jueves, 28 de enero de 2016

Langabeziak, behera

Langabeziak dezente egin du behera Euskadin 2015ean. Estatistika Institutu Nazionalak Populazio Aktiboaren Inkestarekin (EPA) lotuta ezagutzera emandako datuen arabera, 7.200 lagunek aurkitu dute lana azken hiruhilekoan, eta 132.500 dira oraindik horretan dabiltzanak, langabetuen tasa %12,89an uzteraino. Beraz, langabezia %5,22 jaitsi da iazko hirugarren hiruhilekoarekiko (Estatuan, %1,47) eta 2014ko azken hiruhilekoko datuekiko beherakada %23,91koa izan da EAEn, Espainian, tarte berean, %12,43 murrizten zen bitartean. Enpleguari dagokionez, lana dutenen zenbatekoa 19.200 pertsona gehiagokoa da, %2,19koa zehatz-mehatz.
Azterketa lurraldeka egiten bada, Gipuzkoa da langabezia tasa txikiena duena (%10,16), eta atzetik Araba (%12,21) eta Bizkaia (%14,79) datoz. Aktibitate tasari dagokionez, Araba da lehena (%59,52), Gipuzkoa (%56,60) eta Bizkaiaren (%56,09) aurretik. Erkidego autonomoak aintzat hartuta, langabetu tasa txikiena dutenak Euskadi (%12,89), Nafarroa (%13,53) eta Errioxa dira (%13,97). Langabezian jende gehien dutenen hirukotea, aldiz, Andaluzia (%29,83), Extremadura (%28,07) eta Kanariar Uharteek osatzen dute (%26,75).
Estatu mailako ikuspegitik, lana dutenen kopuruak 45.500 lagunetan egin du gora 2015eko laugarren hiruhilekoan aurrekoarekiko (%0,25), 18.094.200era heldu arte. Azken urtean 525.100 pertsona gehiago hasi dira lanean, urteroko tasa %2,99 hobetuz. Lana dutenen gorakada 31.200 lagunekoa izan da sektore pribatuan, eta 14.300ekoa publikoan. Hala, azken hamabi hilabeteotan enpleguak gora egin du nabarmen arlo pribatuan (+452.000) eta askoz gutxiago publikoan (+73.100).
Mugagabeko kontratua duten soldatapekoen kopurua 103.400ean hazi da aurreko urteko azken hiruhilekoan, aldi baterako kontratua dutenenak, ordea, behera egin duen arren (-63.300). Urte arteko gorabeherari dagokionez, mugagabekoak 170.600 lagun gehitu ditu eta aldi baterakoak, aldiz, 335.100. Euren kontura ari direnen kopurua 6.900 gehiagokoa izan da 2015eko azken hiruhilekoan, eta 23.300koa hamabi hilabetetan.
Sektoreka, lanean ari direnen kopurua Nekazaritzan hazi da gehien (+70.200), eta atzetik datozkio Zerbitzuak (+54.900). Beharrean dabiltzanak galdu dituztenak, ostera, Industria (-55.500) eta Eraikuntza (-24.100) izan dira. Dena den, azken urtean enpleguak sektore guztietan egin du gora. Hala, Zerbitzuetan 421.500 langile gehiago ari dira, Nekazaritzan 50.800, Eraikuntzan 28.100 eta Industrian 24.600.
Orotara, langabetuen kopurua 71.300 pertsona gutxiagokoa (-%1,47) izan da aurreko urteko azken hiruhilekoan, eta 4.779.500 lagunekoa da orain. Azken hamabi hilabeteetan 678.200 izan dira lanean hasi direnak, eta langabeziak %12,43 egin du behera. Hala, Espainia mailako langabezia tasa %20,90ekoa da gaur egun, aurreko urteko hirugarren hiruhilekokoa baino %0,29 gutxiagokoa. 2015an zehar tasa horrek %2,81 puntuko jaitsiera izan du. Erkidegoka, aurreko urteko azken hiruhilekoan langabetuen kopurua gehien jaitsi dutenak Andaluzia (83.600 langabetu gutxiago), Valentzia (22.300) eta Kanariar Uharteak (20.100) izan dira, baina horiek dira, aldi berean, langabetu gehien dituztenetakoak.
Orohar, datu positiboak dira EPAren iazko azken azterketak eman dituenak, eta bereziki dira nabarmentzekoak Euskadiri dagozkionak. Lan merkatua oraindik ez dago izan zuen onenean, ez baldintzei dagokienez eta ezta horren dinamismoa aintzat hartuta ere, baina aurrerapausoak ari dira egiten krisiaren oldarraldiaren ondotik. %12,8ko langabezia tasa Estatuko onena da eta horrek asko dio Euskadiren ahalmenez eta bere lan merkatuaren sendotasunaz. Zenbatnahi dago egiteko, baina lortu nahi diren helburuei begira gero eta bide gehiago dago atzetik.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes