jueves, 21 de abril de 2016

Diabetesaren mehatxua

Diabetesari buruzko jardunaldi garrantzitsua ari da egiten Bilbon egunotan, Euskalduna Jauregian. Ez da edonolako gaitza. Estatu mailan populazioaren ia %14 dago berorrek jota, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, %10 inguru. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, heriotzarekin lotutako hamar eragile nagusietakoa da. 2000. urtean 171 milioi lagun inguru ziren diabetikoak munduan, eta 2030.erako 370 izatea aurreikusten da. Diabetesa gaixotasun kronikoa da, giza gorputzak behar duen intsulina kopurua pankreak sintetizatu ezin duenean, kalitate gutxiagokoa sortzen duenean edo eraginkortasunez baliatu ezin duenean agertzen dena. Intsulina pankreak ekoizten duen hormona bat da, eta odoleko glukosa dagozkion kopuruetan mantentzea du eginkizun nagusia. Glukosa organismoan sar dadin ahalbidetzen du, eta zelulen barrenera garraitzea, bertan giharrek eta ehunek funtziona dezaten beharrezkoa den energia bihurtuta. Gainera, zelulek glukosa gorde dezaten egiten du posible, behar dutenean erabiltzeko.
Diabetesa ohikoagoa da adinean gora egin ahala. Hala, zaharren %25-%30 gaitzak jota egon daiteke. Mota ezberdinetako diabetesak daude, sortzen diren momentuaren, zergatien eta sintomen araberakoak. 1 motakoa haurtzaroan, nerabezaroan eta helduaroko lehen urteetan agertzen da. Bat batean ekiten dio gainera, familian aurrekaririk ez egon arren askotan. Edateko beharra neurrigabe gehitzea eta txizaren kantitatea handitzea dira sintometako batzuk, neke sentsazioarekin eta nahiz eta gehiago jateko gogoa izan pisua galtzearekin batera. 2 motakoa urteek aurrera jo ahala agertzen da gehienetan, eta aurrekoa baino hamar aldiz ohikoagoa da. Familian aurrekariak dituztenek jasaten dute ia beti. Ez du sintoma berezirik izaten, ezta ondoezik sortzen, eta horregatik oharkabean eusten zaio luzaroan. Azkenik, bada aldikako diabetesa ere, haurdun dagoen emakumeari eragin diezaiokeena, adibidez. Ez du sintomarik eta haurdun geratu osteko 24. astetik aurrera andreari egindako ohiko analisietan antzematen da. Mota honetakoak urteen joan-etorriarekin diabetesa izateko arriskua handitzen du.
Gaixotasun hau horrenbeste zabaldu izana zuzen lotuta dago azken hiru hamarraldietan bizi ohituretan izandako aldaketekin. Egonekoagoak gara eta koipe aseak eta azukre gehiago irensten ditugu. Hala, Europako iparraldeko zenbait herrialdetan %50 gutxitu da diabetesaren agerpena arriskuan zeuden pertsonen artean, eta horretarako dieta hobetu da, eta ariketa fisikoa gehitu. Izan ere, horiei ekin behar zaie hipertentsioa, kolesterol altua, gizentasuna edo familiako aurrekariak daudenean.
Bilboko jardunaldietan 1.500 profesional inguru bildu dira, arlo guztietakoak: osagileak, erizainak, dietistak, biologoak, injineruak eta baita farmazia industriako kideak ere. Gaixoei emandako laguntza moduak hobetzeko bideei buruz ariko dira, eta ikerketarekin lotutakoen inguruan. Maila horretan sekulako garrantzia du Kongresu honek, eta Bilbon eragin ekonomiko handikoa izango da. Hamar hoteletan mila plaza hartu dituzte bertaratutakoek eta asteazkenetik ostiralera bitartean bi milioi eta erdi euro inguru utziko dituzte hirian.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Planean diabetesaren arrisku faktoreak gutxitzea lehenesten da, bide ezberdinetatik. Izan ere, gaixotasun honek sekulako kostu soziala eta ekonomikoa dauka eta ikuspuntu askotatik ekin behar zaio berorri eraginkortasunez aurre egiteko. Jon Darpón Osasun sailburuaren esanetan, "ohikoan ariketa fisikoa praktikatzea osasunean inbertitzea da", beti adinera eta pertsona bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, hainbat gaixotasunen prebentzioan laguntzen duelako, tartean "diabetesarenean, hipertentsioarenean, enbolienean, buruko arazoenean eta koloneko zein bularreko minbizienean, besteak beste".


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes