jueves, 5 de noviembre de 2015

Errefuxiatuez eta ekonomiaz

Errefuxiatu olde erraldoia sakabanatu da azken hilabete eta urteotan gatazkak jasaten dituzten zenbait herrialderen ingurukoetan, eta baita Europan ere. Afganistan, Irak edo Siria bezalakoek hainbat bizilagun galdu dituzte segurtasun ezak sortzen duen ezinegonak bultzatuta. Turkia, Libano eta Jordania izan ziren hasieran jendetza handiena hartu zutenak, baina azkenaldian Europako Batasunean hasi dira horiek barreiatzen, etsipenetik eta etorkizun ilunenetik ihesean. Ezegonkortasun kronikoa edo zuzenean gerra egoera pairatzen duten horietan ez da konponbiderik atzematen, eta sekulakoak eta bi erasan izan dutenek alde egitea beste aukerarik ez dute ikusi, askotan bizirik iraute hutsezko senak aginduta.
Egoera horrek hamaikatxo buruhauste eragin dizkie Europako gobernuei, eta elkartasunaren mugak jarri ditu begibistan Hungaria edo Polonia bezalako herrialdeetan. Ehunka mila errefuxiatuak nola banatuko dituzten zehazteak lerrokatze ezberdinak ekarri ditu, Batasunaren jatorrizko egitasmoa giza eskubideei dagokienez auzitan jartzeko bestekoak. Aspektu negatiboak eta berez larri dabiltzan aurrekontuei begira hainbeste jende hartzeak ekar dezakeen zama nabarmendu dira gehien, bestelakoak bazter utzita. Baina guzti honetan badago beste errealitate bat, aintzat hartu eta azpimarratu beharrekoa, askoz itxura gozoagokoa izan litekeena.
Izan ere, estrainekoz, errefuxiatuek ekonomiari egin diezaioketen ekarpen positiboa zehazten saiatu da Europako Batzordea. Hiru urtetan hiru milioi errefuxiatu inguru helduko direla uste da, milioi bat aurten. Horrek, jakina, eragina izango du zenbateko makroekonomikoetan eta 2020rako bi edo hiru hamarren gehituko dizkio ekonomiari errefuxiatuen fluxuak. Gerta daitekeenaren inguruan zalantza asko dagoela onartu arren, behin betiko eragina langile berrien kualifikazioaren araberakoa izango dela uste dute Europako agintariek. Gainera, ekonomiak gora jo arren, lan eskua handitzeak ondorio zuzenak izango ditu: Barne Produktu Gordin per capita eta soldata errealak apur bat murriztea, esaterako. Hala, gastu publikoari bi hamarren-edo gehitzea aurreikusten da, herrialdeen arteko aldeak gorabehera.
Ona da errefuxiatuen auzia giza ikuspegitik aztertzea eta horiek ekar ditzaketen onurak azpimarratzea. Euren inguruan sortutako desafioei aurre egiteaz gain, Europako Batasunak bere gaitasun diplomatiko guztia abiatu beharko luke Siriako gerra amaitzen laguntzearen alde batik bat. Hori da jazotako guztiaren atzean dagoena, eta etorri direnei behar duten babesa emateaz gain sakoneko kontuari heldu behar zaio. Hortik aurrera, aukera bihurtu behar da hasiera batean arazo modura agertu dena.
Gainditzeko bidean legokeen krisi ekonomikoaren mamuak ezin du Europako egitasmoa orbanez bete, sortzaileen espiritua berrestea eta indartzea ezinbesteko baita. Gero eta norberekoiago eta itxiago agertzeko arriskuan zegoen Batasunak, gainbehera eta zahartuta dagoen itxura eman izan duenak, badu bere jatorrira jo eta berpizteko modua, nazioartean modu positiboan eragitekoa, giza eskubideen gordelari eta defendatzaile aktibo izatekoa, dinamismo berri bati heltzekoa, barne nahasketak baztertu eta egitasmo koherente eta indartsua abian jartzekoa.

          

0 comentarios :

Publicar un comentario

Gracias por enviarnos tus comentarios. Si cumplen con nuestras normas se publicarán en nuestro blog.

 
prestashop themes