Mario Draghi Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak neurri sorta garrantzitsua iragarri du, kreditua berrindartzeko eta prezioak egonkortzeko. Hala, erreferentziazko interes-tasa %0,05etik %0ra jaistea eta dirua EBZren kutxetan uzteagatik finantza erakundeei kobratzen dien tasa igotzea erabaki du (-%0,30etik -%0,40ra arte), diru hori familiei eta enpresei maileguak emateko erabil dezaten. Horrekin batera, ekainetik aurrera, maileguok eskaini ahal izateko luzera begirako finantzaketa eskainiko die bankuei, eta tasa negatiboetan. Halaber, apiriletik aurrera 80.000 milioi euroraino igoko du Bankuak bere hileroko erosketen bolumena, orain arte 60.000 milioitan zegoena.
EBZ-k jakinarazi duenez, 2016an euroguneko inflazioa %0,1ekoa izango da —aurreko abenduan %1ekoa iragarri arren—, eta hazkundea %1,4ra helduko da, iazko azken hilabetean %1,7koa izan zitekeela adierazi eta gero. Duela hiru hilabete, 2017ko hazkundea %1,9koa izango den ustea aurreratu zuen Bankuak, eta 2018koa, aldiz, %1,8an ezarri.
Draghik zuzentzen duen erakundearen helburua moneta-zirkulazioa bizitzea eta kreditua sustatzea da, ekonomiari eusteko eta, batik bat, deflazioa uxatzeko. Xede horiek bat datoz EBZ-ren iragarpenen norabidearekin, hazkunde eta inflazio gutxiago aurreikusten dutenekin. "Euroguneko hazkundearen aurreikuspenei buruzko arriskuez" ohartarazi du Bankuko buruak, eta mehatxu horiek "ekonomia globalaren ziurgabetasunekin" lotu ditu, eta baita "arrisku geopolitiko handiagoekin" ere.
Prezioei dagokienez, EBZ-ren kalkuluen arabera, maila negatiboan jarraituko dute "hurrengo hilabeteetan", otsailean %0,2 jaitsi eta gero. Finantza erakundearen buruak agintari politikoen laguntza eskatu du, berriz. "Gure moneta-politikaren onura guztiak jaso ahal izateko, beste zenbait politika erabakigarriak izango dira", ohartarazi duenez. Izan ere, susperraldi ziklikoaren jarraipenak egitura mailako politika eraginkorren beharra duela deritzo: "Moneta-politika moldagarri baten pean, egitura mailako erreformak modu azkarrean eta eraginkorrean abiarazteak, eurogunearen hazkunde handiagoa ahalbidetzea ezezik, zonaldea sendotu egingo du 'shock' globalen aurrean", Draghiren esanetan.
Hitzok ez dira berriak, dena den. Draghi neurri hauen eske dabil 2011ko azaroan kargua hartu zuenetik. Baina orain beste esangura bat dute adierazpenok, moldatzeko bere ahalmenaren mugan dabilelako. Izan ere, EBZ-k ezin dezake askoz gehiago egin ekonomia babesteko, eta egitura mailako erreformak eta aurrekontu mailakoak beharko ditu orain gobernuen aldetik.
EBZ-ko presidentearen esanetan, "eurogunea ez dago deflazioak jota" eta orain arte berak zuzentzen duen erakundearen neurriek eragin positiboa izan dute. Bere aburuz, eurogunearen susperraldiaren ardatz nagusia moneta-politika izan da, petrolioaren prezioen beherakadarekin batera. Draghiren arabera, ez da beharrezkoa izango interes-tasen jaitsiera areagotzea, horrek euroguneko bankuei kalte egingo liekeelako. "Ezin dira nahi beste jaitsi finantza-sistemak jasan ditzakeen kalte larriak aintzat hartzen badira", nabarmendu zuen, oraingoz tasa negatiboen esperientzia positiboa izan dela eta bankuen "errentagarritasun erantsia" kaltetu ez dela gehituta.
Ekonomia globala noraezean dabil azkenaldion, eta Europa horien aurrean babesten saiatzen ari da. Dena den, ikusteke dago EBZ-ren neurri guztiok zenbateraino lagunduko duten horretan, eta egiten ari diren aurreikuspenak zein norabidetan zehaztu beharko diren datozen hilabeteetan.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.