lunes, 23 de noviembre de 2015

Etengabeko izurritea

Emakumeen aurkako indarkeria edozein gizartek izan dezakeen izurrite larri eta ankerrenen artean dago. Sexu bien berdintasunaren aldeko borroka oso luzea da jada, eta urrats asko egin dira azken hamarkadotan. Baina andrazkoek jasaten duten bortxakeria ez da desagertu, inondik inora. Euskal Herrian eta Espainian hainbat dira euren senar edo bikoteen aldetik tratu txarrak jasaten dituztenak, bai fisikoak eta baita psikologikoak ere. Eraildakoen kopurua beldurgarria da eta arazoa konpontzetik oso urrun dago. Gainera, emakumeen egoera, orohar, are txarragoa da mundu zabalean, bigarren mailakotzat hartzen dituztelako hainbat lekutan, horrek dituen ondorio txar guztiekin.
Hezkuntza sistema eta hortik kanpokoen kontzientziazioa ezinbesteko tresnak dira egoera honi irmotasunez aurre egiteko. Indarkeria agertzen denean bikote harremana ez da, dagoeneko, kontu pribatua, zigor kodearen arabera bideratu beharrekoa baizik. Hori argi izateak eta andrazkoak beti begirunez hartzeak izan behar du abiapuntua orain arteko asko etorkizunean errepika ez daitezen. Azaroaren 25a emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna da, eta guzti hauek gogora ekartzeko data ezin aproposagoa. Honelako desafioei ez zaie bat batean aurre egiten, baina ezin da denborarik galdu, alarma gorria aspaldi baitago piztuta. Eraildakoen tantakadak geraezina ematen du oraindik, eta horregatik da hain beharrezkoa aurrez aurreko borrokari eustea eta emakumeen oinarri oinarrizko eskubideen alde egunero jardutea.
Aurrekoaren harira, Eusko Jaurlaritzak 'Emakumeen aurkako indarkeria Euskadin: herritarren pertzepzioa eta iritziak' izeneko ikerketa plazaratu berri du eta, horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia herritar guztientzat da "onartezina" andrazkoen kontra bortxakeria baliatzea. Zehazki, %96 dira hori uste dutenak. Dena den, hamarretik lauk "salaketa faltsu asko" daudela uste dute, eta %77ren iritziz mota honetako indarkeriak ez du etenik izango gizon eta emakumeen arteko berdintasunik ez dagoen artean.
Eraso motei dagokienez, jotzea da arbuio maila handiena eragiten duena, aurrerago aipatutakoa zehazki. Horren atzetik datoz sexu harremanak izatera behartzea (%88), baimenik gabe norberaren irudiak, argazkiak eta informazioa zabaltzea (%80), mehatxatzea (%75), bikotekidea mugikorrarekin edo sare sozialen bidez zelatatzea (%69), familia eta lagun harremanak mugatzea (%63) eta janzteko modua kontrolatzea (%62). Zoritxarrez, badira hain larritzat hartzen ez direnak ere, bikotekideak gauzak egiteko moduaren aurrean etengabe kexatzea esaterako (%47).
Emakumeren baten aurkako indarkeria baliatzen ari direla jakitean egingo luketenaren inguruan ere galdetu zaie aipatutako inkestan parte hartu dutenei, eta erdiek baino gehiagok (%52) Poliziari deituko liokete, %21ek erasotzaileari aurre egingo lioketela diote eta beste %17k joka ari denari arreta deitzearen alde egin du. Bada, beraz, zertan lan egin eta aurreratu. Kontzientziazio maila handia den arren, asko falta da oraindik onartezinak diren jarrerak salatzerakoan eta tratu txarrak jasaten dituztenei laguntzeko ekiterakoan. Erailtzen edo bortxapean duten emakume bakoitzaren kasua gizarte osoaren ardura da, maila kolektiboan egin behar baitzaio aurre lehen mailako arazo ikaragarri honi.


0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes