ezagutzera ematea da bere betebeharra, eta erronka berriei aurre egiteko baliabideak eskuratzen laguntzea.
1997az geroztik, Ikastolen Elkarteak omenaldia egiten die gizarteko hainbat esparrutan euskararen erabilera sustatzen aitzindari izan direnei. Besteak beste, ikerketaren arloan, kirolean, enpresa munduan, zuzenbidean, onomastika eta toponimiaren alorrean, antzerkigintzan, abesbatzetan, mendian edo-ta sukaldaritzaren munduan euskara bultzatu dutenak omendu ditu Ibilaldiak orduz geroztik, eta aurten ere ildo beretik joko du.
Aukeratu duten lemari dagokionez, 'Dagigun!' horrek ekintzarako gonbidapena izan nahi du, beste inori eskaria egin barik norberak bere buruari luzatzekoa. Euskararen erronka nagusietakoa erabilerarekin lotuta dago gaur egun, ezagutzak azken hiru hamarkadotan jauzi nabarmena egin eta gero. Aro digitalean barrena arrakastaz ari da euskara, gero eta eduki gehiago eskainiz eta bere mailako hizkuntzen artean puntakoenetakoa izanda. Baina hiztunak ezinbesteko ditu, egunerokoan ohiko egoeretan baliatuko dutenak. Eta horretan egiten ari diren urratsen isla behar luke domekako Ibilaldiak.
Bost gune prestatu dituzte antolatzaileek espero diren milaka eta milaka lagunak hartzeko. Hasierako ekitaldia Ibaizabal ikastolan izango da goizeko 10:00etan, eta hortik aurrera ez da ezer faltako euskal giroan eguna ezin hobeto igarotzeko. Tailerrak, erromeria, zumba ikastaroa, errugbi eta saskibaloi jolasak, Hodei magoa, bertsolariak, zientzia gunea, graffiti tailerra, karaokea edo herri bazkaria izango dira gozatu ahal izateko batzuk.
Bertaratzeko erraztasun guztiak eskaini nahi izan dituzte ikastola bietako ordezkariek, aspalditik jo eta ke lanean ari direnek. Hala, sei aparkaleku izango dira prest Durango inguruan hainbat eta hainbat auto hartzeko. Dena den, beti legez, garraio publikoa erabiltzea gomendatzen da, askoz erosoagoa delakoan. Bizkaibus-ek eta Euskotren-ek ahalegin berezia egingo dute horretarako, bidaiariz beteta eguna emateko.
Jai handia da Ibilaldia, konpromiso askoren batuketak eman dezakeena erakutsi nahi duena. Bizkaiko ikastolek lan oparoa egin dute hainbat belaunaldi euskalduntzeko, eta zeregin horri babesa eman gura dion jende andana bilduko da Durangon, 'Dagigun!' ozen baten bidez etorkizuneko erronkei aurre egiteko prest.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.