martes, 17 de noviembre de 2015

Euskararen egunak

Euskararen Nazioarteko Eguna dator, urtero legez abenduaren 3an. Aurton euskaldun berriak hartuko dituzte ardatz ekitaldi eta agirietan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek adierazpen bateratu bat kaleratuko dute. Udalei ere proposamen zehatza egin zaie: 'euskaldun berri' izena ematea herrietako leku garrantzitsuren bati, kale, plaza zein aretoen artean aukeratuta. Hiriburuetakoek azaldu dute dagoeneko hori egiteko asmoa. Keinu indartsua da honakoa, euskararen etorkizunarekin estu lotutakoa, euskarara hurbiltzen diren hiztun berriek izango duten egundoko zereginaren berri ematen duena.
Izan ere, euskararen inguruko ospakizunek aldarrikapenetatik haratagokoetarako balio behar lukete, egindakoak aintzat hartzeko noski, baina batez ere etorkizunera begirakoak ondo finkatzeko. Alde horretatik, euskal hizkuntzak orain arteko bidean jauzi berriak lor ditzan euskaradun direnen eguneroko konpromisoa ezinbestekoa da, hizkuntz komunitatera ahalik eta jende berri gehien erakartzearekin batera. Ez da nahikoa euskara ezagutzea, horrekin nekez lortuko baita benetako elebitasuna. Ohikoan erabiltzea da gakoa, plazara guztion ahotan jalgi dadin alea jartzea.
Testuinguru honetan, sustapen lanetan egiten direnen artean 'Poziktibity' kanpainak aipamen berezia merezi du. Asteon izan du aipagai Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, aurrekoaren baitako laugarren bideoaren aurkezpena egiterakoan. Horretan ere euskaldun berriak dira protagonista, horien "presentzia nonahi hedatzea" baitu helburu. Hala, bertokoen zein kanpotik etorritakoen artean euskara ez dakitenek berebiziko garrantzia dute aurrera begirakoan, eta euskal hizkuntzara erakartzeko apustua egin nahi da inoiz baino indar handiagoz.    
Webgune berri bat ere sortu du Jaurlaritzak guzti honekin lotuta: euskaldunberriakalea.eus izenekoa. Atari honetan testu labur bat jarri dute, egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko asmoz. Hala dio, besteak beste: "Euskaldun berria da ez dakiena, hasiberria, ezagutzarik ez duena. Autoaren atzeko partean L-a daramana". Hortik abiatuta honakoa eskatzen du: "Utz ditzagun alde batera aldarrikapenak, etiketak, aurreiritziak. Esfortzuaren, kemenaren balioaz hitz egin dezagun. Merituez. Musutruk egiten diren gauzez. Euskaldun berriei euren erabaki eta esfortzua eskertzeaz hitzak berriz kalera ekartzeagatik". Mezu ederra da, definizioez baino areago borondatearen eta gogoaren balioaz hitz egin gura duena.
1982an Euskararen Legea onartu zenez geroztik, sekulakoak eta bi lortu ditu herritarrek euskarari erakutsi dioten atxikimenduak. Desagertzeko zorian zegoena zeharo indaberritu da azken hiru hamarkadotan, eta aro digitalari arrakastaz ari zaio aurre egiten. Horrek ez du esan nahi aurretik bide luzea ez dagoenik, diglosia gainditu eta benetako elebitasuna erdietsi arte. Baina, ikuspegi historikotik, ikaragarria da 1968an euskararen batasuna abiatu eta 1979an koofizialtasuna lortu zenetik egindako guztia. Euskararen etorkizuna bermatuta dago belaunaldi askotarako, baina ezagutzatik praktikara dagoen aldea laburtzea eta hiztun berriak komunitatera ekartzea dira desafio nagusiak. Abenduaren 3koa ez da adierazpenetarako eguna bakarrik, norbanakoen konpromisoetarakoa izan behar baitu batik bat. Horiek lortuko dute urtero adierazpen gutxiago behar izatea.

 

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes