viernes, 4 de marzo de 2016

Estatu eleaniztuna

Estatuko erkidego gehienetako 250 lagun inguruk eleaniztasunaren aldeko agiria sinatu berri dute, 'Espainiaren hizkuntza aniztasunaren onarpenaren eta garapenaren aldekoa' hain zuzen. Gehienak idazleak, unibertsitateko irakasleak, komunikatzaileak, kazetariak, akademikoak, filologoak, soziolinguistak eta politikoak dira. Euskal Herriko hasierako sinatzaileen artean Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Anjel Lertxundi, Patxi Baztarrika, Lorea Bilbao, Daniel Innerarity, Juan Ignacio Pérez Iglesias, Pello Salaburu edo-ta Gorka Landaburu daude, hogeita hamar bat laguneko zerrenda osatu arte. Estatuko gainerako erkidegoetatik bat egin dutenen artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, Carme Riera, Manuel Rivas, Fran Caamaño, Joaquin Coll, Xesús López Montero edo Fernando Ramallo.
Kazetari Europarren Elkarteak Madrilen duen egoitzan egindako aurkezpenean, agiria Estatuko zazpi hizkuntzatan irakurri zen, berorrek aipatzen duen eleaniztasunaren erakusgarri. Espainiako hiritargoaren %47 gazteleraz gain beste hizkuntza bat duen erkidegoren batean bizi da. Ezagutzera emandako idatziak dioenez, gizarte guztietan hizkuntza aniztasuna ez da salbuespena, araua baizik. Munduan sei mila hizkuntza baino gehiago daude, 200 bat estatutan banatutakoak.
Hortik abiatuta, Espainiaren hizkuntza aniztasuna aitortu eta garatzea eskatzen du agiriak, eta baita Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruzko konpromiso guztiak betetzea ere. Dokumentua sinatu dutenen iritziz, hizkuntzek erkidegoen bizikidetza eta elkar ezagutza sustatzen dute, eta ikaskuntza prozesuetan hobekuntza nabariak dakartzate. Gainera, "Espainiaren eleaniztasunak hobeki prestatzen gaitu Europaren eleaniztasunerako". Bide horretatik abiatuta, hizkuntza guztiak berdin-berdin Espainia osoari eta herritar guztiei dagozkiela irizten diote agiriaren bultzatzaileek.
Konstituzioaren 3. artikuluak eta bederatzi autonomia estatutuk hizkuntza aniztasuna aitortzen dute, bai katalana/valentziera (Katalunian, Valentzian eta Balear Uharteetan), galegoa (Galizian), euskara (EAEn eta Nafarroan) eta aranera/okzitaniera (Katalunian) ofizialtzat joz, zein Aragoiko, Gaztela eta Leongo eta Asturiaseko berezko hizkuntzak onartuz eta babestuz. Lege mailako aukerez baliatuta, eleaniztasunaren aldeko agiriak hori espresuki arautuko duen lege bat onestea eskatzen du. Zeharkako legea litzateke, organikoa, lege organikoak aldatuko dituelako. Hala, lege berri horrek Estatuko Administrazio Orokorra, Justizia eta goi mailako erakundeak ukituko lituzke. Gainera, kasuan kasuko autonomia estatutuetan ezarritako xedapen eta eskumenekin bat egingo luke, eta lurralde printzipioarekin.
Ildo beretik jota, agiriak dio hizkuntza aniztasuna aitortu eta garatzeak berarekin dakarrela erantzunkizun partekatua, aurrekontuei dagokienez esaterako. Ondorioz, kostu hori administrazio guztiek hartu behar dute euren gain, "jadanik eskura dituzten giza baliabideak eta diruak eta, bereziki, informazio eta komunikazio teknologiak erabiliz". Izan ere, hizkuntza aniztasuna autonomia erkidego guztietan defendatu behar den balio bat dela dio idatziak, eta horietako bakoitzak, barne adostasunen arabera, bere oreka lortu behar duela hizkuntza kontuetan, "guztien eskubideak eta sentiberatasuna errespetatuz eta hizkuntza guztien erabilera bultzatuz". Azkenik, Espainiako ordezkari politikoei dei egiten die datorren legegintzaldian alor honetan adostasuna bila dezaten, horrek ahalbidetuko baitu "Konstituzioaren geroko erreforma batean espresuki jaso behar diren aldaketak" gauzatzea.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes