Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) euskara sustatzeko 2016an banatuko diren diru-laguntzen berri eman zuen aurreko astean. Guztira 45,7 milioi euro bideratuko dira horretara, EAEko herri erakunde guztiek euskara sustatzeko diru-laguntzetarako jartzen dutenaren %67 Eusko Jaurlaritzari baitagokio. Kopuru horren atzean badago berritasunik. Euskaltegietako euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualen kasuan, %25eko gehikuntza izango da. 2015ean milioi bat euro izan ziren horretara bideratutakoak, eta 2016an 1.250.000 izango dira. 2012an deialdi hau ez zen esistitzen. 2013an abiatu zen 700.000 eurorekin, eta hurrengo urtean beste ehun mila euro gehitu zitzaizkion. Diru-laguntzok A1 eta A2 maila berriak egiaztatzen dituztenentzat izango dira.
Bestalde, LanHitz programaren barruan, eta orain arteko diru-laguntza deialdiaz gain, 'Euslan' egitasmo pilotua jarri da abian 2015ean, hizkuntza kudeaketan aurreratuen dauden enpresek euskaraz lan egin dezaten. Programa honen jarraipen batzordeak abenduaren 22an onartu ziren, 2016rako enpresa parte hartzaileek dituzten lan planak alegia. Halaber, LanHitz diru-laguntza deialdiaren barruan multzo berezia eskaini zaie 2015ean, estrainekoz, elkargo profesionalek bultzaturiko ekimenei, elkargo horietako kide diren profesionalek euskaraz lan egin dezaten. Programa hau aurtengo deialdian sendotuko da.
Aurrekoekin batera, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia/Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (EBPN/ESEP) deritzan diru-laguntza deialdia bi urterako egin dela jakinarazi du HPSk Patxi Baztarrika sailburuordearen ahotik, eta euskarazko hedabideen deialdia urte anitzekoa izatea aurrikusten dela, 2016-2017-2018 epera begirakoa hain zuzen ere. Azkenik, berritasunei dagokienez, HABEk eta Lanbidek urte hasieran sinatuko duten lankidetza-hitzarmenaren bidez, lan bila dabiltzan langabeei Lanbidek eskaintzen dien formazio-plangintzan euskara ikastea ere sartuko da lehen aldiz, hiru arlo edo familia profesionaletan: merkatzaritzan, ostalaritzan eta arlo soziosanitarioan.
Hauez gain, bi programa berri abiarazi dira 2015ean, eta 2016an jarraipena emango zaie. Batetik, enpresa eta gune komertzial traktoreekin hitzarmenak sinatuko dira, kontsumitzale eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko helburuarekin. Bestetik, haur eta gazteen aisialdian euskararen erabilera sustatzeko programak abiatuko dira.
Diru-laguntzak aletuz, HABEren bitarteko helduen euskalduntzeari dagokionak 30,7 milioi euro eramango ditu. Arlo horretan lau deialdi bereizi behar dira: udal euskaltegiei zuzendutakoa (11 milioi), euskaltegi pribatu homologatuei dagokiena (18 milioi), Euskal Etxeetan euskara irakasteko jardueretarako baliatutakoa (220.000 euro) eta, azkenik, ikasmaila ofizialen bat gainditu duten euskaltegietako ikasleentzako zuzeneko laguntzena (milioi eta laurden euro). Bestalde, euskalgintza deialdia izenekoa dago, ia milioi bat eurokoa. Gizarte bizitzan orohar eta bereziki aisialdian, kultur jardueretan eta testuinguru ez-formaletan euskararen erabilera sustatzeko proiektuak dituzten enpresa eta elkarte pribatuentzat zuzendutako deialdia da.
Hirugarren zati bat euskarazko hedabideei zuzendutako diru-laguntzek osatzen dute, hiru urtetan zehar urtero ia bost milioi euro baliatuko dituena. Egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko euskarazko hedabideren bat egiten duten enpresa pribatuentzat zuzendutako diru-laguntza da hau. Deialdi honen xedea euskarazko hedabideak sendotu, garatu, normalizatu eta eraginkortzea da, bezeroei begira irismen maila indartuz. Hurrengo zatia nagusiki gaztelaniaz diren hedabide idatzien edizio digitaletan euskararen presentzia areagotzekoa da, eta 400.000 euro bideratuko dira horretara. Hurrengo atal batean Informazio eta Komunikazio Teknologiak biltzen dira, horietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak sortzen eta garatzen, eta euskararen presentzia Interneten areagotzeko ekimenak garatzen diharduten enpresa eta entitate pribatuentzat zuzendutako diru-laguntzen bitartez. 800.000 euro jarriko dira horretarako. LanHitz deialdiak, aldiz, ia bi milioi euro eramango ditu, eta bi urterako EBPN/ESEP deialdiak, bi milioi eta erditik gora. Azken honetakoak, udalei eta udalez gaindiko organismoei begirakoak dira.
Bestelako diru-laguntzetarako hiru milioi eurotik gora gorde ditu Eusko Jaurlaritzako HPSk eta onuradunetakoak Euskaltzaindia, Topagunea, Eudel, Uema, ONCE, Bertsozale Elkartea, Nafarroako EKE edo Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa izango dira.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.