Estatuko Eskola Kontseiluak (EEK) 2013-2014 ikasturteko zenbait datu interesgarri eman berri ditu ezagutzera eta, horien arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lau mailetako Euskadiko ikasleen %6,9 eta Batxilergoko bi mailetan ari zirenen %7 ziren errepikatzaileak. Emaitza hauek Estatu mailakoak baino dezente hobeak dira, aipatutako bi horietan %10,8 eta %14 izan baitziren, hurrenez hurren, ikasturte horretan errepikatu behar izan zutenak. EEK hezkuntza munduarekin zuzenean lotutako sektoreek parte hartzeko 1985ean sortutako erakundea da. Aholkuak eta proposamenak egin diezazkioke Gobernuari hezkuntza sistemarekin zerikusia duten kontuetan eta erkidegoetako Eskola Kontseiluetako buruak hartzen ditu horretarako osatutako Parte-hartze Batzordean.
Estatu mailan errepikatzen ari diren ikasleen kopuruak behera egin du azken urteotan, eta aipatutako txostenak dioenez ikasleentzat zailenak diren mailak DBHko lehena eta Batxilergoko bigarrena dira. 'Hezkuntza Sistemaren Egoera' aztertzen duen iazko txostenean EEK-k dioenez, errepikatzaileen kopuruak ikasleek euren eskolatze sasoian egiten duten bidearen berri zehatza ematen du eta maila gogorrenak zeintzuk diren ezagutzeko ere baliagarria da.
2013-2014 ikasturteko datuak baliatzen ditu guzti horretarako aipatutako txostenak eta bertan zehazten denez, orotara, DBHko ikasleen %89,2k lortu zuen aurrera egitea. Lehen mailan %88,1 izan ziren, bigarrenean %89,4, hirugarrenean %88,9 eta laugarrenean, aldiz, %90,5. Hezkuntza ministerioak eskainitako datuok 2011-12koak baino hobeak dira, orduko hartan Bigarren Hezkuntzako ikasleen %82k gainditu baitzuen zegokion maila (%85,9k lehenengoan, %83,2k bigarrenean, %84,1ek hirugarrenean eta %82,9k laugarrenean). 2012-13 ikasturteari dagokionez, DBHn zegokien maila gainditu zuten ikasleen kopurua %83aren gainetik zegoen lau mailetako bakoitzean (%86,4, %84, %85,1 eta %83,7, hurrenez hurren). Batxilergoan, ostera, aurrera jo zuten ikasleen kopurua %85,9koa izan zen, %87,5ekoa lehen mailan eta %84,1ekoa bigarrenean. Aurreko bi ikasturteetan, berriz, kopuru horiek %79,8koa eta %77koa izan ziren 2011-12an, eta %79,1ekoa eta %76,8koa 2012-13an.
Erkidego autonomoei dagokienez, deigarria da DBHko zenbait mailatan errepikatzaileen kopurua bereziki handia izatea Gaztela-Mantxan eta Andaluzian, %15etik gorakoa hain zuzen. Kanarietan, Katalunian eta Euskadin, aldiz, maila guztien batabestekoa ez zen %7ra heltzen 2013-14 ikasturtean. Izan ere, Euskadiko datuak Estatu mailakoak baino askoz hobeak dira. Hala, DBHko lau mailetako errepikatzaile kopurua %6,9koa zen aipatutako ikasturtean, Estatuan %10,8koa zen bitartean. Mailaka, ehuneko handiena Bigarren Hezkuntzako lehenekoa zen (%8,2 Euskadin eta %11,9 Espainian), eta txikiena, berriz, laugarrenekoa (%5,3 eta %9,5, hurrenez hurren). Batxilergoan alde nabarmena dago lehen eta bigarren mailetako errepikatzaile kopuruen artean. Datu zehatzerara jota, lehen mailan euskal ikasleen %3,9 ziren errepikatzaileak eta Estatuan, %12,5. Bigarren mailan, azkenik, Euskadin maila berberari berriz ekin behar izan ziotenak %10 ziren eta Estatuan dezente gehiago, %15,9.
Hezkuntza sistemaren funtzionamendu egokia erabakigarria da herrialde baten maila ekonomikorako eta ongizaterako eta, oraindik zer egin ugari egon badagoen arren, Euskadiko emaitzak bide onean daude. Hezkuntzari eskaintzen zaizkion baliabideak etorkizunerako inbertsioa ere badira, eta orain artekoari ekin behar zaio indartsu, horretan sakonduta eta Europako punta-puntako ereduei erreparatuta.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.