Bizkaiko Foru Aldundiak trafikoarekin lotutako ekimen interesgarria abiarazi berri du, errepideei buruzko informazioa eskainiko duen sakelako telefonoetarako aplikazio berria hain zuzen ere. Aste Santuaren bezperotan bidaiari oro bereziki dago adi errepideetan gertatzen direnei dagokienez eta honako honek erantzun egokia eta azken momentukoa ematen die. Aplikazioa doakoa da eta dagoeneko erabilgarri dago, euskaraz zein gazteleraz, Android eta iOS gailuetarako. Honen bitartez, aukera dago Bizkaiko errepideen egoera denbora errealean ezagutzeko, kameretako irudiak ikusteko eta erabiltzaileen ohiko ibilbideetan gerta litezkeen gorabeherei buruzko jakinarazpenak jasotzeko.
Aurkezpenean Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez, informazioa gidariengana heltzea oso garrantzitsua da, joan-etorriak egokiro planifikatu ahal izateko. Gainera, informazio zehatza denbora errealean emateak mugikortasun jasangarria eta adimenduna sustatuko duela gehitu du, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan baliatu ahal izango baita aplikazio berria. Berau 'Bizkaimove' web orriaren bertsio berritua da, sakelako telefonoetarako egokitu eta hobetu dena. Hala, erabilera-esperientzia interaktiboagoa eta dinamikoagoa eskainiko du aplikazioak eta, helburu horrekin, erabiltzaileekin bi norabideko komunikazioa duen ereduan oinarritzen da, alde biek informazioa elkar elikatzeko partekatzen dutenez gero.
'Bizkaimove móvil' deritzanak, jatorrizko web orriak bezala, errepideetako lanei eta gorabeherei buruzko informazio osatua helarazten die gidaiariei, kameretako aipatutako irudiekin batera, eta mendateen gaineko xehetasunak ere ez dira faltako. Gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren trafikoari buruzko informazioan eta Euskalmeten sartzeko aukera ematen du. Gainera, erabiltzaileek ibilbide pertsonalizatuak sortu ahal izango dituzte, bidaiaren jatorria eta helmuga jakinarazita, ibilbidea ordutegi egokian egiteko asmoz. Aplikazioak 112 zenbakira larrialdiko dei zuzena egiteko zerbitzua eta lokalizaziozkoa ere eskaintzen ditu, larrialdiko abisua gailu mugikorraren koordenadekin batera bidaltzeko.
Pradalesen berbetan, aplikazio berri hau bat dator azpiegiturak kudeatzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren ereduarekin. Hau da, sistema dinamiko bat baliatzearekin, etengabe aldatzen ari dena, errepide adimendunez osatutako sarea izateko. Hori da epe laburrean lortu gura dena, hobekuntzekin jarraitzea, teknologia eta berrikuntza aplikatzen jarraitzea, bide-sarearen eta erabiltzaileen zerbitzura beti ere. Internet da Bizkaiko gidariek gehien erabiltzen duten informazio iturria —'Bizkaimove' orriak 30.000 bisita ditu hilabetero—, eta %46,3k aitortu du sarea errepideen egoeraren berri izateko erabiltzen duela, besteak beste.
Aplikazioaren aurkezpena Malmasineko MKZ-Mugikortasuna Kudeatzeko Zentruan egin dute Foru Aldundiko arduradunek, eta Pradalesek bertan egiten den lana nabarmendu du. Zentro horretatik kudeatzen ditu errepideak eta tunelak lurralde mailako erakundeak, Interbiak sozietateak kudeatzen dituen ordainpeko bideak izan ezik. Sentsore bidez kontrolatutako sarearen eta tunelen kudeaketa denbora errealean egiten da bertatik. Sarean gertatzen direnak SOS-Deiak eta kontserbazio integralerako eremuen arteko konexioaren bidez ere zaintzen dira. Jarduera guztien erregistroak trafikoaren egoeraren analisia erraztu eta etengabeko hobekuntza ahalbidetzen du.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.