sábado, 5 de diciembre de 2015

Durangoko Azokak, 50

Abenduaren hasierakoak urteko egunik garrantzitsuenak izan ohi dira euskal liburugintzaren eta diskogintzaren zabalkundeari dagokionez. Durangoko Azokak hainbat mila euskaltzale biltzen ditu urtero duela mende erditik, euskarazko kulturarentzat hauspo lana eginez. 4tik 8ra ekingo dio aurten, goizeko 10:30etatik iluntzeko 20:00etara bitartean eta, ohi denez, hamaikatxo berrikuntza eta aurkezpen ekarriko ditu. Oso urruti geratzen dira jada hasierako edizioak, diktadurapean abiatutakoak, gutxi batzuk baino elkartzen ez zirenekoak. Euskararen batasuna gauzatzen hasi aurrekoa da Azoka, euskararen etorkizuna zailtasunez beteta zetorrenekoa, baina Gerediaga Elkartearen inguruan bildutakoei esker tinko jo zuen aurrera, hizkuntzak berak egin duen legez. Eskutik egin dute bide hori Azokak eta euskarak, eta 50 urteko jauziaren ondorioz inoiz baino indartsuago daude biak. Horrek ez du esan nahi aurrean desafio handirik ez dagoenik, perspektiba historikotik denbora laburrean sekulako aurrerakada lortu dela baizik.
Lehen egunean ateak zabaldu eta berehala bete ziren Landakoko erakusmahaiak, antolatzaileek 44.866 sartu-irten izan zirela jakinarazi baitzuten. Ikasle eguna ere arrakasta betekoa izan zen, 1.200 inguruk hartu baitzuten parte eurentzako bereziki antolatutako ekintzetan zein tailerretan. Jendea liburu eta disko bila hurbiltzen da batik bat, baina baita giroaz gozatzera ere. Oraingoan, gainera, duela mende erditik honakoek eman dutena biltzeko 'Durango 1965-2015' liburua kaleratu berri dute antolatzaileek, Jesus Mari Arruabarrena, Txelu Angoitia eta Joseba Sarrionandiaren eskutik. Lehenak Azokaren historia jasotzen duten lekukotzak bildu ditu, bigarrenak argazkien bidez erakusten du Azokaren alde artistikoa eta hirugarrenak, aldiz, testuingurua jarri dio, kontaketa pertsonal baten bidez. Ildo beretik, esker onez, sorreran izan zirenek merezitako Argizaiola saria jaso dute aurtengo edizioan.
Egindako guztitik abiatuta badago zer aukeratu Durangon. Izan ere 250 kultur emanaldi eta 350 nobedade hartuko ditu Azokan edizio borobil honetan. Salerosketarako eremua baino askoz gehiago izan nahi du, eta horretan dabiltza antolatzaileak jo eta ke. Zortzi gune hartzen ditu dagoeneko Azokak (Kabi@, Ahotsenea, Szenatokia, Irudienea, Plateruena, Saguganbara, Areto Nagusia eta Azoka TB) eta horrek adierazten du zein tamainakoa den ahalik eta esparru gehienetan aritzeko egindako ahalegina. Egun bat gehiago izateak, gainera, handitu egin du aurrekontua, 750.000 eurora arte.
Mahai inguru eta solasaldien artean nabarmentzeko modukoak dira Andoni Egaña eta Asisko Urmenetaren artekoa, euskal kulturaren ikusgarritasunaz, edo Ruper Ordorika eta Jon Maia biltzen dituena, euskal kulturaren prestigioaz mintzatzeko. Irudienea gunean, bestalde, Euskaldunon Egunkariaren inguruko emanaldi berezia prestatu da hilaren 6rako, bere sorreraren 25. urtemugan hain justu, eta dokumental bat eskainiko zaie bertan biltzen direnei. Plateruenan, bestalde, ez da soinu onik faltako, Esne Beltza, Iheskide, Olatz Zugasti, Korrontzi, Jupiter Jon, Sacco, Anari edo Audience bakarlari eta taldeak tarteko. Bestelakoan, Landakon zenbatnahi dago aukeratzeko: 249 erakusmahai, iaz baino lau gehiago, 350 produktu berri (228 liburu, 63 disko, 19 aldizkari eta abar). Ez dago aitzakiarik, beraz, Durangora ez hurbiltzeko eta ahal den neurrian xoxak hango produktuetan ez uzteko. Hala ere, Azokaren espirituak urte osoan iraun behar du, euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana ezin baita bost egunetan iraungi.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes