Aurreko asteazkenean hil zen Rafa Iriondo, Athleticeko jokalari mitikoa, 97 urterekin. Inork ez ditu ahaztu bera, Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza, boskote hilezkorra osatu baitzuten. Bilboko taldearena jokalari handiz osatutako historia da, baina aipatutako horiek gailurrean daude betiko. 40-50 hamarkadetako futbola ez zen egungoa, profesional izate hori askotan zentzurik txarrenean mugaraino eraman denekoa. Garrantzi handikoak ziren koloreekiko maitasuna, anaiartean aritzea, etxean jokatzeko aukera izatea. Balore horiek, eta hain espazio txikian bat batean neurrigabeko talentua erruz banatu izanak, oso handi egin zuten Athletic. Geroztik talde zurigorria mundu mailako futbolaren elitean dago betiko, kirol horren alde benetakoenaren ordezkari delako. Bere filosofiak eta lorpenek eraman dute horra, futbola merkatal trukerako esparru soil modura ikusten dutenen aurrean.
Gernika-Lumotarra izanik, Iriondok bere herriko bonbaketa oso gertutik jasan zuen. Eta espetxea ere, sarraski hura agindu zutenen eskutik. Gazte hark argi zeukan futbolaren munduan barruan zeraman guztia eman nahi zuela, eta Athleticeko arduradun teknikoak berehala jabetu ziren bere aparteko dohainez. Panizo eta Gainza 1938-39 denboralditik ari ziren jokoan, eta Zarra zein Iriondo 1940-41.ekoan batu zitzaizkien. Venancio beranduago helduko zen, 1944.etik aurrera. Bostak garai baten ikur bihurtu ziren, arrakastaz eta joko ikusgarriz ekinda. Iriondok, zehazki, 326 partidu jokatu zituen, eta 115 gol sartu. Estatistikek gehiago diote: Athleticeko jokalari modura partidu gehien jokatu dutenen arteko 35.a da, eta goleatzaileen arteko hamabosgarrena. Hamahiru denboraldiz aritu zen San Mamesen, Liga bat eta lau Kopa irabazita, eman zuen guztiari esker ibilbide horren amaieran bere izen-abizena eta Athleticena betiko bat egiteraino.
Guzti hori lortu eta gero, behin erretiratu eta beste hamahiru denboraldi joan ostean, Iriondok entrenatzeari ekin zion. 1968-69 denboraldian bere betiko taldea entrenatu zuen, eta Kopa bat lortu. Realean ere ibili zen, 1975ean Athleticera itzultzeko. Betis-era joan zen gero, eta 1977ko Kopa irabazi zuen bertan, zeinen eta zurigorrien aurka, penaltiei esker. Oso mingarria izan zen Bilboko zale guztientzat eta, alde batetik, baita Iriondo berarentzat ere. Horrela itxi zuen futbolari eskainitako hainbat urtetako sasoia, lorpen ikaragarriz biribildutakoa.
Rafa Iriondo gizon handia izan da, futbolari modura zegokionean eta beste arlo askotan. Umil hitz egin du beti lortu zituenez, sekulako balentria gisa geratu diren horietaz. Gerra aurretik Athletic oso handia zen jada, berezia, bere lurrari erabat atxikitakoa. Baina txikizioaren ostean ere zutik jarri zen berriz, eta Iriondoren modukoei esker legenda handitu besterik ez zen egin.
San Mames zaharrari agur esateko aukera izan zuen berak, hainbeste zaleren pozen lekuko izan zen berberorri. Eta berria da oraingoa, dotorea, beste askorentzat eredu modura balio duena. Baina bere espiritua betikoa da, Athletic horrenbeste bihotzetara eraman duena, nazioarte mailan ezagun eta ospe handiko egin duena eta Bizkai osoa deiadar bakarraren atzean batzea lortu duena. Futbolak betebehar garrantzitsua du gure gizartean, eta poza zein etsipena eramaten ditu etxe askotara. Egundoko zortea da Athleticen moduko talde baten zale izatea, boteretsuenek ere miresten dutena eta historia hain aberatsekoa dena. Baina hori ez da besterik gabe lortu, hainbat gizonek emandakoari esker baizik. Iriondo bezalakoek egin zuten handi, eta Athletic bera eta gu guztiok gaude zorretan berarekin, eurekin.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.