viernes, 15 de abril de 2016

Ordainketak mugikorretik

Espainiako zenbait banketxe garrantzitsuk mugikorraren bidez ordainketak egiteko aukera emango duen aplikazio bateratua abiatuko dute uztailean. Bizum izeneko honek denetariko ordainketak ahalbidetuko ditu, dendetan egitekoak, mugikor ezberdinak dituzten lagunen artekoak zein interneten berehala gauzatzekoak. Beraz, estrainekoz aplikazio bakarra partekatuko dute banku ezberdinek transferentziak bat-batean eta komisiorik gabe egiteko. Bada urtebete egitasmoari ekin zitzaionetik, banketxeak, ordainketa eta diru elektronikoko elkarteekin eta telefono konpainiekin batera, mugikorraren bitartezko berehalako ordainketak bizkortzeko elkarren arteko azpiegitura sortzen hasi zirenetik. Azkenean aurrera egin du asmo hutsa zenak, baina horretarako Espainiako Bankuaren eta Europako Banku Zentralaren bultzada behar izan da. Azken honek mugikorren bidezko ordainketen bateratze prozesuaren bultzatzaile modura jardun du aspaldion.
Banketxeek ia dena prest daukate uztailaren 15ean aplikazio berria abiarazi eta ezagutzera emateko. Oraingoz, lau izango dira aitzindari lana egingo duten finantza-entitateak: CaixaBank, Santander, BBVA eta Sabadell. Dena den, gainerakoak gehituko zaizkie berandu baino lehen, helburua sektore osoarentzat plataforma bakarra sortzea baita. Bizum deritzanak mugikor bidezko ordainketen aldeko apustua islatzen du, eta horrek beste zenbait sistemari egingo die kalte, eskudiruzkoari eta kreditu txartelenei batik bat.  
Espainiako Bankuen Elkarteko (AEB) presidente José María Roldán-ek asteon esan berri duenez, norberarena ez den bankuko kutxazainetan dirua ateratzearren 2 euroraino kobratzen hasi ostean behera egin du aukera horrek. Horrekin lotuta egon badago mugikorraren alde orain egin gura den apustu sendoa. Bizum-ek bateragarri egingo ditu banku eta mugikor operatzaile ezberdinen arteko ordainketak. Hala, merkataritza guneetako, lagunarteko, interneteko edo gailu ezberdinen arteko ordainketetarako transferentziak berehala egin ahal izango dira arazorik gabe. Transferentzia hauetako asko gauzatzeko 24 ordu behar dira gaur egun. Zenbait herrialdetan, gainera, prozesuak luzeago ere jotzen du eta ezinezkoa da banku eta mugikor ezberdinen arteko ordainketak bateragarri egitea.  
Hau lortzeko, bezeroak aplikazio jaitsi beharko du, eta bere mugikorra eta bankuko kontua lotu, banketxea edozein izanik ere. Dirudienez, ordaintzeko edo lagun bati dirua bidaltzeko modu hau komisiorik gabekoa izango da. Orain arte Vodafone izan da zeregin honetan aurreratuena, azaroan ekin baitzion. Visa eta MasterCard-ekin bateratu zituen ordainketak, baina hauen gailuen bidez bakarrik.
Egitasmo berria abiatzeko, dena den, Merkatuen eta Konpetentziaren Batzorde Nazionalaren (CNMC) onarpena falta ei da oraindik. Urrats hori egin ostean, prestaketa lanak azken fasean sartuko dira eta aplikazioa abiatzearekin batera publizitate kanpaina handi bati ekingo zaio berau jendartean ezagutzera emateko. Helburu nagusia SEPA edo Europako Ordainketa Sistemarekin jada lortutako abantailak baliatzea da, eta zatikatutako merkatu bat nagusitu dadin eragoztea; hori baita, adibidez, Espainian txartelekin jazotakoa.
Teknologiak aukera berriak ematen ditu, gero eta gehiago, arlo guztietan. Iraultza dator ordainketen esparruan, baina aurrerantzean antzeko beste asko helduko dira. Osasuna eta mugikorrak lotzen dituena, esaterako, bertantxe dago. Eta halaxe beste asko, horretatik baztertuta bizitzea ezinezko egiteraino.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes