lunes, 15 de febrero de 2016

Sei hiztegi berri

Lan oparoa egin da azken hamarkadotan euskararekin lotutako hiztegigintzan. Hizkuntzaren sustapenak ezinbesteko ditu horrelako tresnak, irakaskuntzaren bidez ahalik eta jende gehienarengana heltzeko. Aurreko astean beste urrats bat egin da bide horretan, sei hiztegi berri aurkeztu baitziren Donostian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eskutik. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) zein garrantzitsuak diren argi izanda, arlo ezberdinetako hiztegiak jarri dira sarean. Berriak diren sei horiez gain, lehendik bazegoenetako bat eguneratu egin da eta beste batek paperetik sarerako jauziari ekin dio.
Hiztegi berriok Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Agenda Estrategikoan (2013-2016) aurreikusitako konpromiso baten erantzunetakoak dira, aurkezpeneko ekitaldian zehaztu zenez. Izan ere, horretan 13 lan-ildo eta 168 ekintza zehaztu ziren, eta ildo horietako bat zuzenean dago lotuta IKTekin. Ekintzetako batek dioenez "hiztegi elektronikoak, hiztegien pluginak, corpusak, hiztegi entziklopedikoak, itzulpengintzari laguntzeko tresnak, itzultzaile automatikoa eta bestelako tresnak sarean erabiltzaileen eskura jartzen jarraitzea" da xedeetako bat.
Aurkeztutako hiztegi guztiak sarean daude jada, 'Euskara' deritzan webgunean. Batetik, bi hiztegi elebidun aurkeztu ziren, bata Elhuyar etxearen hiztegiaren 'on line' bertsio eguneratua, 2000. urtetik sarean dagoena; eta bestea, Elkar argitaletxearen alemana-euskara/euskara-alemana hiztegia, 2006.etik paperezko formatuan dagoena baina oraindik aurrera sarean ere kontsulta daitekeena.
Bi hiztegi orokor horiez gain, Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordeak onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu berri aurkeztu ziren aipatutako ekitaldian. 2002an abiatu zenetik, Terminologia Batzordeak 52 hiztegi terminologiko onartu ditu jada. Ez da lan makala, beraz. Hizkuntza-paisaia, merkataritza eta kontsumoaren arloan, bi plazaratu dira: Merkataritza eta marketinari buruzko hiztegia, eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako baliatuko dena. Kirolaren arloan, beste bi jendarteratu dira: Errugbikoa, eta mendizaletasunarekin lotutako kontzeptuak biltzen dituena. Azkenik, herri-administrazioaren eta zuzenbidearen arloan, herri-ogasunari buruzkoa eta prozedura kriminalari dagokiona kaleratu dituzte. Aurkezpenean, hiztegi terminologiko horiek erabiliko dituzten erabiltzaileen ordezkari adituek ere parte hartu zuten eta, bakoitzaren alorrean, terminologia berezitu hori euskaraz normalizatzeak duen garrantzia nabarmendu zuten.
Bestalde, Terminologia Batzordeak onartutako lan berezi baten berri ere eman zen aipatutako prentsaurrekoan, 'Hizketa ereduak/Modelos de conversación' izenekoa. Lan horrek hainbat egoeratarako elkarrizketa-ereduak eskaintzen ditu eta euskaratik nahiz gaztelaniatik abiatuta kontsulta daiteke. Oso baliagarria izango zaie, besteak beste, euskara ikasten ari direnei.
Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren esanetan, Euskararen Agenda Estrategikoaren helburuetakoa da "euskara bizikidetzarako hizkuntza bizia" izatea. Bizikidetzari begira, euskara "hizkuntza bizia" izatea lortu nahi da. "Komunikazio-hizkuntza ohikoa izatea da euskararentzako bilatzen dugun etorkizuna. Komunikaziorako erabilia izatea da hizkuntza bizia izateko ezinbesteko baldintza. Dagoeneko ondo dakigunez, hiztun izateko, hizkuntza bat erabiltzeko, ez da nahikoa nahi izatea; gainera, besteak beste, beharrezkoa da hiztuna hizkuntza horrekin komunikaziorako eroso sentitzea", azpimarratu zuen Baztarrikak. Adierazi nahi dena adierazteko hitzak eta termino egokiak eskura izateko ari da hiztegingintza lantzen, sei hiztegi berriok erakusten dutenez.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes