Zor publikoari dagokionez, zaharrak berri. Krisiak gogorren jo duen urteetan sekulako gorada izan ostean, egonkor samar eusten dio Barne Produktu Gordinaren (BPG) %100etik oso gertu. Espainiako Bankuak plazaratu berri dituen datuen arabera, administrazio publiko guztien zorra 1,062 bilioi eurokoa izan da urteko hirugarren hiruhilekoan, aurrekoan baino 9.851 milioi euro gehiagokoa hain zuzen. BPGarekiko, baina, %99,3an jarraitu du, Espainiako ekonomiak ekainetik irailera bitartean izan duen hazkundeari esker. Portzentaia hori Gobernuak urte osorako duen helburutik gora dago, sei hamarrenetan, %98,7koa behar bailuke Bruselara igorritako Egonkortasun Plan eguneratuaren arabera.
Urte arteko azterketa eginez, zor publikoa %4,1 hazi da hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoarekiko %0,9 gora egin duen arren. Administrazio publikoen esku dagoen zor publiko osotik, %87,9 (923.273 milioi euro) administrazio zentralaren zorpetzeari dagokio, erkidego autonomoena zor osoaren %23,8 (252.863 milioi) den bitartean. Atzetik datoz toki-administrazioak, zorraren %3,4rekin (36.756 milioi), eta Gizarte Segurantza, %1,6rekin, 17.197 milioi euroko zorrak jota zehatz-mehatz. Aipatutako epean zorrak izan duen joerari dagokionez, administrazio zentralarenak eta erkidego autonomoetakoak gora egin du, %1,7 eta %1,1 hurrenez hurren. Gizarte Segurantzarenak, aldiz, egonkor eutsi zion milioi bat euro hazi arren, eta udalak izan dira zorrak gutxitzea lortu duten bakarrak, aurreko hiruhileko kopurua %2,5 murriztu dutelako.
Erkidego autonomoei dagokienez, azken hamabost urteotan zorrak nabarmen egin du gora, 2000ko 39.474 milioi euroetatik egungo 252.863 milioietara. Zorrik handiena duena Katalunia da, 68.088 milioi euroko zama astuna jasan behar baitu. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) datuak oso bestelakoak dira, bere BPGarekiko zorpetze txikienetakoa dutenen artean baitago. EAEk 2.119 milioi euro zor zituen 2000. urtean, 1.138 2005ean, 5.070 2010ean eta 9.772 gaur egun.
Orotara gehien zor dutenak Katalunia, Valentziako Erkidegoa (40.262 milioi), Andaluzia (30.138 milioi) eta Madril dira (27.174 milioi), eta hirugarren hiruhilekoko kopuru osoaren %65,5 eurei dagokie. Kasu guztiotan, gainera, zorrak gora egin du aztertutako epean. Horien ostean datoz Gaztela-Mantxa (13.095 milioi euro), Gaztela eta Leon (10.501), Galizia (10.289), EAE, Balear Uharteak (8.080), Murtzia (7.568), Aragoi (6.674), Kanariar Uharteak (6.530), Asturias (3.788), Nafarroa (3.504), Extremadura (3.458), Kantabria (2.557) eta Errioxa (1.385).
Azterketa BPG aintzat hartuta egiten bada, kopuru gordinek, testuinguru egokian, bestelako irakurketa eskaintzen dute, egoerarik onenean eta txarrenean daudenena. Hala, Valentziako Erkidegoa da okerren dagoena, bere zorra sortzen duen aberastasunaren %40koa baita, eta segidan datoz Gaztela-Mantxa (%34,2) eta Katalunia (%33,6). Euren BPGrekiko zor txikiena dutenak, aitzitik, Madril (%13,6), EAE (%15) eta Kanariar Uharteak dira (%15,5). Udalen zerrendari so eginez, Madrilgoa da zulorik beltzenean dagoena, 5.583 milioiko zorrak janda. EAEko hiru aldundiei dagokienez, zor txikia dute, 3.371 milioi eurokoa, eta bigarren hiruhilekotik hirugarrenera 200 milioi baino gehiago jaitsi dute, gainera.
Zor publiko osoa inoizko handiena da, eta Bruselarekin hitzartutakoak betetzeko ekinean jarraitu beharko dute administrazio guztiek. Krisiak gogorren astindu duen urteetan nabarmen egin zuen gora, BPG osoaren zenbatekoraino ia, eta hor jarraitzen du oraingoz. Ekonomiak hobera egin eta diru-sarrerak hazi arte ez da aldaketa handirik izango. Aurrera begira kezka eragin dezaketen faktoreen artean dago zor publikoarena. Eta ez da bakarra.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.