Erresuma Batuko Almirantegoan aurkitutako 1757ko euskarazko 50 gutunen edizio kritikoa aurkeztu berri dute Euskal Herriko Unibertsitateko Xabier Lamikiz eta Manuel Padilla ikertzaileek eta Paueko Unibertsitateko Xarles Bidegainek. Lapurteraz idatzi eta Baionako portutik abiatu ziren 'Le Dauphin' itsasontzian Ternuatik gertuko Louisbourg uharte txikira, senitartekoek bertan zeuden marinel eta merkatariei bidalita. Gune horretan hainbat bakailao-ontzi biltzen ziren eta frantziarrentzat gotorleku bereziki garrantzitsua zen britainiar itsasontzien bidean zegoelako.
Garai nahasiak ziren haiek, 1688-1815 urte bitartean zazpi gerra izan baitziren Frantziaren eta Erresuma Batuaren artean. Koloniak zirela eta, Atlantikoak berebiziko garrantzia zuen eta ingelesek hamaikatxo frantziar itsasontzi harrapatu zituzten sasoi horretan; denetarikoak: gerraontziak, merkataritzakoak, kortsarioak eta bestelakoak. Antzeman ostean, 'Le Dauphin' Erresuma Batura eramaten zuten, harrapatutako edukia legezkoa zen ala ez epaiketa batean erabakitzeko. Izan ere, ontzietan aurkitutako agiri eta eskutitzak garrantzi handikoak izaten ziren behin baino gehiagotan.
'Le Dauphin' 1757ko apirilaren 9an harrapatu zuten, itsasoan egun gutxi zeramatzanean. Zehazki, 'Rochester', 'Somerset' eta 'Devonshire' gerraontzi britainiarrek antzeman zuten. Itsasontziak 60 tona zituen eta, besteak beste, sei kainoi eta hogeina fusil eta ezpata zihoazen bertan. Kapitaina Martin Lermet 26 urteko ziburutarra zen, eta hogeita hamar gizon inguruk osatzen zuten eskifaia, gehienak euskaldunak. Jabegoa monsieur Laborde baionarrari zegokion, Louisbourg-en Frantziako erregearen altxorzain zenari, eta bidaia horretako kargamentuan brandya, zapatak eta egurrezko zortzi kutxa zeuden, besteak beste. Eurenganatu ostean, britainiarrek Portsmouth-era eraman zuten 'Le Dauphin'.
1746. urtean Louisbourg-ek 3.000 biztanle zituen, eta ehundaka arrantzale gehitzen zitzaizkien lanera gerturatzen zirenean. Euskaldunek lotura berezia zuten Ternuarekin, eta horren lekuko dira bertan utzi zituzten aztarnak. Aurkitutako lapurteraz idatzitako 50 gutunek euskalki horrek 1757an zuen egoeraren berri ematen dute zeharka, eta euskarazko alfabetatzeko prozesuen eta orduko egoera sozioliguistikoaren lekuko dira. Ez da mota honetako lehen aurkikuntza, dena den, XV. mendetik idatzitako gutunak aurkitu baitira hainbat euskalkitan, eta baita XVI. mendeko espioitza eskutitzak ere. Horrez gain, Erronkari eta Zuberoaren arteko gutuneria ofizialaren berri ere badago, 1616 ingurukoa. 'Le Dauphine'ren kasuan, eskutitz gehienek igortzen eta jasotzen diren gauzen berri ematen dute, eta baita arazo ekonomikoena, nazioarteko egoera nahasiarena zein familiako eta herrietako kontuena.
Aurkikuntza ez da oraingoa, 2003koa baino; Xabier Lamikizek, doktoretza tesia prestatzen ari zela, Londresko High Court Admiralty izenekoan ausaz egindakoa. Lau urte beranduago ekin zion ikertze prozesuan sakontzeari, sorta bereko bestelako gutunik ez zegoela ziurtatzeko. Hortik aurrera osatu zen diziplina anitzeko talde bat, eta horixe berori da orain Baionan gutun hauek biltzen dituen argitalpena plazaratu duena. Gutunon igorleetako gehientsuenak alfabetatuak ziren jakina, baina ia beti jende xehea, nahiz eta badiren zenbait idazle kultuago ere. Guztira 10.700 hitz inguru dira horietan jasotakoak, eta 50 esku ezberdini dagozkie. Bidaltzaile gehienak Lapurdiko kostalde ingurukoak ziren, Baiona, Hendaia, Urruñe, Azkaine, Sara, Senpere, Ziburu, Donibane Lohitzune, Ahetze, Getaria eta Bidartekoak, hain zuzen ere.
Zalantzarik ez dago aurkikuntza bera eta orain aurkeztutako edizio kritikoa oso garrantzitsuak direla euskararen iragana hobeto ezagutzeko. Gutunak idatzi ziren sasoian ohikoa zen lapurtarren arteko harremana euren jatorrizko hizkuntzan izatea, euskaraz. Gero etorriko zen lurralde horretan euskal hizkuntzak izan duen atzerakada, agintariek berau sustatzeko barik baztertzeko hainbat neurri indarrean jarri ostean.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.