Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) erakundeak bereziki dira gardenak Estatu mailan, egunotan plazaratutako txosten batek dioenez. Hala, Bilboko Udala lehena da ikuspuntu horretatik aztertu diren guztien artean eta Bizkaiko Aldundia, aldiz, ehun puntu posibletik ehunak lortu dituzten bost diputazioen artean dago. Transparencia Internacional España (TI España) deritzan elkarteak INDIP indizea landuta eman ditu ezagutzera datuok, eta EAE, orotara, "gardenena" dela nabarmendu du, erkidego autonomoen, diputazioen, udalen eta uraren kudeaketaren arloetan nabarmentzen delako. Zehaztuz, Euskadi barruan gardentasunaren gune nagusia Bilboko Udala dela goraipatu dute, Estatu osoko udal gardenena delako.
Aldundiei dagokienez, Bizkaikoak ehun puntu lortu ditu, Arabakoak 83,1 eta Gipuzkoakoak, 81,9. Lehenak, aztertutako sei parametroetan eraman du puntuazio gorena, ehunekoa: Diputazioari buruzko informazioari dagokionean, herritarrekin eta gizartearekin dituen harremanei buruzkoan, gardentasun ekonomiko-finantzieroan, zerbitzuen kontratazioan, zerbitzuetan eta udalerriei emandako laguntzetan eta, azkenik, Gardentasunaren Legeak ezarritakoak betetzerakoan.
Arabakoak 92 puntu lortu ditu erakundeari buruzko informazioa aztertzerakoan, 89,3 legeak agindutakoari jarraitzerakoan, 81,8 hiritarrenganako harremanetan, 79,2 zerbitzuen eta udalei emandako laguntzari lotutako gardentasunari dagokionean eta 71,4 informazio ekonomiko-finantziero mailan. Notarik txarrena kontratazioei buruzkoetan eraman du. Gipuzkoakoak, azkenik, 96,4 puntu eskuratu ditu Gardentasun Legea betetzerakoan, 90,9 gizartearekiko harremanetan, 86 diputazioaren inguruko informazioan, 71,4 informazio ekonomiko-finantzieroa ematerakoan, 70,8 zerbitzuei eta udalerriei emandako laguntzei dagozkienetan eta, azkenik, 50 besterik ez kontratazioetan.
Bikainenak, Bizkaikoaz gain, Huelva, Palentzia, Tarragona eta Valladolidekoak dira eta eskasen aritzen direnak, ordea, Teruel, Cuenca eta Avilakoak. Azken hirukoteko lehenak 17,5 puntu besterik ez ditu lortu aipatutako taldeak egindako azterketan. Diputazio guztien arteko puntuazio ertaina 81,7 puntukoa izan da eta, buru diren bostez gain, Granada, Ourense, Segovia, Valentzia, Guadalajara, Huesca, Cáceres, Castelló, Girona, León, Jaén, Málaga, Salamanca eta Sevillakoak nabarmendu dira, 90 eta 97,5 puntu bitartean lortu dituztelako.
Txostenaren arabera, gardentasun eza kontratazioekin lotutakoetan dago batik bat, batazbestekoa 65,8 puntukoa baita arlo horretan, eta hamar diputazio askiezean dabiltzalako. Haatik, orotara, datuok aztertu ziren azken urtearekiko diputazioak hobetzeko ahaleginean ari direla nabarmendu dute egileek: 2013an, ehunetik 69,6koa izan zen diputazioek aztertutako arlo guztietan lortutako batazbestekoa. Hala, gardentasunaren bidea borondate politikoaren arabera jorratzen dela iritzi diote TI España taldekoek.
Txosten honen hirugarren edizioa izan da honakoa, eta bere helburuen artean diputazioen eta gizartearen arteko hurbilketa bultzatzea dago, Euskal Herritik kanpo erakunde ezezagunak direlako. Berori lantzeko baliatutako 80 adierazlez osatutako koadroa irailean bidali zitzaien diputazioei, eta horiek emandako erantzunak TI España-ko kideek egiaztatu dituzte azkenean. Prozesua amaitutakoan, EAEko hiru aldundiek 88,3 puntuko batazbestekoa lortu dute. Probintzietako erakundeon gardentasuna handiagoa da horiek handiak direnean. Hala, 45 aztertu dira guztira eta 15 handienek 85,2ko batazbestekoa eskuratu dute, 15 ertainek 84,8koa eta, azkenik, 15 txikienek, 75,3koa. Tamainak baliabideetan eragiten du, baina norabide politikoa erabakigarria da gardentasun maila hobetu gurakoetan.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.