viernes, 22 de enero de 2016

Berbaz berba

Bilboko Azkuna Zentroak 1.600 lagun hartu ditu aurreko eguenean, Berbagunea deritzan ekimenari laugarren urtez ekiteko. Horren helburua seinako taldeetan banatu eta mahai baten inguruan euskaraz jardutea da, egokien iritzitako edozein gairen inguruan. Bizkaiko hiriburuak gora egin du azken urteotan euskararen ezagutzari dagokionez baina, beste leku askotan bezala, erabilera da orain erronka nagusia. Udalak eta Aldundiak bultzatutako urteroko topaketa honek helburu horri eutsi nahi dio, ahalik eta jende gehien euskaraz barra-barra egitera gonbidatuta. 18 urtetik beherakoen %93k euskara menperatzen du jada, baina erabilera %10 ingurukoa baino ez da. Badago zer aurreratu, badago urrats ugari egiteko.
Eustat-en azken datuen arabera, EAEko biztanleen %52 ondo zein halamoduz moldatzen da euskaraz, eta Bilbon bertan hizkuntza dakitenen kopurua %10 hazi da. Baina zenbaki horiek ez dute zerikusi handirik eguneroko erabilera islatzen dutenekin. Hala, hamaika arrazoi tarteko, dakitenetako askok eta askok ez dute ohikoan ia baliatzen, eta horretan erabakiko da neurri handi batean euskararen etorkizuna. Ezagutzen dutenen maila haztea ezin garrantzitsuagoa da, baina hiztunak behar dira, batik bat, bizitasunari eusteko.
Berbagunean aritu zirenek ordu eta erdiko lau txandatan egin dute, goizeko 9:30etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak bitartean. Hogei minuturo, lekuz aldatu dute, bestelako gaien inguruan jarduteko. Horrek dinamismoa ematen dio ekimenari, denetariko lagunak ezagutu eta hainbati buruz berba egiteko. Aurten, gainera, Euskararen Nazioarteko Egunean erakundeek zabaldutako mezuarekin bat eginez, euskaldunberrien ahalegina eta ekarpena eskertu da eta hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko duten garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek.
Topaketa erakargarriagoa izan zedin, antolatzaileek arlo guztietako eragileak banatu zituzten mahaietan, kultura, ekonomia, kirola edo politikakoak, besteak beste. Horiekin batera aritu ziren bertara hurbildutako hainbat herritar, Oihan Vegak aurkeztutako ekitaldia egun osoan zehar edukiz betetzeko. Oso balorazio positiboa egin zuten guztiek, sortutako giroa eta ekimenaren helburua goraipatuta.
Ildo beretik, Euskararen Txantxangorria izeneko sinboloa aurkeztu zuten EAEko erakundeek duela astebete, euskararen erabilera bultzatzeko baliatuko den ikur modura. Horrek agerian jartzen du zein den oraindik aurrerako xede nagusia, ezagutzatik erabilerara doan jauzia ahalbidetzen laguntzea. Hala, herri erakundeetako bulegoetan, ikastetxeetan, enpresetan, finantza entitateetan, merkatal guneetan, hedabideetan, kirol instalazioetan, unibertsitateetan eta bestelakoetan euskara baliatzeko gonbitea luzatu dute maila ezberdinetako arduradun politikoek, elkarbizitza ereduan hizkuntzen arteko berdinkidetasuna eta ekitatea ezinbesteko osagaiak direla iritzita: "Herritarren arteko berdintasuna da gizarte-kohesioaren zutabe nagusia, eta bizikidetzak, hizkuntza kontuan ere, berdinkidetasuna eta ekitatea eskatzen" dituela azpimarratu zen bertan.
Bide horretan, erabilera bultzatzea ezinbestekoa da, hizkuntza ofizial bien egungo desorekari aurre egin nahi bazaio. Hainbat esparrutan egin behar da lan horretarako, eguneroko praktikotasunean, euskaraz bizitzeko aukerak eskainiz, lege aldetik onartuta dagoena betez eta euskaldungoari bere betebeharra funtsezkoa dela gogoraraziz. Hitz egiten den neurrian izango du etorkizuna euskarak, denetariko egoeretan baliatzen den neurrian. Berbagunean bildutakoek egindakoa ohiko bihurtzen denean.

   

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes