sábado, 9 de abril de 2016

Zerrenda gorrian

Espezieak inoizko arinen ari dira desagertzen, gizakiarekin estu lotutako hainbat faktoreren eraginez. Hala, anfibioen %30, mamiferoen %23, hegaztien %12, narrastien %5 eta arrainen %4 mehatxupean daude gaur egun. Orain arte zientziak animalien eta landareen ia bi milioi espezie ezberdin aletu ditu, baina Lurrean, heltzeko zailenak diren lekuetan, oihan tropikalean zein itsaso sakonenetan, bost eta ehun milioi artean egon litezke. Dagoenaren zati txiki bat baino ez da ezagutzen, beraz; eta horren baitan asko dira bizirauteko kinka larrian daudenak. Muturreko arrisku horretara eraman dituztenak, ohikoak: habitaten desagerpena, legez kanpoko merkataritza, ezkutuko ehiza, kutsadura, aldaketa klimatikoa, ozeanoen azidifikazioa eta espezie inbaditzaileen sarrera, besteak beste.
1963tik, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak (UICN) Mehatxatutako Espezieen Zerrenda Gorrian sailkatzen ditu animaliak, bederatzi mailatan, gutxieneko arriskua dutenetatik hasi eta desagertu direnetaraino. Mehatxatutako espezieei dagokienez, batzuk kalteberak dira (elefante afrikarra, hartz zuria edo lehoia), besteak arriskutan daude (tigre siberiarra, katamotz iberiarra edo panda erraldoia) eta beste zenbait, egoera kritikoan (Javako errinozeroa, mendiko gorila edo Amur-eko lehoinabarra). Ale kopuruari dagokionaz gain, zerrenda gorri horrek espeziearen eta bere habitat naturalaren gutxitzearen abiadura hartzen du aintzat.
Espezie horietako bakoitzaren egoerak bere berezitasunak ditu. Arrisku gorrian dauden primateen artekoak dira mendiko gorilak, 700 bat ale baino ez baitira geratzen, nahiz eta Ugandako gobernuak horien babesari ekin dion, nolabaiteko arrakastaz, amu turistiko gisa baliatuta. Beste kasu larrienetakoa Sumatrako orangutanarena da, zientzialariek sakon aztertu aurretik desager litekeena. Uhartearen hegoaldean baino ez dago eta bost mila ale inguru baizik ez dira geratzen. UICN-ko adituek mundu osoko 79.800 espezie aztertu dituzte orain arte, eta 2020rako 160.000ra heltzea dute helburu. Sailkatutakoen arteko gehien-gehienak ornodunak dira, bestelakoek, onddoek eta ornogabeek bereziki, erronka handia sortzen dutelako. Hala, ez da erraza arriskutan dauden espezieen diagnostiko globala egitea, horietako bakoitza bere testuinguruan ulertu behar delako, dauden herrialdeko edo herrialdeetako egoera politikoen arabera, kudeaketa planak dauden kontuan izanda edo-ta kontzientzia soziala neurtuta.
Espainiari dagokionez, 131 dira "arrisku kritikoan" dauden espezieak, eta 188 "mehatxupekoak". Kopuru hauek lurreko espezieei buruzkoak dira, itsasokoak eremu geografiko zabalagoetan kokatzen direlako. Mediterranioan, orain arte, mehatxatutako espezieak 18 dira, eta beste 17 Ipar Atlantikoko ekialdean. "Arrisku kritikoan" daudenak, ostera, 9 eta 5 dira, hurrenez hurren.
Datuok beldurgarriak dira, erabat. Baina badago itxaropenerako arrazoirik ere. Horren adibide da balea konkorduna, arriskutan egotetik azken urteotan bere egoera "kezka gutxikoa" izatera igaro dena. Horrelakoak errepika daitezen, zerrendaren egile den nazioarteko erakundeak babes neurri zorrotzak eskatzen ditu, eta herritarren konpromiso ekologikoa. Hala, lagungarria litzateke norbanako bakoitzak ohitura jasangarriak eta planetarekiko errespetagarriak bere egitea; behar ez diren produktuen erosketa eta eralgiketa saihestea; eta ingurumena aintzat hartuta ekoiztutako gailuak aukeratzea, birziklagarriak ez diren hondakin ahalik eta gutxien sortzen dituztenak, alegia. Guzti horiei esker, natur baliabideen gaineko presioa arindu eta sortzen dituzten ekosistemen gaineko eragin positiboa lortzen da. Bide berri bati ekiteko modu eraginkorra litzateke, desagertzeko zorian dauden guzti horiei aukera bat ematekoa.

    

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes