miércoles, 27 de abril de 2016

Txernobylgo mamuak

Hilaren 26an bete dira hiru hamarkada Txernobylgo zentral nuklearreko hondamendia gertatu zenetik. Historiako larriena izan zen, Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalan 7. mailakoa, handienekoa hain zuzen. Larunbata zen, Ukrainian goizaldeko 1:23. Energia elektrikoaren horniketa eteten zela simulatzeko proba batean ari zirela, Lenin zentral nuklearreko 4. erreaktoreak bat-bateko potentzia igoera jasan zuen. Hortik aurrera kateatu zen gainerakoa: erreaktore nuklearraren nukleoa gehiegi berotu zen, eta ondorioz bere barruan bildutako hidrogenoa lehertu. Askatutako material erradioaktiboa Hiroshiman jaurtitako bonba atomikoaren halako 500 izan zen. Eta emaitza, tamainakoa. Ofizialki 31 lagun hil ziren zuzenean, eta 135.000 biztanle aterarazi behar izan zituzten inguruko eremu zabal batetik. Infernutik ihesi joan behar zuten, baina askok soinean zeramaten jada.
Ezohiko erradiazio mailaren eraginez mila kilometro baino gehiagora Suediako Forsmark-eko zentral nuklearreko alarmak piztu zirenean onartu zuen orduko Sobiet Batasunak istripu bat jazo zela. Eta Pripyat deritzan hiria ebakuatu ostean baino ez zen Estatuaren telebistan gertatutakoaren berri eman: "Istripu bat izan da Txernobylgo zentral nuklearrean. Erreaktore nuklearretako bat hondatuta dago. Istripuaren ondorioak zuzentzen ari dira. Laguntza eman zaie kaltetutako lagunei. Ikerketa batzorde bat eratu da". Beti bezain lakoniko aritu ziren bertako aurkezleak apirilaren 28an.
Pripyat 1970eko hamarkadan eraiki zen zentraleko langileak eta horien familiak bertan hartzeko. Orotara, 50.000 lagun inguru bizi ziren bertan. Lehen Hezkuntzako hamabost eskolak, bigarreneko bostek, eskola tekniko batek, ospitaleak, bi kirol zelaik eta atrakzio parke batek bertan jarraitzen dute, hondamendiaren lekuko isil modura, hutsik. Kaleetan ez dabil inor, eta apartamentu blokeak hondakin erradioaktiboak dira. Kopatxi, zentraletik oso gertu, 1.114 biztanleko herrixka zen, eta kalte gehien jasan zuena. Euri erradioaktiboaren kutsadura hain zen handia agintariek eraitsi behar izan zutela, eta etxe eta eraikinak lurperatu.
Zentralera berehala bertaratutako suhiltzaileak hil egin ziren, eta inoiz ez zitzaien esan istripua erreaktorearen leherketaren eraginezkoa izan zela. Inguruetako milaka lagunek erradiazio maila handia pairatu zuten. Asko azkar zendu ziren eta beste hainbati bizitza laburtu zien, hamaikatxo belaunaldi horretara zigortuta. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 4.000 izan ziren leherketaren zuzeneko zein zeharkako biktimak. Dena zen, zifrak oso ezberdinak dira iturrien arabera.
Debekatutako eremuan ezin izango da inor ibili milaka urte barrura arte, 137 zesio erradioaktiboa, estrontzio-90 eta plutoniozko isotopoen kutsadura maila ez baita bateragarria giza bizitzaren ohikoarekin. Bertako basoetan, hogeita hamar urte eta gero, erradiazio maila Hiroshimakoaren halako 20 eta Nagasakikoaren halako 30 da, bi hiriotako leherketak jazo zirenekoak aintzat hartuta.
Txernobylgo zentraletatik 30 kilometrotan zeuden herri guztiak ebakuatu zituzten eta kontrol militarpean jarraitzen dute. 2.600 kilometro koadroko eremua da bizirik gabe dagoena, pozoinez gainezka. Esklusio eremuaren helburu nagusia gune arriskutsuenetara inor ez hurbiltzea, kutsadura erradioaktiboaren zabalkundea galaraztea eta zaintza erradiologiko eta ekologikoko jardueretan aritzea da.
Gaur egun inork ez daki zehatz zeintzuk izango diren hondamendiaren epe luzeko ondorioak. 30 urte eta gero, adituak ere ez dira gai istripuaren zenbaiterainokoa guztiz ulertzeko. Zentrala sarkofago berri batean sartu beharko da, baina denek dakite hori ez dela nahikoa, behin behineko konponbide antzekoa besterik ez. Txernobylgo mamuek oso luzaroan jarraituko dute bizirik, mehatxari.



0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes