miércoles, 3 de febrero de 2016

'Brexit'-aren arriskua

Grexit izan zen lehenengo. Greece (Grezia) eta exit (irteera) hitzen konbinazioa. Eta orain Brexit baliatzen da (British exit) Britainia Handiak Europako Batasuna (EB) utz lezakeela adierazteko. Herrialdeko horretako lehen ministro David Cameron kontserbatzaileak galdeketa agindu du gai honen inguruan eta EBn geratzearen aldeko jarrerari eusteko negoziatzea eskatu du. Horretan dabil egunotan Europako Kontseiluko buru Donald Tusk-ekin batera. Hil honen 18an eta 19an Batasuneko gobernuburuek goi-bilera egingo dute eta aurretiaz gainerako kideek bere zenbait eskaera onar ditzaten saiatzen ari da Cameron. Lortuz gero, galdeketa ekainaren 23an egin liteke, eta lehen ministroak EBn jarraitzearen aldeko kanpaina egingo luke.
Aurreko asteburuan alde biak buru-belarri aritu dira negoziatzen eta astearte honetan EBk eskaintza egin dio Cameroni. Proposamena guztiz bat dator honek luzatutako eskaera nagusiekin, sakoneko gaiei heltzen dielako, batez ere aurrerantzean Erresuma Batura doazen Europako langileen eskubideekin lotutakoei dagokienez. Hala, Bruselak ontzat jotzen du langileon eskubideak mugatzea herrialde horretan ematen dituzten lehen lau urteetan, Cameronek iazko azaroan plazaratutako gutunean eskatzen zuen legez. Batasunak hitza ematen du orain arte indarrean zegoen barne araudi bat aldatu eta kontratua sinatzerakoan lanpostuarekin lotutako edozein onura (familiari edo etxebizitzari atxikita osagarri direnak, besteak beste) guztiz ukatzea ahalbidetzeko. Ondorioz, Erresuma Batuan emandako lehen lau urteetan bere kide britainiarren laguntza berberak jasotzeko eskubidea lortzen joango da langile europarra.
Bruselak beste araudi bat ere aldatuko du, seme-alabak euren jatorrizko herrialdeetan uzten dituzten langileei legozkiekeen familia mailako egungo laguntzak Londresek uka ditzan. Erresuma Batuko hedabideen arabera, ohikoa da Ekialdeko Europako langileek hori egitea, batez ere poloniarrek. Araudi berriarekin, Londresek laguntza horiei eutsiko die, baina langilearen jatorrizko herrialdeko prezio eta soldaten mailara egokitu ahal izango ditu, eta honek jaitsiera nabarmena eragingo du horietan.
Erresuma Batuko gobernuarekin negoziatzen diharduen taldearen arabera, langile etorkinei emandako laguntzen mugatze hori EBko herrialde guztietan gauzatuko da, ez bakarrik aipatutakoan, eta "Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetatik ezohiko langile oldea heltzen denean" baino ezin izango da indarrean jarri. Baina Cameronek hori lortu du hain justu, Batzordeak onartzea Erresuma Batuan jende olde bertaratu dela jada eta, beraz, laguntzak berehala mugatu ahal izango dituela. Orain arte, Batzordeak berak ukatu izan du migrazio maila gehiegizko hori, eta datuak ez datoz bat britainiarrekin adostu berri den horrekin. Langile gehiago sartu da azken bi urteotan bertan, baina lotuago dago Europako gainerako herrialdeetako krisiarekin Erresuma Batuko laguntzek erakarrita joatearekin baino.
Atzerriko populazioa %12,5ekoa da bertan; adibidez, Espainian dagoena baino txikiagoa (%12,8). Kopuru horien baitan, EBn bertan jatorria duena %4,4koa da herrialde bietan. Alemanian, esaterako, kopuru horiek %12,2 eta %4,8koak dira, hurrenez hurren.
Lehiakortasunari, subsidiariotasunari eta City-a babestekoei buruz Cameronek ez du horrenbeste lortu, baina ez du ematen marra gorriak izango direnik lehen ministroak EBn jarraitzearen aldeko apustuari eutsi diezaion. Dena den, britainiarrak oso zatituta daude gai honen inguruan, eta zenbait inkestak iragartzen dituzten emaitzak oso kezkagarriak dira EBrentzat. Hurrengo hilabeteak erabakigarriak izango dira eta, beharbada, Erresuma Batuak barruan jarrai dezan gainerako kideek europar proiektua ahuldu beharko dute. Are gehiago.

 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes