domingo, 3 de abril de 2016

Euskaltegiak, gorantz

Euskararen biziberritze prozesuak luze joko du oraindik. Gazteenen artean hezkuntza sistemak bermatu beharko luke horiek elebidun oso bihurtzea, baina helduen euskalduntzeak bestelako baldintzak eta erritmoa ditu. Horregatik izan da hain kezkagarria 2010etik 2013ra bitartean euskaltegietan izandako matrikulazioen beherakada, kalte egiten ziolako benetako elebitasuna lortzeko asmoari, eta orain artekoan atzerapausoa zelako. Asteon, baina, Eusko Jaurlaritzak datu berriak plazaratu ditu, 2015-16 ikasturtean euskaltegietan matrikulatutako ikasle kopuruak %2,86 gora egin duela adierazten dutenak.
Euskarak 318.000 hiztun berri irabazi ditu azken hiru hamarkadotan, eta horien arteko herenak heldutan ikasi du hizkuntza, helduen euskalduntze zereginetan dabiltzan euskaltegi publiko zein pribatuen ekinari esker. Haatik, 40 urtetik gorako herritarren artean erdia baino gehiago erdaldun elebakarra da oraindik. Horregatik, "elebakartasunaren zakua husten jarraitzeko" eraginkor izan beharra azpimarratu zuen datuon aurkezpenean Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak.
Bera izan zen ikasturtearen bilakaera zehaztu zuena, aurreko ikasturteko aldi berarekin konparatuz gero. Hala, martxoaren 29ra arte iaz egun berean baino 875 ikasle gehiago pasa dira euskaltegietatik, lehenago nabarmendutako igoera ahalbidetuz. Eta urte amaieran, aurreko abenduaren 31n alegia, 2014ko egun berean baino 492 gehiago ziren euskaltegietako ikasleak —%1,82 gehiago—. Iazko ikasle kopurua gora doa, beraz, eta ikasturteak aurrera egin ahala erritmo biziagoan. Duela hiru hilabete baino 3.835 ikasle gehiago ari dira euskaltegietan orain.
Alde handiago dago 2010-2013 bitartean jazotakoarekin. Hiru kurtsotan %19 jaitsi zen euskaltegietako ikasle kopurua, 2013-2014koan ozta-ozta eutsi zitzaion arte —aurreko ikasturtekoak %0,42 baino ez zuen egin behera orduan—. Orain, zorionez, gorako norabidea nagusitzen ari da, ikasturte honetako lehen sei hilabeteetako datuak aintzat hartuta. Joera aldaketak arnasa ematen dio helduen arteko euskararen sustapenerako prozesuari.
Horrez gain, HABEri dagozkion zenbait berritasun ezagutzera eman dituzte Hizkuntza Politikarako arduradunek. Orain arte, erakunde horrek bi egiaztatze deialdi zituen —B1, B2, C1 eta C2 mailak egiaztatzeko—, euskaltegietako ikasleei mugatuta zeudenak. 2015-16 ikasturte honek, baina, lau berritasun nagusi dakartza. Batetik, A1 eta A2 gaitasun mailen egiaztagiriak sortu dira, ebaluazio jarraituaren bitartez emango direnak. Bi maila hauek egiaztatzen dituzten ikasleak, gainera, diru-laguntza indibidualen sisteman sartuko dira gainerako mailetakoekin batera. Bestetik, deialdi irekiak helduko dira B1 eta B2 mailetara. Euskaltegietako ikasleentzako ohiko deialdiez gain, bi maila hauek deialdi irekiaren bitartez egiaztatu ahal izango dira aurrerantzean. Beraz, euskaltegietako ikasle ez direnek ere, herritar guztiek alegia, aurkezteko aukera izango dute. Deialdi ireki hauek HABEren urteko bigarren deialdiarekin batera egingo dira, eta matrikulazioa irailean zabalduko da.
Baina bada beste berritasunik ere. B1 azterketak euskaltegietan bertan egin ahal izango dira ikasturte honetan, BEC-en egin ordez, eta maila honetan ikasten duten ikasleek, azterketa egiterakoan, mintzamen proba idazmen probaren aurretik egingo dute. Azkenik, HABEk A2 maila egiteko metodo integral bat argitaratu du, eta horren berri ere asteon eman da.
Urrats guztiok Euskararen Agenda Estrategikoaren baitakoak dira, legealdi honetarako Eusko Jaurlaritzak landutako ekinbidean zehaztutako 168 konpromisoen artekoak.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes