Lan munduan gizonezkoen eta emakumeen artean dagoen berdintasun eza sarritan aipatu da. Baina ez da iraganeko kontua, gaur egungoa baizik. Eragile sozialek noizean behin plazaratzen dituzten datuek egoera horren berri zehatza ematen dute, eta benetan dira hausnarketa eragiteko modukoak. Egunotan ezagutzera emandako txosten baten arabera, urteroko soldata gordinei dagokienez gizonen eta emakumeen arteko aldea %24koa da Espainian, azken sei urteotako handiena. 'Soldata berdintasuna, bete gabeko helburua' deritzan lana UGT sindikatuak egin du, eta bertan jakinarazten denez andrazkoek 88 egun gehiago lan egin behar dute ordainetan gizonen soldata berbera jasotzeko. Arlo honetan, Espainia Europako Batasunaren (EB) batazbestekoaren hiru puntu gainetik dago, ordu bakoitzeko soldata aintzat hartuta. 2013an Eurostat-ek emandako datuek ziotenez, EB osoko soldaten aldea %16,3koa zen eta Espainiakoa, %19,3koa. Beraz, Europako metodologiaren arabera, emakumeek gizonek baino 70 egun gehiago lan egin behar dute Estatuan soldata bera jasotzeko.
Soldata mailak aintzat hartuta, 1,2 milioi emakumek baino gehiagok 645,3 euroko hileroko soldata gordina jaso zuten. Beraz, diru sarrera horiek dituztenak andra soldatapekoen %67 dira. Lanegun osokoei dagokienez, emakumeen %42,8, euren batazbestekoa gizonena baino 4.101,26 euro txikiagoa da urtero. Ordu batzutako lana dutenak, berriz, emakumeen %75 dira eta hauek 904,57 euroko batazbesteko txikiagoa jasotzen dute gizonezkoekin alderatuta. Aipatutako txostenaren arabera, gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea %25,5era arte heltzen da mugagabeko kontratuei dagokienez, azkenek urtean 7.124,87 euro gutxiagoko batazbestekoa jasotzen dutelako. Gutxi balitz, aldi baterako kontratua duten gizon eta emakumeen soldaten arteko aldea 1.687,94 eurokoa da urtean.
Egoera honetan, 2008 eta 2013 urte bitartean emakumeen soldatek %3,07 egin zuten gora, eta gizonezkoenak %5,83 igo ziren. Horrela, andrazkoek eros-ahalmenaren %6,3 galdu zuten, eta gizonezkoek %3,6. Aurreko guztiarekin batera, emakumeek urteko 205 egun eman dituzte etxea eta familia zaintzen, eta gizonek 114 besterik ez. Jarduera sektoreak aintzat hartuta, soldaten arteko alderik handiena Beste Zerbitzuen arlokoa da (%35,1), eta atzetik datoz Jarduera Administratiboak eta Zerbitzu Osagarriak, eta Jarduera profesionalak, zientifikoak eta teknikoak (%33,07). Osasungintzan eta zerbitzu sozialetan soldaten arteko aldea %29,48ra heltzen da.
Adinak aurrera egin ahala, soldaten arteko aldea handitu egiten da. Ondorioz, 55-59 urte bitarteko emakumeei dagokienez alde hori %28,8koa da gizonekin alderatuta. Andrazkoak etxeko kontu gehienetaz arduratzen dira eta amatasuna edo ama izateko aukera oztopo dira oraindik lana aurkitzeko ahalegina egiterakoan. Aipatutako sindikatuko Berdintasun arloko arduradunaren arabera, ezinbestekoa da emakumeen eskubideak betetzeak enpleguan "ondorio negatiborik izango ez duela" bermatzea. Horrekin batera, "neurri fiskalak eta ekonomikoak" eskatu ditu familietako ardurak horiek osatzen dituztenen artean banatzeko, eta familien beharrizanei erantzuteko kalitatezko zerbitzu publikoak abiatzea ere.
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunean urrats asko geratzen da egiteko, azken hamarkadotako aurrerapausoak gorabehera. Legeak onartzen dituenak errealitatera eraman behar dira, egunerokora, maila askotako diskriminazioekin amaitzeko. Lan mundukoak horietako garrantzitsuenetakoak dira, zalantzarik gabe, eta horiekin amaitzeko ahaleginak biderkatzeak ekarriko du gizarte orekatuago eta bidezkoagoa.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.