196 herrialde bilduko dira egunotan Parisen, sekulako erronkak batuta. Nazio Batuen Erakundeko (NBE) COP21 deritzan Konferentzian klimarekin lotutako desafio handienak izango dituzte hizpide, konponbiderik bilatu ezean egungo bizimodua goitik behera alda dezaketenak. Zientzialariak bat datoz, ia erabat, klima aldaketaren egungo abiada gizakiak eragindakoa dela esaterakoan. Horren aurreko helburua argia da, 2100. urterako Lurra bi gradu baino gehiago berotu dadin zelan edo halan eragoztea. Aldaketa klimatikorako NBEren arduradun Christiana Figueresen arabera, hori lortu ezean ondorioak "maneiatu ezinezkoak" lirateke. 2015a neurtutako urteen arteko beroena izango da, lehenago 2014a izan zen bezala, eta aurrerago 2012a. Hala, 2003ko udako beroaldia, 40 gradutik gorakoa eta Europan eta Errusian hildako ugari utzi zituena, ohiko bihur liteke 50 urte barru aurreikuspen txarrenak egiazko bihurtuz gero.
Estatu Batuetako presidente Barack Obamak adierazi berri duenez, "aldaketa klimatikoaren ondorioak nabaritzen dituen lehen belaunaldia gara, eta hori gerarazteko zerbait egiteko aukera daukan azkena". Ez da gutxi bere herrialdea kutsakorrenen arteko bigarrena dela aintzat hartuta. Txinako buru Xi Jinpingek ildo beretik jo du, aldaketa klimatikoa leuntzeko ahaleginari ekingo diola nabarmentzerakoan. Asiako erraldoiak Harresi Berde Handia izeneko basoberritze egitasmoa abiatu du, Gobiko desertuak aurrera egin ez dezan. Industria-iraultzaren hasieratik tenperaturek 0,85 gradu egin dute gora, eta horrek hainbat ondorio ditu jada, itsasoei dagozkienean, euriteen patroiari buruzkoan, animalien eta landareen diasporarenean, berotasunarekin lotutako hilgarritasunarenean, hegaztien migrazioen eragozpenetan eta beste hainbatetan.
Aldaketa Klimatikoaren Gobernu arteko Panelak (IPCC) uste duenez, dagoeneko Lurrak berotzen jarraituko luke 2100etik aurrera, nahiz eta isuriak berehala guztiz geratu. Bi graduko tenperatura igoera hartzen dute adituek mugatzat, itzuli ezinezko ondorioen marratzat. Aldiz, gradu eta erdiko xedeari eutsi diote zientzialariek eta egoerarik arriskutsuenetan dauden herrialdeek.
Bide horretan ituna lortu nahi dute Parisko goi-bileran bildutakoek. Mundu mailako deskarbonizazio-prozesua kudeatzea litzateke horren egitekoa eta 2020an jarriko litzateke indarrean, era honetako erabakiak ez baitira egun batetik besterakoak. Hortik abiatuta, 2050era arte iraungo luke hitzarmenak, Kiotoko protokoloaren bigarren zati modura. Azken honek herrialde industrializatu batzuk baino ez zituen aintzat hartu, isurketen %11 inguru bakarrik jaurtitzen dutenak, eta itun berriak, ostera, herrialde guztiei eragingo lieke. Izan ere, isurketen %95aren ardura duten 170 bat herrialdek horiek murrizteko konpromisoa helarazi zioten NBEri Parisko bilera baino lehen. Ez da nolanahiko urratsa.
Herrialdeok mekanismo zehatz bat nahi dute, bost urtero haiek ezarritako helburuak estuago gainbegiratzeko, xedeetan gora egiteko. Hala ere, dena ez da adostasuna, eztabaidatu beharreko gaiak ere asko baitira. Klima aldaketaren aurrean herrialde ahulenek jasandako eragina murriztu eta egokitzeko behar den finantziazioari buruzkoa da bat, herrialde txiro eta aberatsen arteko bereizketari dagokiona bestea eta itunaren xedeak betegarriak direla uste dutenen eta lortu ezinezkotzat jotzen dituztenen artekoa azkena.
Giro honetan, Frantzisko aita santuaren klima aldaketari buruzko entziklika oihartzun handikoa izan da aspaldion. Haren irudiko, horren aurka borrokatzea "auzi morala" da, eta gobernu guztiak deitu ditu zeregin horretara. Hilaren 13ko atentatuen ostean, segurtasun neurriak ikaragarriak dira Parisen, hainbat agintari bilduko direlako bertan. Eskuartean dutena ez da nolanahiko arazoa, hurrengo belaunaldi askoren etorkizuna erabakiko duena baizik.
0 comentarios :
Publicar un comentario
Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.