Euskalkiak euskararen bihotza dira, arima. Horietan oinarritzen da hizkuntzak berea duen horrenbesteko aberastasuna, herri batetik bestera edozer adierazteko dagoen aniztasuna. Batasuna ezinbestekoa da arau berberen pean idazteko eta guztiok arazorik gabe elkar ulertzeko, baina euskalkiek behar dute horren sustrai, erro. Guzti hori aintzat hartuta, ezin garrantzitsuagoa da Koldo Zuazo hizkuntzalariak 'euskalkiak.eu' web orria abian jarri eta bertan horien jatorria, ezaugarriak eta mapa geografikoa landu izana. Altxorra da, benetan, bertan aurki daitekeen edukia. Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntza ekonomikoa du ekimenak, eta Zuazo bera eta Teresa Portugal dira bultzatzaile nagusiak, beste lau lankiderekin batera.
Diseinu txukun eta koloretsukoa da prestatu duten ataria, eta ederto aletuta dago edukia. Hala, sailkapenak, ezaugarriak, euskalkien jatorria, euskararen batasuna, hizkeraz hizkera, ikus-entzunezkoak, hiztegia, esaera zaharrak eta esapideak dira bertako atalak, nahi den edukia ahalik eta azkarren aurkitu ahal izateko modukoak. Bertan adierazten denez, egungo euskalkiak erakusteko asmoari heldu diote, eta baita horien sorlekuak, historian zehar garatu diren literatura-euskalkiak eta 1964az geroztik egituratu den euskara batua ere. Ez hori bakarrik, euskara batua leku bakoitzeko beharrizanetara egokitzeko argibideak ere eskaintzen dira.
Bost euskalki nagusi ditu euskarak gaur egun: mendebalekoa —'bizkaiera' deitzen den hori—, erdialdekoa —'gipuzkera' esaten zaiona—, nafarra, nafar-lapurtarra eta zuberotarra. Lehenari dagokionez, homogeneoa ez dela azpimarratzen da, azpieuskalki bi eta zortzi hizkera nagusi ageri baitira. Hala, lehenei dagokienez, Busturialdeko hizkerek, iparraldean, eta Otxandio-Oleta-Ubide aldekoek, hegoaldean, egiten dute bien arteko lotura.
Biziki interesgarria da, aldi berean, euskalkien jatorriaz Zuazok dioena. Bere berbetan, badira euskalkiak zaharrak diren ustea gezurtatzen duten bi gertakari: euskalkien arteko batasuna zabala dela, batetik; eta berrikuntza komun ugari daudela euskalki guztietan, bestetik. Ez bakarrik hori. Hizkuntzalariaren aburuz, gaur egungo euskalkiak Erdi Aroan gauzatu ziren, eta bost sorleku izan zituzten: Iruñea, Gasteiz, ekialdea, Bizkaiko erdigunea eta Beterri eskualdea. Gainera, euskararen barruan ikusten den zatiketa hirukoitza nabarmentzen du. Horren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa multzo batean leudeke, Ipar Euskal Herria bigarrenean, eta Nafarroa hirugarren batean.
Hizkuntzaren batasunari dagokionez, horren barruan dialektoak sortzea nahitaezkoa dela aipatzen da atarian. Baina berezko indar banatzaile horri aurre egiteko, indar bateratzaileak ere sortzen dira. "Ez dira berezkoak, hiztunek batak besteari erraz eta eroso ulertzeko garatzen dituztenak baizik", Zuazok azaltzen duenez. Euskara batuaren lehen urratsak berandu egin ziren, jakina denez. Ofizialtasun faltak eragindakoa da arazo hori; euskara inguru jakin batzuetako ahozko jardunetara mugatzen zenez, nahikoa baitzen lekuan lekuko euskalkia. Baina gai honi buruzko atalean gehitzen da badirela horretan eragin zuten beste bi gertakari ere: Larramendiren eta Arana Goiriren mezuak.
Lehenak euskalki guztiak zirela onak eta erabili beharrekoak esan zuen 1745eko bere hiztegiaren hitzaurrean. Euskara hizkuntza basatia eta arautu ezina zela ziotenei aurre egiteko, euskara eta bere euskalkiak Jainkoak Babelen sortu zituela esan zuen Larramendik eta ikuspegi horretatik etorri zen literatura-euskalkiak garatzea. Sabino Aranak, aldiz, herrialde bakoitzean bertako euskalkia landu behar zela zeritzon. 'Lecciones de ortografía del euskera bizkaino' saioan idatzi zuenez, sei euskalki behar ziren, ez euskara batu bakar bat. Guzti horiek aintzat hartuta azaltzen du Zuazok euskararen batasuna hain berandu gauzatu izana.
Ez da eduki interesgarririk falta euskalkiei buruzko lan aberats honetan. Euskaldun orok aurkituko ditu bertan aberasgarri izango zaizkion edukiak, eta gaur egungo asko ulertzera eramango dituenak. Izan ere, asko dago euskalkien inguruan ezagutzeko eta ikasteko, horien gainean aberastu ahal izango baita beti guztiok partekatzen dugun euskara batua.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.