Gabonak ohitura dira, belaunaldiz belaunaldi gaur egunera arte heldu direnak. Etxeko goxotasunean bildu eta senitartekoak zentzu guztietan inoiz baino hurbilago sentitzeko egunak datoz, eta bertan ez daudenen hutsunea bereziki nabaritzekoak. Emozio ugariko ospakizunok ez dira berdin bizitzen umetan edo heldutakoan. Txikitan magikoak ematen dute eguberrietan gertatzen diren guztiek, eta ilusioz gainezka egiten diegu aurre. Oporrek eta opariek edozein ume asebetetzen dute, urte amaierako eta hasierako egunei oso kutsu berezia emateraino. Liluratuta igarotzen dituzte asteok, etxean zerbait apartekoa ospatzen dela konturatuta. Nagusientzat, aldiz, tristuraz eta nostalgiaz betetakoak ere badira, bizitzeak dakartzan galerak eta gabeziak zama bereziki astuna baitira batik bat Gabon gauean eta biharamunean.
Olentzeroren etorrerak Euskal Herriko kale eta etxe bazterrak alaituko ditu 24ko iluntzean. Buruhandia eta entendimendu gabea zein entendimenduz jantzia ei da, eta baita urde tripaundia ere. Baina gutxi axola du horrek menditik pipa hortzean duela opariz gainezka datorrenean. Azken urteotan, gainera, Mari Domingi dakar berarekin, bikote modura. Kristautasuna heldu aurrekoa omen da ikazkina, neguko solstizioaren inguruan finkatutako pertsonaia hain zuzen. Naturari eta eguzkiari eskainitako ospakizun horietan, Olentzero zarpailtsua eta zaharra kalejiran ibiltzen zuten, iraganaren ordezkari gisa, azkenean erre arte. Horrela ematen zitzaion ongi-etorria ostekoari, garai berriari, asmo onez betetakoari.
Zekartzan sinesmenei egokitu zizkion kristautasunak lekuan lekuko ohiturak, eta Olentzero Jesusen jaiotzaren iragarle bihurtu zen halako batean. Eliza katolikoaren araberako ezaugarriak hartu zituen, etxekoiak, eta XX. mendean egin du pertsonaiak jauzirik handiena, umeei opariak ekartzen dizkiena izan artekoa. Ahozkoa izan da luzaroan Olentzeroren berri emateko modua, eta 1900 ingurura arte oso gutxi idatzi zen berari buruz. Resurrección María Azkue, Joxemiel Barandiaran eta Aita Donostia izan ziren aitzindarietakoak horretan, euskal kulturaren sinbolo honen berri hedabideetan eta liburuetan ematen hasi zirenetakoak. Ordura arte, askoz ezagunagoa zen Euskal Herriko zenbait lekutan beste batzuetan baino. Zehazki, Bidasoa inguruan zuen oihartzunik handiena, Gipuzkoako zenbait eskualdetan, Nafarroako iparraldean eta Pirinio aldean. Lesaka izan liteke jatorrizko guneetako bat, zenbait adituren ustez.
Euskal mitologiaren eta kristautasunaren bat egitearen hainbat ondoriozkoetakoa izan da Olentzero mendeetan zehar, bere itxura modernoenean opari emaile bihurtu arte. Mendian bizi zen ikazkinak ez zituen umeak atsegin hasiera batean, eta hauek ihes egiten zioten. Baina aurreko gizaldian Santa Claus edo Errege Magoen eta Jesus haurraren ohituren ezaugarriak hartu zituen, umeak pozez bete eta horiei hainbat opari ekartzeko. Zenbaitek ikazkinaren kristau ezaugarriak azpimarratzen dituzte, beste askorentzat borondate oneko enbaxadorea da, eta gehienek euskal kulturarekin eta ohitura zaharrekin lotzen dute.
Euskal Herriko kultur aberastasunaren eta aniztasunaren lekuko, pertsonaiak erro bereko izen ezberdinak hartu ditu. Olentzaro Lesaka inguruan, Olentzero Beran edo Donostian, Orentzaro Zarautzen, Onentzaro Andoainen, Onontzaro Larraunen edo Orantzaro Berastegi partean. 'Onentzako aro' izan liteke bere jatorrietakoa, edo oso antzekoa. Azken urteotan Mari Domingi batu zaio, emazte edo neskalagun gisa, euskal abesti zahar batean aipatutako pertsonaia. Biak batera joaten dira ikastoletara eta eskoletara eskutitzak jasotzera, Gabon gauean etxez etxe opariak banatu ahal izateko. Umeen aurpegiak ikustea besterik ez dago ohitura honen sakontasunaz eta edertasunaz jabetzeko.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.