Teknologia berriek abantaila eta aurrerapen sorta zabala eskaintzen dute hainbat esparrutan, baina arrisku eragile ere izan daitezke. Horietako batzuk bereziki dira deigarriak, ezagutzera ematen dituzten iturriak bezalaxe. Defentsa Ministerioaren 'think-tank' ezagun batek, Ikerketa Estrategikoetarako Institutu Espainiarrak (IEEE) hain zuzen, 3D inprimagailuek ekar litzaketen kalteen inguruko hausnarketa egin berri du, aurreko martxoan plazaratutako txosten baten bidez. Horren arabera, aipatutako tresnak benetako desafioa izan daitezke suntsipen masiboko armen ugaritzearen aurkako borrokari dagokionez.
Izan ere, eragile ez estatalen aldetiko aurrerapen teknologikoen asmo gaiztoko erabilera nazioarteko komunitateak aurrean dituen erronken arteko nagusietakoa da, aipatutako iturriaren irudiko. Hala, teknologia jakin bat deliturako baliatzeak atxikita daramatzan ezaugarriei informazio-teknologien bilakaera azkarra gehitu behar zaie. Informazio hori 3D inprimagailuak erabilita "gauzatzeko" aukerak arriskuzko agertoki berria sortu du, bai arma konbentzionalen legez kanpoko trafikoari dagokionez eta baina suntsipen masibokoen ugaritzearen arloan ere. Institutuko analistetako baten ustez, tresna horiek posible egiten dute "arma kimikoak, biologikoak edo zikinak" fabrikatzea, 'DIY' (Do it yourself-Zerorrek egin ezazu) kontzeptua aintzat hartuta.
Txosten horretan adierazten denez, oraindik "ez da posible 3D inprimagailu batekin material fisionagarria fabrikatzea baina etorkizunean, metalezko 3D inpresioa garatu ahala, zentrifugatzaileak eta misil-buruak sor litezke" arma nuklearrentzat. Ildo horretatik, gaur egun jada 'biohacker' talde batek "tintazko HP 5150 inprimagailu bat zelula biziak lortzeko gai den bioinprimagailu" bihurtzea lortu duela dio. Arma kimikoen ugaritzeari begira, IEEEk gogora dakar 3D inprimagailuek aukera ematen dutela "erreaktibo ezberdinak konbinatuz 'in situ' produktu kimiko bat sortzeko", nahiz eta oraindik hau arrisku "hasiberria" izan. Aldi berean, horrek "arma kimiko modura erabil litezkeen konposatuen sintesirako" bidea zabal lezake. Ez dira edonolako mehatxuak, beraz, dossierrak mahai gainean jartzen dituenak, nahiz eta batek baino gehiagok katastrofistatzat jo dezakeen.
IEEEko adituaren irudiko, "3D inprimagailuekin, suntsipen masiboko armen ugaritzearen kontrola zailagoa izango da, arazoak materialen eskuratze fisikoa gainditu eta horiek sortzen dituen informazioaren esparrura jauzi egingo duelako". Horrek, jakina, aldaketa "kuantitatiboa eta kualitatiboa" eta dimentsio berri batera abiatzea lekarke, kontrolatzeko oso zaila den "teknologia ukiezinaren transferentziari dagokionera", hain zuzen.
Agertoki horri aurre egiteko asmoz, Defentsa Ministerioaren 'think-tank' honek "erabilera bikoitzeko materialaren esportazioaren gaineko kontroletan aldaketak egitea" proposatzen du, modu honetan "informazioaren teknologiekin lotutako aurrerapen teknologikoak aintzat hartu eta horietara egokitzeko". Izan ere, horren aburuz, "suntsipen masiboko armen ugaritzearekin zerikusia duten teknologia eta informazioa eskuragarriagoak dira orain eragile ez estatalentzat", eta horiek, "modu oinarrizkoan izan arren, arma kimikoak, biologikoak, radiologikoak eta baita nuklearrak ere ekoizteko gaitasuna lor dezakete azpiegitura handirik behar gabe".
Edozein herritarren ikuspuntutik apokaliptikoa eman dezake guzti honek, baina etor daitekeenaren arriskuez ohartzeko baliagarria izan daiteke. Guztiz globalizatutako munduan, indarkeria baliatzen duten hainbat eragileren asmoek ere txarrera egin dute teknologiak ematen dizkien aukerei esker, eta, zentzugabeko izua eragin eta askatasunaren eta segurtasunaren arteko oreka hautsi gabe, jakitun egotea eta ahalik eta informazio gehien izatea ona da beti.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.