sábado, 16 de enero de 2016

Euskararen txantxangorria

Donostiako San Telmo museoak euskararekin lotutako sinbolo berri baten aurkezpena hartu du urtarrilaren 15ean. Hizkuntza Politikarako Herri Administrazioen Koordinazio Batzordeko (HAKOBA) kide diren hainbat erakundek bultzatuta dator Euskararen Txantxangorria, hizkuntza erabiltzeko gonbidapena luzatu nahi duen ikurra. Hala, Eusko Jaurlaritzak, EAEko hiru lurraldeetako foru aldundiek, hiriburuetako udalek eta Eudel-ek egin dute bat ekimen honen inguruan. Adostasun sozial zabala abiapuntu hartuta, euskaraz aritzeko xedeari heldu nahi zaio, eta horretarako baldintzak ahalbidetzeari ere. Euskarari hegoak ematea da txantxangorri honen helburua, eta horretan hainbat erakunde pribatuk eta eragilek lagunduko dute. Aurkezpenean unibertsitateetako ordezkariek, kirolariek eta kirol taldeetako ordezkariek, kultur eragileek, enpresariek, finantza entitateetako ordezkariek eta beste hainbatek hartu zuten parte. Gainera, herritar orok izango du atxikimendua adierazteko aukera, ekimen honen berri ematen duen web orrialdetik bertatik.
Hitzak eta poesia izan zituen ardatz aurkezpeneko ekitaldiak. Kirmen Uribek 'Zaharregia, txikiegia agian' poema ezaguna irakurri zuen eta erakunde ezberdinetako kideek egin zuten berba, txantxangorri honek ekarri nahi dituenen inguruan. Cristina Uriarte Kultura sailburuaren irudiko, "euskara sustatzeko eginkizunean adostasunez eta batasunez jokatzea da aurrera egiteko modurik eragingarriena" eta "erakunde publikoen obligazioa da euskaraz aritzeko aukerak eta baldintzak ahalbidetzea". Hortik jota, ekitaldian bildutakoen "borondatea eta konpromisoa" goraipatu zituen, euskararen erabilerarako eragile oso garrantzitsuak direlakoan.
Donostiako Udalaren izenean Miren Azkaratek hartu zuen hitza. 2016a ez da edozein urte Gipuzkoako udal nagusiarentzat, Europako Kultur Hiriburutza baitagokio eta ekitaldiz beteta ospatuko baitu. Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariaren esanetan, "Europako ahotsen itsasargian indartsu entzungo da txantxagorri aldraren txioa eta kantua". Bizkaiko Foru Aldundiaren aldetik Lorea Bilbao Euskara eta Kultura saileko diputatuak egin zuen berba, "euskararen partida erabileran jokatzen" dela gogorarazteko: "Erabiltzea da euskara indartzeko errezetarik eraginkorrena", gehitu zuen, ordezkari duen erakundeak horretan egindako ahaleginak azpimarratu aurretik. Horiez gain, ekitaldian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Igone Martínez de Luna Arabako Foru Aldundiko Euskara diputatuak eta Mikel Pagola Urnietako alkate eta Eudel-eko batzorde eragileko ordezkariak zabaldu zituzten euren mezuak.  
Txantxagorriaren irudi "atsegin eta maitagarriaren bitartez" herritarrei "euskara erabiltzeko gonbidapena" egin nahi zaie. Herritar guztientzako gonbidapena da, gainera: "Euskaraz ondo dakitenentzat, euskaraz neurri batean edo bestean dakitenentzat, eta euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat". Izan ere, "denen ekarpena da baliagarria", ekimen honen bultzatzaileek azpimarratu dutenez.
Garrantzitsua da, zinez, hainbeste erakunde eta eragile pribatu honelako zerbaiten inguruan biltzea, denek euskararen erabilera bultzatzeko konpromisoa hartzea. Hori da, zalantzarik gabe, euskarak duen erronka nagusienetakoa, ezagutzatik erabilerarako jauzia egitearena. Azken hamarkadotan ezagutza mailan asko aurreratu bada ere, euskara egunerokoan baliatzea ez da behar bezain ohikoa. Txantxangorriaren irudiaren inguruan egituratzen diren guztiek hori izango dute helburu, urrats hori egin beharraren garrantziaz ohartaraztea eta kontzientziazio mailan jardutea, erakundeek eta eragileek ere horren aldeko konpromiso zehatza hartuta. Izan ere, askotarikoa izan behar du ahaleginak, euskararen sustapenarekin lotutakoetan zeharkako bultzada delako lagungarriena, bateko eta bestekoen borondate partekatua.


 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes