Estatu Batuetako (AEB) Erreserba Federalak (Fed) puntu laurden igo du diruaren prezioa. Urrats horrek berez ez luke aparteko garrantzirik, baina egungo egoeran badu. Izan ere, aro berri bat iragartzen du, herrialdean 2007an abiatutako krisi bortitzaren amaiera adierazten duena. Diru merkearen aroa atzean uzteko lehen erabaki honekin, ekonomia pizteko neurri bereziei agur esan die Fedek. AEBek ere gorriak ikusi dituzte arlo ekonomikoan duela zortzi urtetik, Lehman Brothers-ek eztanda egin zuenetik, eta egoera hori gainditzeko ezohiko erabakiak hartu behar izan dira. Hala, bederatzi urte eta erdi joan dira diruaren prezioa igo gabe eta zazpi urtez interes tasak ez dituzte zerotik mugitu. Inoiz ezagutu gabeko egoera izan da hori, ez 1929ko Depresio Handian ez Bigarren Mundu Gerran ez zelako horrelakorik jazo.
Aktiboak erosteko hirugarren programa duela urtebete amaitu ostean hartu du oraingo erabakia Fedek, bere moneta politika normaltzeko funtsezkoa dena. Erakundeko buru Janet Yellen-i zuhur jokatzeko eskatu diote hainbat adituk azkenaldian, ekonomiak mundu mailan hartzen zuen norabidea patxadaz aztertzeko. Baina, azkenean, bi eguneko bileren ondoren, Fedeko Merkatu Irekiko Batzordeko kideek oinarrizko 25 puntu igo dute interes tasa. Talde hori osatzen dutenek aho batez eman diote oniritzia erabakiari, AEBetako ekonomiaren egungo egoerak ematen dien konfiantzaren erakusgarri. Bere erabakia plazaratzeko landutako idatzian Fedek adierazi zuenez, "Batzordeko kideen iritziz, aurton lan merkatuaren baldintzek hobera egin dute nabarmen, eta litekeena da epe ertainean inflazioa %2ra heltzea". Dena den, diruaren balioa doitzeko urratsak pixkanakakoak izango dira, merkatuen nondik norakoak ezagutzen joan ostean egindakoak.
Yellen-en esanetan, "AEBetako moneta politikak egokitzekoa izaten jarraituko du", diruaren prezioa igo ezean ekonomia gehiegi berotzeko arriskuan zegoela nabarmenduz. Egoera makroekonomikoaren eboluzio onaren itzal bakarra inflazioarekin lotuta dago, beheraka jarraitzen baitu produktu energetikoen prezioaren jaitsiera eta soldaten norako ahula dela eta. Lehenei dagokienez, petrolioa da garrantzitsuena, eta 2015ean Texaskoa %31 merketu da. Hala, prezioen eboluzioa funtsezkoa izango da Feden hurrengo bileretan interes tasa berriz igotzeko erabakiak hartu ala ez erabakitzerakoan.
Erakundeko arduradun nagusiaren irudiko, udaren amaieran sortutako arriskuak, Txinan izandako gorabeherak eta suspertzen ari diren herrialdeetan horiek izandako eragina, "murriztu egin dira". Hala ere, ekonomia globala ez dago bere onenean, arriskuek dirautelako, baina, Yellen-en ustez, "AEBek indar nahikoa dute horiei aurre egiteko". Feden erabakiek ez dituzte merkatuak ezustean harrapatu eta Wall Street-ek egonean jarraitu du, puntu erdi inguruko gorakadarekin. Hala, Dow Jones eta S&P 500 %1,3 eta %1,5 bizitu dira, hurrenez hurren. Dolarrak ere bereari eutsi dio, euroko 1,09ko balioari hain zuzen.
Hartutako erabakiaren berri emateaz gain, Fedek AEBetako ekonomiak ekar ditzakeenak ere aurreratu ditu. Erakundearen arabera, 2015ean %2,1 egingo du gora, eta datorren urtean, aldiz, %2,4koa izan daiteke hobekuntza, aurrekoan iragarritakoa baino hamarren bat gehiago. Langabeziari dagokionez, ostera, %5ean jarraituko omen du aurten eta datorren urtean %4,7ra arte jaitsiko litzateke, irailean iragarritakoa baino bi hamarren gutxiago.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.