martes, 9 de febrero de 2016

Burtsa, burumakur

Europako Burtsak beheraka ari dira, ia etengabe. Inbertitzaileak beldurrak jota dabiltza, munduko ekonomiak atzeraldia izan dezakeelakoan, eta Europako zenbait herrialdetako bankuen egoera ere kezkagarria da, tartean Alemania eta Italiako zenbaitzurena. Burtsen beherakadak, gainera, bestelako ondorioak ere badakartza: herrialde periferikoetako arrisku-primak gora egin du berriz. Espainiaren kasuan, esaterako, hamar urtera begirako bere bonuen eta Alemaniakoen arteko diferentziala 158 oinarrizko puntura arte igo da, aurreko eguneko 153etatik. Horrek, jakina, kezka eragin du, geldialdi politikoak areagotu besterik egin ez duena.
Astelehenean Europako merkatu guztiek lur jota amaitu zuten eguna. Espainiako Burtsa %4,4 jaitsi zen, eta Italiakoa %4,7. Atlantikoaz bestaldean, Estatu Batuetakoak ere bide beretik abiatu ziren hasieran baina itxi aurreko nolabaiteko zuzenketak %1,1era mugatu zuen galera. Asian, Tokiokoak oso itxura txarra izan zuen, abuztuaren amaieratik honako eskasena, eta %5,4 hondoratu zen egunaren amaieran. Eskerrak Txinan jai eguna izan zutela, euren urte berriaren hasiera dela eta.
Munduan zehar zabaltzen ari den beldurraren isla dira datu guztiok, aurreko krisialdi ekonomiko sakonak suspertzen ari diren herrialdeetan segida izan dezakeela uste baitute hainbat eragile ekonomikok. Burtsek adierazten dituzten sintomak ez dira egun gutxitakoak, 2016a hasi zenetik Ibex-ak %15 galdu baitu dagoeneko, Dax-ek %17, Dow Jones-ek %8 eta Nikkei-k, %15.5. Gero eta zuhurrago ari dira inbertitzaileak, edozein datu hartzen baitute aitzakiatzat ahalik eta azkarren saltzeko.
Europan bankuenganako mesfidantza areagotzen ari da, Italian eta Grezian batik bat. Lehenengoan berankortasuna %13,8koa da, eta Europako Batasuneko bataz bestekoaren gainetik dago. Bigarrenean, bertako gobernua eta nazioarteko hartzekodunak pentsio-sistemaren erreforma negoziatzen dabiltza eta sortutako tentsioak gero eta biziagoak dira. Baina Alemaniak ere baditu bere arazoak, eta horren isla da asteko lehen egunean Deutsche Bank-ek %10 galdu izana. Azken honen kaudimenari buruzko zalantzek eragin dute egoera hori, eta bere tamaina eta garrantzi estrategikoa aintzat hartuta, sekulako lurrikara ekonomikoa sor lezake horrek.
Zorraren inguruko urduritasuna ere goraka doa. Grezia eta Portugal dira arrisku handienekoak, baina Espainia eta Italia ez daude salbu. Arrisku-primak kontrolpean mantendu dira azken hilabeteotan, baina hazten hasi dira egunotan. Gorakada honek Txinako egoerari buruzko zalantzetan izan dezake bere jatorrietako bat, kapitala nabarmen ari baita ihesean bertatik. Atzeraldi berri baten aurreko beldurrak ohikoan seguruak izan diren babeslekuetara darama dirutza hori.
Izan ere, Txinak guzti honetan duen protagonismoa ez da bigarren mailakoa. Urtea hasi denetik Shanghai-ko Burtsak %20,5 galdu du. Herrialdeko agintariak sekulako ahalegina egiten ari dira euren monetari eusteko eta debaluazioa ekiditeko. 2014ko ekainetik, Txinako Banku Popularrak 770.000 milioi dolar baliatu ditu helburu horrekin. Baina bertako ekonomiaren hazkundea gelditzen ari da. Iaz Barne Produktu Gordina %6,9 hazi zen, azken hogeita bost urteetako hazkunderik txikiena izanda. Txinan jazotzen denak mundu osoko ekonomian eragiten du jada, eta bertako aurreikuspenak gero eta kezkagarriagoak dira. Burtsarekin gertatzen ari dena ez da, beraz, momentuan momentuko zerbait, hainbat sintoma dituen gaitzaren agerraldia baizik.

    

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes