Euskarak bide luzea egin du azken hamarkadotan, normalizaziora heldu guran. Egungoak ez du zerikusirik 1982ko Euskararen Legea onartu aurrekoarekin, edo Gernikako Estatutuak ofizialtasuna eman artekoarekin. Sekulako jauzia egin da, maila guztietan, baina erronka berriak agertu dira, gaztelaniarekiko parekotasuna lortu bitartean gainditu beharrekoak. Abiapuntu horretatik, 'Eta hemendik aurrera zer?' deritzan behin betiko dokumentuaren aurkezpena egin zen aurreko ostegunean, Donostian. Euskararen garapen iraunkorraz dihardu, eta euskararentzat nahi den etorkizunaz. Izan ere, '20 urteko perspektiban, zer?' galderari erantzun bat eman nahi dion dokumentua da honakoa.
Honaino heldu aurretik lan asko egin da, baina. Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) delakoaren diagnostikoa sakontzeko eztabaidaren ondoren, Euskararen Aholku Batzordeko 'Euskara 21' ataleko kideen aurrean hartu zuen konpromisoa Hizkuntza Politikarako Sailburordetzak 'eta, orain, 15-20 urteko perspektiban, zer?' galderari txosten baten bidez erantzun bat ematen saiatzeko. Ostean, dokumentu hori landu zuen Patxi Baztarrika sailburuordeak, hizkuntzari dagokionez hitzarmen sozial eta politikoa indarberritzeko zutabe nagusiak eta lehentasunen marko bat proposatuta.
Oinarrizko dokumentu hori iazko uztailaren 10ean aurkeztu zen 'Euskara 21' batzordearen aurrean, eta ekarpenak egiteko aukera eman. Guztira, 34 proposamen jaso zituen idatziak: askotarikoak, ikuspuntuz zein asmoz, alor ezberdinetakoak, eta baita dokumentuak proposatzen duen hurrengo urteetarako lehentasun markoari lotutakoak ere. Dena den, denek onartu dute dokumentuaren beharra, egokitasun orokorra eta norabide nagusia. Horiek aintzat hartuta osatu da behin betiko dokumentua, aurreko astean 'Euskara 21' batzordeak aho batez onartutakoa.
Dokumentuan hiru proiekzio landu dira, hemendik 20 urtera euskarak izango duen egoera irudikatzeko. Bata, Reclus deritzan tresna informatikoa erabiliz egin da, eta beste biak Eustat-ek eginiko bi proiekzio demografiko baliatuz. Hiru proiekziook badute baldintza eta ezaugarri komunik: euskararen biziberritzeko prozesuan honaino ekarri gaituen ahaleginari eutsi egin behar zaiola, hau da, 'ahal duguna' egiten saiatu behar dugula, baina jakin behar dugula hogei urtetan euskararen egoeran noraino irits gaitezkeen, helburu eskuragarriak zehazteko eta frustrazioak saihesteko.
Euskararen proiekzioan lau alor edo datu mota eskuratu nahi izan dira: zer hiztun kopuru izango duen euskarak 20 urte barru, hiztun horietan zenbatek izango duen euskara lehen hizkuntza eta zenbatek bigarrena, hezkuntza ez unibertsitarioaren bilakaera, eta helduen euskalduntzeak zenbat hiztun berri emango dituen. Emaitzek diotenez, hizkuntza gaitasunari dagokionean, euskarak hiztunak irabazten jarraituko du eta, EAEn, 2036an euskaldunak biztanleria osoaren %49,5 izango dira —1.089.165—, euskaldun hartzaileak %16,7 —366.852— eta erdaldunak %33,8 —745.098—. Adinari erreparatuz gero, 25 urtetik beherako herritarren artean, euskaldunak %83,4 izango dira (gaur, %73,2), euskaldun hartzaileak %9,3 (gaur %15,5) eta erdaldunak %7,3 (gaur %11,3).
Hizkuntza tipologiari dagokionez, euskal hiztunen artean, euskara lehen hizkuntza dutenak %30,5 izango dira bi hamarkada barru, egun %23,5 diren artean. Irakaskuntza ez unibertsitarioa aintzat hartuta, D ereduak nabarmen hazten jarraituko duela aurreikusten da, eta A eredua, aldiz, asko urrituko dela. Azkenik, helduen euskalduntzearen arloan, euskara heldutan eurenganatzen duten hiztun berriak 4.500 inguru izango dira urtean, gaur egunean gertatzen den antzera.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.